Aurreko Albisteak

Orain 400 urte sorginkeria zala eta eragindako zigorrengaitik egin dan parkamen eskaeran hartu dabe parte Bizkaiko Batzar Nagusiek

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Merinaldearen Egunaren ospakizunean hartu dau parte gaur goizean, Gerediagako Batzarretxean, orain 400 urte, eskualdeko agintariek, sorginak ei zirala eta, hainbat emakumeri ezarritako zigorrak gogoratuz. “Hemen batutako Durangaldeko Batzarrak eta Gernikako Arbolaren azpian alkartutako Bizkaiko Batzarrak, Logroñotik edo Madrildik etorritako inkisidoreak eurak baino gogorragoak izan ziran ustezko sorgin hareekaz”, Azaldu dau Otaduik bertara joan diran agintarien aurrean.

Hori dala eta, “Gerediagan alkartzen ziran ‘leialakaz’” gertatzen ez dan moduan, emakume hareen izenak ezagutzen ez doguzan arren, Presidenteak “euren inkonformismo legadua eta askatasunaren aldeko oihua” errebindikau gura izan ditu gaur. Horrez gain, Batzarretako erakundetik apustua egin dau “emakumeen eta gizonen arteko bardintasun eraginkorragoaren eta benetakoaren aldeko pausuak emoteko, behin betiko amaierea jarteko emakumeen kontrako indarkeriari”, Batzar Nagusiek “gure Bizkaiko historiako emakumeak ikusgai bilakatzeko” daukien konpromisoa berresteaz aparte.

Gaur sinatu dan adierazpenak jasoten dauen, eta narratzaile gisa aritu dan Maite Arresek esan dauen moduan, aurton 400 urte beteten dira, sorginkeria zala eta Astolako kartzelan atxilotuta egozan azkenengo emakumeak libre itzi ziranetik. Urtebete lehenago, Durangoko Merinaldeko leialek (alkateek), Gerediagako Batzarretxean alkartuta, “sorginak” jazarteko erabagia hartu eben, Alonso Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramuriko epaiketen ostean egin eban txostenak esaten ebana baztertuta. Txosten horretan adierazoten ebanez, sorginkeria, kulturarik bako gizartearen mitoen eta bildurren ondorioa baino ez zan. Gertakizun horreen ikerketa lanak Jon Irazabal historiagileak, Historias de mujeres, clérigos y legos en las “Tierras de Durango” liburuxkaren egileak, egin ditu.

Ekitaldia Basurtuko Beti Jai Alai neska dantzarien ekitaldiagaz hasi da, musikaren doinuakaz Jaurrieta dantzatuz. Horren ostean, baseleiza barruan, Felix Arkarazo durangarrak gidatuta, Batzar Nagusietako Presidenteaz gain, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Mankomunidadeko presidenteak be egin dabe berba.

BIZKAIA ETA DURANGALDEA BERE “SORGINEI” BARKAMENA ESKATZEN DEUTSIE 400 URTE GEROAGO

Adierazpenean, orain 400 urte agintariek hartu ebezan erabagiengaitik emakume hareen ondorengoei parkamena eskatzeaz aparte, Gerediagan alkartu diran agintariek, euren erakundeetan gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren eta pentsamentu, kontzientzia eta sinesmen askatasunaren kontra dagozan ekintza guztiak gaitzetsiko dituela zin egin dabe.

Sinatu dabenen artean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea; Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Mankomunidadeko presidentea; Jose Luis Navarro Donaire Abadiñoko alkatea; David Covos Sarraoa Atxondoko alkatea; Lorea Rementeria Totorika Berrizko Udaleko zinegotzia; Jose Maria Andres Ibañez de Garaio Durangoko Udaleko zinegotzia; Idoia Buruaga Barcena Elorrioko alkatea; Gontzal Sarrigoitia Oregi Garaiko alkatea; Iñaki Totorikaguena Sarrionandia Iurretako alkatea; Eva Mª Muñoz Irasuegi Izurtzako alkatea; Igor Agirre Barrientos Mallabiko alkatea; Endika Jaio Bilbao Mañariko alkatea; Miren Urgoitia Areitio Otxandioko Udaleko zinegotzia; eta Eneritz Azpitarte Aranzabal Zaldibarko alkatea egon dira.