Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Jauregiaren ondare artistikoa balioan jarteko eskatuko deutsie Aldundiari

Euskera eta Kultura Batzordea

Batzarretako talde guztiek, abstenidutea erabagi dauen Podemos Bizkaiak izan ezik, Talde Mistoaren Arauz Besteko Proposamena onetsi dabe gaur goizean Euskera eta Kulturako Batzordean, Foru Jauregian dagozan artelanen, monumentuen eta arkitektura- eta apaindura-osagaien ondarea balioan jarri daian eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari.

Proposamena aurkeztu dauen taldeko ordezkariak ganerako batzordekideei bideratu deutsen proposamenean, Foru Jauregian dagozan artelanen, monumentuen eta arkitektura- eta apaindura-osagaien ikusgaitasuna sustatzeko jarduketak bultzatzea horren kalterako diran osagaiak kentzea eta bisitarientzako azalpen txartel eleanitzak jartea be eskatzen da. Adierazo dauen moduan, euki artistiko handia daukan arren, herritarrek ez dabe Foru Jauregia elementu kultural moduan ezagutzen. Hori dala eta, orain arte egindako beharra aintzatesten dauen arren, Bizkaiko ikono kulturaletako bat bilakatzeko behar egin behar dala esan dau.

EH Bildu eta Talde Popularra ados agertu dira ekimenaren eukiagaz eta motibazinoagaz. Podemos Bizkaiak, barriz, abstenidutea erabagi dau, ekimena “airera zabalik” dagola ulertuta. Bere botoa azaltzeko orduan, “behar besteko baliozkotasuna eta kalidadea daukien elementuak, euren artea balioarazoteko moduan erakusten dirala ulertzen dogu”, adierazo dau Podemoseko ordezkariak. Foru Gobernua eusten daben taldeei jagokenez, aldeko botoa emon daben arren, Foru Aldundiak holango jarduketak daborduko egiten dituala adierazo dabe. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, erakundeak berak egin dauen Foru Jauregiaren interpretazinorako Museologia Planaren Proiektu Proposamenaren idazketea “pausu erabakiorra” dala esan dau.

Proiektua, batzordekideak adierazo dauen moduan, hainbat fasetan eroango da aurrera. Beste ezer baino lehen, antzeko joerak eta proiektuak aztertuko dituan diagnostikoa egingo da, bere ibilpidea eta gaur egungo Ahaldun Nagusiaren egoitza-politiko administratibo moduan beteten dauen lekua laburbilduko da, eta eraikinaren eta gordetan dauen ondare bildumaren ezaugarri esanguratsuenak identifikauko dira. Horrek, balio publikoa sortzera bideratutako oinarrizko kudeaketako interpretazinoko museologia planaren faseari emongo deutso bidea.

ATXURRAKO KOBAZULOA ETA KULTURA ONDAREAREN EUROPAKO URTEA

Eguneko gai zerrendea Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatuaren agerraldiagaz osatu da, Talde Mistoak eskatuta, lehenengo, Berriatuko Atxurrako kobazuloan egin diran ikerketen balantzea egin daian eta, gero, Kultura Ondarearen Europako Urtearen barruan Bizkaian aurreikusitako jardueren egutegia eta eukia zehaztu daizan.

Atxurrako kobazuloari jagokonez, Aldundiko arduradunak azaldu dau Diego Garatek zuzendutako talde arkeologikoak aurrera eroandako lehenengo azterketa kanpaina bietan animalien 113 irudikapen aurkitu dirala, bisonteak eta zaldiak, batez be. Horrez gain, silexezko dozena bi pieza berreskuratzean eta horreen azterlan mikroskopikoa egin ostean, artistek euren artelanak egiteko erabilten ebezan tresnak ezagutzeko aukerea eukiko dogu. Beste alde batetik, aztertutako karbonozko 500 aztarnek, artelanak egiteko eta ikusteko erabilten ziran argiztapen sistemen ganeko idea emoten deuskue. Azterlan hori Foru Aldundiak finantzetan dau, XX. mendearen lehenengo erdialdean J.M. Barandiaranek aztertu ebazan kobazuloak eta bestelango aztarnategi arkeologikoak barriro aztertzeko esparru programaren barruan.

Proiektuak bost urteko iraupena dauka (2016-2020). Epealdi horretan, leku bakotxean egindako lau kanpaina sartzen dira, in situ dokumentazinorako, eta bulegoko azken kanpainea, amaierako memoria eta monografia idazteko, eta gero Bizkaiko Foru Aldundiaren Kobie aldizkariaren BAI seriean argitaratzeko.

Bukatzeko, Kultura Ondarearen Europako Urteari jagokonez, Euskera eta Kulturako diputatuak adierazo dau, “Itzaleko ondarea: miradas al patrimonio oculto” goiburupean Aldundia Bizkaian eroaten ari dan estrategien barruan hainbat jarduera sartzen dirala: normalean jentearentzat zabalik ez dagozan edo heltzeko gaitzak diran lekuetara bisitak antolatzea; kultura ondarea berreskuratzeko eta zaharbarritzeko erakundetik egiten dan beharra azpimarratzea; gehienetan ondare moduan hartzen ez diran elementuak barriro aurkitzea; gurata isilduarazo dan ondarea erakustea; eta 2018. urtea kultura ondarerako funtsezkoa bilakatzen daben efemerideak azpimarratzea, Euskaldunako dikeen 150 urteak edo Bizkaia Zubiaren 125 urteak, beste batzuen artean.

Azkenengo puntu horri jagokonez, EH Bildu taldeak Euskaldunako dikeen eta hirugarren dikean eraikin bat eregitearen ganeko albisteei buruz itaundu deutso Diputatuari. EH Bilduko batzordekideak, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburu nagusia “daukaguna babestea eta defendidutea” izan behar dala esan dau. Bere erantzunean, Lorea Bilbaok “ez eraikuntzarik ezta eraikinik ez dagola” esan dau.

Oposizinoko ganerako taldeek modu positiboan balorau ditue jarduketa horreek, eta urtearen bukaeran balantze bat egitea eskatu dabe, arrakastea baloretako. Modu berean, Gobernua eusten daben taldeek, Bizkaiko kultura ondarea balioan jarte horretan parte hartzeak daukan garrantzia herritarrengana bideratu behar dala azpimarratu dau.