Aurreko Albisteak

Bizkaibuseko SAEren eguneratzeak ikusmen urritasuna daukien personentzako informazino sistemea hobetu dau

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohe. Batz.

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatua jagokon Batzordearen aurrera etorri da gaur goizean, Bizkaibuseko EMB emakidadunaren lineetan Ustiapenari Laguntzeko Sistema komuna (SAE) barriro jartearen eta horrek ekarri dauen hobekuntzaren gainean berba egiteko, Podemos Bizkaiak eskatuta. Zehaztu dituan aurrerapenen artean, SIO izeneko ikusmen urridunentzako Informazino sistemaren ordez SIENA izenekoa jarri izana dago. Hobekuntza hori datuen sintetizazinoan islatuko da batez be, geralekuei buruzko informazinoa hain robot itxurakoa ez dan ahotsaren bitartez emonez.

Batzordean bost emakidadunen –EMB izan ezik, oraindino bere sistemen integrazinoa hasi barik eukalako– flotaren sistemaren migrazinoa egiten ari zala iragarri eta hiru hilebete igaro diranean, Aldundiko arduradunak iragarri dau gaur migrazinoa bukatu dala Bizkaibuseko operadore guztietan, EMB barru dala. Aldaketa hori Ustiapenari Laguntzeko Sistemea –ibilgailua non dagon denpora errealean jasoten dau– eta txanponarena –diruaren kudeaketa informatizaua– sistema bakarrean integretean eta seinale guztiak EG bitartez transmitidutean islatzen da.

Horri jagokonez, Vicente Reyes diputatuak, SAE eguneratu danetik sartu ahal izan diran hobekuntzetako batzuk zehaztu ditu. Alde batetik, billeteen salmenta eta SAE sistemetan integrauta dagon hardwarearen modernizazinoa. Beste alde batetik, ikusmen urritasuna daukien personentzako informazino sistemaren gainean daborduko aitatu dan aurrerapena, orain arte hardware bitartez egiten zalako, eta hemendik aurrera software bitartez egingo dalako; hobekuntza horri esker ezinezkoa da “geralekua konturatu barik igarotea, sistemak modu automatikoan adierazoten deutselako zein dan hurrengoa”.

Segurtasunari jagokonez, gidariak, lehen bezala, pisoia eta tekla bi izango ditu CUBEko tekladuan “sistema zentralera deia egiteko, bat preminazkoa ez dana, eta bestea larrialdietakoa”. Halanda be, gidariaren eta kudeaketa zentroko operadorearen arteko komunikazinoa “noranzko bikoa eta denpora errealekoa” izango da hemendik aurrera. Horrez gain, IP kamaretan oinarritutako bideo-zainketa sistemea instalau da.

Azkenengo hobekuntzea, autobus barruko SIAM Informazino Sistemaren instalazinoa izan da, Bizkaibuseko pantailetan eta displayetan; horrek hobekuntza garrantzitsua sartuko dau geralekuei, loturei eta garraio aldaketei buruzko autobus barruko informazinoan.

Esku-hartzeko txandan, Podemos Bizkaiak, sindikatuek segurtasun sistemen funtzionamentu okerraren gainean emon daben informazinoan zentrau ditu bere kritikak, eta autobusetan egiten diran azterketek sistema horreen ebaluazinoa be jasotea eskatu dau. EH Bildu, Talde Mistoa eta Talde Popularra idea horren alde agertu dira. Horren gainean, Aldundiko arduradunak eta Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak, “zalantzak zabaltzen ez aritzeko” eskatu deutsie Podemos Bizkaiako ordezkariari.

Beste alde batetik, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak EH Bilduk egindako ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse, Bizkaibusek Markinan daukan geralekuaren aldaketaren eta bulego zentraletan behar egiteko analista informatiko plazan euskerako B1 hizkuntz eskakizuna ezartearen inguruan. Lehenengo puntuari jagokonez, Vicente Reyesek adierazo dau Markinako Udalak geratu egin dauela, zirkunbalazinoan, egungo geralekutik 200 metrora, markesinea daukan autobus geralekua egitea bilatzen eban lizitazinoa. Azaldu dauenez, Markinako Udalak geroago planteau dituan ideek 500.000 euro baino gehiagoko inbertsinoa eskatzen eben, hasierako proposamenak 75.000 euroko kostua eskatzen eban bitartean. Bigarren gaiari jagokonez, Vicente Reyesek esan dau hori dala bere lanpostuan tresnak erabilteko eta hartu-emonak euskeraz izateko eskatzen dan gitxieneko mailea.

ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Eguneko gai zerrendea, onetsi ez diran Arauz Besteko Proposamen bigaz eta azkenean landu ez dan hirugarren bategaz osatu da. Talde Mistoak bultzatutako lehenengoak, Bizkaibuseko autobusetan dagozan segurtasun-uhalak hobeto erabiltea zelan sustau daiken aztertzea eskatzen eban. Foru Gobernua eusten daben taldeek adierazo dabenez, idea hori jasota dago daborduko joan dan maiatzaren 11n batzorde berean onetsi zan zuzenketa-eskean. Proposamenaren alde EH Bildu baino ez da agertu, eta Podemos Bizkaiak abstenidutea erabagi dau, “proposamena gehiago sakondu” behar dala esanez.

Arauz Besteko bigarren Proposamena EH Bilduk bultzatu dau, eta, udal eskumeneko autobus zerbitzurik ez daukien udalerrien barruan egiten diran joan-etorri ugarietarako Bizkaibuseko zerbitzuko tarifikazino berezi murriztua ezartea aztertzeko eskatzen eutsan Foru Aldundiari. Ekimen hori be baztertu egin da, izan be, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa alde agertu diran arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak ezezko botoa emon dabe. Kasu bietan, Talde Popularrak ez dau hartu parte ez eztabaidan ezta bozketan be, ez dalako bertan egon.

Talde Popularraren azkenengo ekimenak aireporturako autobusen maiztasuna handitzea eskatzen eban. Ez da bozkatu, Bizkaiko Foru Aldundiak daborduko egin dauelako aldaketa hori.