Borondatea euki arren, Batzarretako taldeek ez dabe akordiorik lortu Podemos Bizkaiak hezkuntza arloari buruz aurkeztu dauen proposamenaren inguruan
Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak eta Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeetako batzordekideak bat etorri dira hasierako Arauz Besteko Proposamenaren funtsagaz, eta holan adierazo da batera aurkeztutako zuzenketa-eskean, baina proposamenaren eremua euskal hezkuntza sisteman zentrau behar dala esan dabe.
Hori dala eta, hiru taldeek aurkeztu daben dokumentuak bost puntu jasoten ebazan. Horreen artean, Bizkaiko Batzar Nagusi moduan “euskal hezkuntza komunidadea osatzen daben sektoreek urte luzez egin daben beharra” autortzea eskatzen zan, eta baita horreek adostu dabenaren aurreko errespetua be; Espainiako Gobernuari eskaria egitea, “euskal hezkuntza komunidadeak adostutakoa errespetau daian”; LOMCE indar barik iztea eskatzea; “funtsezkotzat” hartzen da Hezkuntzaren ganean egin daiteken Estadu mailako edozein Akordiok “Euskadiren berezitasuna eta eskubidea” autortu eta errespetetea “hezkuntza arloko lege eta eredu propioa egiteko, onesteko eta gauzatzeko”, eskumenetan egon daiteken edozein murrizketa baztertuz; eta “hezkuntza arloko edozelango uniformizazino eta berzentralizazino” baztertzea.
Eztabaidan, proposamena aurkeztu dauen taldea eta ekimenaren aurrean zuzenketa-eske transakzionala aurkeztu gura izan daben taldeak akordioa lortzen ahalegindu dira. Podemos Bizkaia taldea ados agertu da zuzenketa-eskearen azkenengo lau puntuakaz, eta zuzenketa-eskearen lehenengo puntuaren ordez hasierako proposamenaren bigarren puntua jartea proponidu dau. Halanda be, aldaketa hori gauzatu ez danez, Podemos Bizkaia taldeak, azkenean, zuzenketa-eskea baztertzea erabagi dau.
Jatorrizko proposamena mahai ganean, Foru Gobernua eusten daben taldeek eta EH Bilduk euren argumentuak berretsi ditue. Hiru ordezkariek, Podemos Bizkaia taldearen proposamena zuzenketa-eske transakzionalaren lehenengo puntua jasoten dala adierazo dabe eta, hori dala eta, ez zala zertan ezelango aldaketarik egin behar. Talde Mistoa be ez da ados agertu Podemos Bizkaiaren ekimenaren eukiagaz. Talde Popularra harrituta agertu da, Arauz Besteko Proposamena ez zala erretiretan ikusita, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez daukielako horretarako eskumenik eta Espainiako Gobernuan aldaketea gertatu dalako.
INDARKERIA ESKOLAKO KIROLEAN
Gaurko saioak Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatuaren agerraldia be jaso dau. Talde Popularrak eskatuta, Foru Aldundiak eskolako kirolean edo federauan dagon indarkeria kontroletako ezarri dituan protokoloak zehazteko etorri da Batzordera. Bizkaian ez dala kasu larririk izan adierazo ostean, gai horren ganeko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren esku dagozala adierazo dau. Halanda be, Bizkaiko Foru Aldundia kiroleko indarkeriaren kontrako euskal batzordeko (Kirolalde) kide da. Batzordearen helburua, “indarkeriazko egoeren ganeko informazinoa jasoteaz gain”, jardunbide egokiak bultzatzea, indarkeriazko jokabideak prebenidutea eta kirol jardunbideagaz lotutako balioetan oinarritutako hezkuntzari laguntzea da.
Horri jagokonez, kirolariei eta ikusleei zuzendutako jardunbide onen dekalogoa, benjamin aurreko kategorietako ikasleei bideratutako Heziki programea, eta 2013 – 2014 denboraldian zelai barruko zigor neurri moduan txartel baltza sartu izana aitatu ditu. Euskera eta Kulturako diputatuak azaldu dauenez, joan dan denboraldian txartel baltza lau bider erabili zan. Taldeek berbetako izan daben txandan, EH Bildu eta Podemos Bizkaia bat etorri dira “gehiago egin daitekela” esatean, eta ahozko indarkeriagaz be amaitu beharraren garrantzia azpimarratu dabe. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, Euskal Sozialistak, Talde Popularrak eta Mistoak adierazotakoagaz bat etorrita, aurrera eroaten ari dan beharra jarri dau balioan, eta “kirola zaintzen jarraitzera” animau dau Aldundia.
ONETSI EZ DIRAN PROPOSAMENAK
Eguneko gai zerrendea Arauz Besteko hiru Proposamenen eztabaidagaz eta ondorengo ez onarpenagaz bukatu da. Lehenengoan, Talde Mistoak Argiñetako eleizea eta nekropolia desjabetzeko aukerak aztertzea eskatzen eutsan Foru Aldundiari, Euskadiko Kultur Ondarearen Legean oinarrituta, leku horren gero eta egoera txarragoa saihesteko. Proposamenak ez dau beste ezein talderen aldeko eretxirik jaso, danak uste izan dabelako hori ez dala jarduteko modu egokia. Horrez gain, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek gogoratuarazo dabe Argiñetak badaukala, daborduko, Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazino ekonomikoa, teknikoa eta instituzionala.
Podemos Bizkaia taldearen Arauz Besteko beste Proposamen bi be baztertu egin dira: lehenengoa, Identidade profesionalik bako musikarien jaialdia sortzeko, eta bigarrena, jaubea Aldundia izango dan eta kultura artistikoa eta eszenikoa jasoko dituan kudeaketa publikoko museo eremu artistiko-eszenikoa sortzeko. Lehenengo puntuaren ganeko bozketan proposamena aurkeztu dauen taldea izan da aldeko botoa emon dauen bakarra; Talde Popularra, Talde Mistoa eta Foru Gobernua eusten daben taldeak kontra agertu dira eta, azkenean, EH Bilduk abstenidutea erabagi dau. Modu berean, bigarren bozketan be Podemos Bizkaiak ez dau aldeko botorik lortu; oraingo honetan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ezezko botoa emon dabe barriro, eta Talde Mistoa eta EH Bildu abstenidu egin dira –Talde Popularreko ordezkaria ez egoan aretoan–.