Aurreko Albisteak

Herritarren Parte Hartzearen ganeko Azterlanaren txostena Batzar Nagusietako Osokoan bozkatuko da

Herritarren parte hartzearen gaineko Azterlanak

Gaur goizean, Batzarretako talde guztietako ordezkariek, Herritarren Parte Hartzearen ganeko Azterlanaren ondorioen txostenari buruzko euren azkenengo balorazinoak emon ditue, oposizinoko talde guztiek egin dituen azkenengo proposamenak jaso ostean. Gehien bat aldekoa izan dan bozketaren ostean –Podemos Bizkaia eta EH Bildu izan dira boto partikularra emon daben talde bakarrak– dokumentua Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoan landuko da.

Batzarretako talde guztien eretxi nagusia jasoten dauen “topaketarako eta adostasunerako” dokumentua, Herritarren Parte Hartzea Aztertzeko Batzordean aritu diran eta horren gainean gogoetak eta proposamenak egin dituen hamahiru adituen agerraldiaren emaitza da. Jon Sánchez Batzordeko Presidenteak azaldu dauenez, txostena, 2016ko martian hasi zan eta “talde moduan egin dozuezan eta batzeko balio daben oharrak eta iradokizunak” jasoteko ahalegina egin dauen prozesu “luze eta nasaiaren” ostetik dator.

Horrez gain, dokumentuaren amaierak, Bizkaiko Foru Aldundira eta Bizkaiko Batzar Nagusietara zuzendutako hainbat “eginbehar zehatz” aitatzen ditu. Aldundiari jagokonez, dokumentu hau onetsi eta hiru hilebeteko epean, lanerako proposamena eta jarduketa ildoak aurkezteko eskatzen jako. Batzar Nagusiei, barriz, “funtzionamentuko prozesuak aztertzeko eta hobetzeko konpromisoa hartzea” eskatzen jake, “dekalogoan jasoten diran aholkuetan oinarrituta”, “egokiak izan daitekezan partaidetzarako tresnak eta kanalak zeintzuk diran” ikusteaz gain. Gainera, dokumentuak gogoetarako deia be egiten dau “Batzar Nagusi honeek daborduko badaukiezan araudiak aldatzeko eta hobetzeko, erakundeak eta taldeek holan ikusten badabe”.

Bere balorazinoan, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, partaidetza orokorra handitzeko beharra azpimarratu dau, gaur egun herritarrak, “zelanbait eurengan eragina daukanarengaitik baino ez dirala arduratzen” esanez. Bere berbetan, behar hori egin behar dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek. Horrez gain, azken horreek euren burua gehiago ezagutuarazo behar dabe, parte hartzea bultzatu ahal izateko.

Jesús Isasi batzordekideak, bere aldetik, bereiztu gura izan ditu Aldundiaren eta Batzar Nagusien eginbeharrak: “Podere bereizketea egon behar da erakunde betearazlearen eta legegilearen artean, eta biak bata besteagaz bateragarri izan”. Gainera, Herri Ekimen Legegilea eguneratzea be eskatu dau, bere eretxiz “zaharkituta” geratu dalako, Batzar Nagusien aurreko arautegiari buruzkoa da eta.

Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, bere aldetik, dokumentuan hainbat puntu falta dirala adierazo dau: partaidetzaren definizinoa eta xedea; prozesu horreek aurrera eroan ahal izateko baliabide ekonomikoak bideratzea; orain arte egindako beharraren ebaluazinoa eta azterketea; eta foroak eta online eta offline guneak sortzea. Modu berean, Neskutz Rodríguezek adierazo dauenez, txostenean genero ikuspegia kalidadezko partaidetzea bermatzeko baldintza moduan jasoten da, eta gomendioa edo betebeharra izan beharko litzateke.

David Lopategi EH Bilduko ordezkariak adierazo dauenez, ondorioen txostenaren azken bertsinoak ez dau bere taldea ordezten; horri jagokonez, beste puntu batzuen artean, “Bizkaiko Foru Aldundiaren larregizko pisua” aitatu dau. Podemos Bizkaiak egin dauen moduan, Lopategik azpimarratu dau ez dala sartu zer dan partaidetzea eta zertarako gura dan definiduten dauen atalik. EH Bilduren proposamenei jagokenez, “oso modu nasaian” sartu dirala adierazo dau, eta, hori dala eta, “esku zabalago jokatu izan balitz, dokumentu osotuagoa eukiko gendukela” adierazo dau.

Euskal Sozialistak taldetik, Begoña Gilek esan dau bat datorrela dokumentuan sartu diran Podemos Bizkaia taldearen azkenengo ekarpen gehienakaz, foroak sortzeko proposamenagaz izan ezik. Gainera, ukatu egin dau Neskutz Rodriguezek ebaluazino eta analisi faltea dala eta esandakoa. Txostenak jasoten dituan konpromisoen artean, Begoña Gilek ekonomia, gizarte eta erakunde arloko eragileakaz izan beharreko lankidetza indartzearena aitatu dau, “partaidetzaren kulturea sortzeko”, hori dalako helburu nagusietakoa.

Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Sánchezek zoriondu egin ditu han alkartu diran guztiak, eta talde bakotxak alkar entzuteko eta bat egiteko lekuak aurkitzeko egin dauen ahalegina balioan jarri dau. EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak boto partikularra emon daben arren, talde guztien jarrerea eta beharra ikusita oso pozik dagola adierazo dau batzordekide jeltzaleak.