Aurreko Albisteak

Iraunkortasuneko Diputatuak iragarri dauenez, Gipuzkoako hondakinak Mallabiko hondakindegian izteko aukerea baztertuta geratu da

Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Batzordea

Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Diputatuak jagokon Batzordearen aurrean gaur goizean adierazo dauenez, “holan erabagiten bada”, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontsejuan bihar onetsiko dan lankidetzarako hitzarmenaren bitartez gauzatuko dan aurreakordioa dala eta, Mallabiko hondakindegiak ez dau hartuko Gipuzkoatik datorren hondakinik. Halanda be, hitzarmen horrek “hondakinak tratetatik igaroten dan alternatiba bat eskiniko dau, Bizkaiko Udalei eskintzen jakena bezalakoa, tratamentu horretarako ezarrita dagon hierarkia jarraituz”. Agerraldiak, EH Bilduk eta Talde Mistoak egindako eskari bikotxari erantzun deutso.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, “erakundeen arteko lankidetza” moduan Foru Aldundiak Gipuzkoako hondakinak jasoteko egin dauen eskintzak arrazoi biri erantzuten deutse. Alde batetik, “udalerri horretan instalautako hondakindegi pribadu batek Gipuzkoako hondakinak jasotearen kontra egoan Mallabiko herriaren arazoa konpontzea”; eta bestetik, “0 hondakin gordinaren helburua defendidutea”, Bizkaiko Uri Hondakinen Kudeaketarako II. Planean ezarten dan moduan.

Hitzarmena 2019ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, denpora eremu bi ezarten dituan arren. Urte honetako irailaren 1etik abenduaren 31ra, 1.300 tona hondakin tratauko da aste bakotxean, gitxienez 20.000 tona eta gehienez 25.000 tona, hain zuzen be. Zenbatekoa, tratamentuaren kostu erreala –119,76 euro/tona bakotxeko– eta Bizkaiko hondakinen kudeaketa fluxuen eta tratamentuaren aldaketarengaitiko konpentsazinoa –15,54 euro/tona bakotxeko– batzetik lortzen dana izango da.

2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra luzatuko dan bigarren epealdian, gitxieneko kopurua 25.000 tonakoa izango da, eta gehienekoa 60.000 tonakoa. Zenbatekoa bera izango da, tratamentu mekaniko biologikoko Gipuzkoako plantan aurre-tratamentuari jagokozan lanak egin ahal izan arte; lan horreek egin ahal diranetik aurrera, Bizkaian uri hondakin solidoaren tratamentuaren kostu erreala baino ez litzateke ordainduko. Elena Unzueta Diputatuak adierazo dauen bezala, Bizkaiak ez dau kalterik jasango.

Taldeen esku-hartzearen txandan, oposizinoko hainbat ordezkarik antzeko eretxiak erakutsi ditue. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek, euren aldetik, Eusko Jaurlaritzak gai horretan “ez dauela ezer egin” adierazo dabe. Talde Popularrak, bere aldetik, bat egin dau EH Bilduk eta Talde Mistoak, Zabalgarbik eta TMBk, Bizkaiko hondakinak trateteari itzi barik Gipuzkoako hondakinak jasoteko daukien gaitasunaren gainean egindako galderagaz. Iraunkortasuneko Diputatuak zalantza hori argitu dau, teknikoen artean ondo aztertu eta gero hartutako erabagia dala, eta lurralde bietako hondakinetarako lekua egongo dala esanez.

Kritikoago agertu da Podemos Bizkaia taldea, bere ordezkariaren bitartez, Bizkaiak eta Gipuzkoak “ez dabela indarrean dagon araudia beteten” esatean, “euren Hondakinen Planak iraungituta dagozalako”; Hondakinen Politikaren gainean “gardentasun gehiago” be eskatu dau. Lehenengo gaiari jagokonez, Aldundiko arduradunak gogorararazo dau orain aste batzuk Batzar Nagusiek II. PIGRUBaren indarraldia luzatu ebela, eta batzordekideak eskatzen eban “gardentasunari” jagokonez, barriz, Aldundiak diskrezinoz eta Batzarrak errespetatuz jardun dauela esan dau.

Euzko Abertzaleak taldearen ordezkariak azpimarratu dauenez, “Bizkaiak zero hondakin gordinaren alde egin dauen apustuak irabazi dau, Mallabiko udalerriaren erabagiak irabazi dau, eta kudeaketa aukeren ganeko hierarkia komunitarioak irabazi dau”. Batzordekide sozialistak, bere aldetik, bere taldeak 0 hondakin gordinaren helburuagaz daukan konpromisoa berretsi dau.

SAI ARREAK LOIUKO AIREPORTUAREN INGURUAN

Elena Unzueta diputatuak Talde Mistoak egin dauen bigarren agerraldi eskariari erantzun deutso, joan dan maiatzaren 6an Loiuko aireportuaren inguruan Vueling konpainiako hegazkin komertzial batek sai arre bategaz talka egin izanaren eta espezie horrek Bizkaian daukan presentziaren ganeko datuak emoteko. Aldundiko arduradunak esan dauenez, bere saila eten barik dago AENAgaz lankidetzan, Arriskuen Kudeaketarako Batzordearen bitartez, eta aireko enpresak orain aste batzuk jakinarazo eban 2017an 107 sai arre ikusi zirala, eta 2018an daborduko 30 izan dira. Horrez gain, esan dauenez, gehiago ikusten diran lekua Durangaldeko mendialdea da. 2017an bertan 71 arre bikote zentsau ziran, 2016an baino bat gehiago.

Elena Unzuetak, Karrantzan dagoen Bizkaiko sastegi bakarra be aitatu dau. Horri jagokonez, Talde Popularraren erantzun-eskeari erantzunez, zezeilaren 16tik apirilaren 20ra sastegiko hornidurak behera egin dauela azaldu dau, euri indartsuak dirala eta kamioia ezin zalako bertaraino heldu.

OTEI FINKEA

Gaur goizean egin dan Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Batzordea, Talde Mistoak Otei finkea baliarazoteko bultzatu dauen Arauz Besteko Proposamena onartuz osatu da. EH Bildu eta Podemos Bizkaia kritiko agertu dira Foru Aldundiak finkari emon gura deutsan erabilerea ikusita; halanda be, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak esan dau behar hori egiten ari dala daborduko, baina proposamena egokia izan daitekela “gogorarazoteko”.