Aurreko Albisteak

Bocineros-Deiadar Xtreme ultra traila sortu da

2018ko irailaren 14tik 16ra, Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren lehenengo edizinoa ospatuko da. Ultra distantziako non stop formatuko mendi lasterketea da, 200 kilometroko distantzia eta metatutako 22.000 metroko maila aldaketea daukana. Bizkaia osoa zeharkatuko dau, bost Deiadar mendiak (Ganekogorta, Gorbeia, Kolitza, Oiz eta Sollube) eta Bizkaiko Batzar Nagusietako hiru egoitzak (Abellanedako Batzarretxea, egungo Enkarterriko Museoa; Gerediagako foru zelaia; eta Gernikako Batzarretxea) igaroz. Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egin dan aurkezpenean Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Oihan Arzua Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren Zuzendariak eta Fernando Pérez Zuzendari teknikoak hartu dabe parte.

Mila persona baino gehiagok Oizeko tontorrera igon eta Batzarretarako ohiko deian parte hartu eta pare bat egunera, Presidenteak kirol proba horrek “kulturea, historia eta tradizinoa, ingurumenaren aurreko errespetua, naturaren aurreko maitasuna, sakrifizioa eta gaiztasunak gainditzeko ahalmena” erakusten dituala adierazo dau gaur.

Hori dala eta, Bizkaiko Batzarren ordezkari nagusi moduan, ez dau zalantzarik izan, bera buru dan erakundeak ekimen horri laguntzean daukan “poztasun berezia” adierazoteko orduan. Ganera, esan dauenez, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzarretxeek euren ateak “parez pare” zabalduko deutsiez irailean “mendiko lasterketa horretako partaideei, antolatzaileei eta laguntzaileei”.

Trail 52 Sport Mendi Kluba mendi taldeak antolatutako parerik ez dauen (penintsula osoan egiten dan 200 kilometroko lehenengoa da) eta urteerea eta helmugea Gernikan, Arbolaren oinetan bertan, dituan proba horrek Bizkaiko Historian ditu sustraiak. Erdi Aroan, bozina naturalak (adarrak, itsasoko barraskiloak…) erabiliz, Bizkaiko Lurralde Historikoan modu estrategikoan dagozan bost Deiadar Mendietako tontorretatik Bizkaiko Batzar Nagusietarako egiten zan deialdi mitikoa omentzeko sortzen da.

Bocineros-Deiadar Xtreme ultra traila, Bizkaia beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera pare bakoa da, arineketan eta oinez, egunez eta gauez, 200 kilometrotan zehar, 32 udalerri (Bizkaiko lurraldea osatzen daben 112ren ia herena), 20 uri eta landa nukleo, hamar mendizerra eta mendikate, 25 tontor eta parke natural bi hartzen dituan ibilpidean. Gernika lasterketaren hasierako eta bukaerako puntua izateaz gain, probak 18 anoa puntu izango ditu, eta puntu horreetan, lasterkariek jateko eta edateko aukerea izango dabe, eta baita erropaz aldatzeko, dutxetako, masajea hartzeko edo atseden hartzeko bi, Bizitza Base bietan: Balmasedan (90. kilometroa) eta Barazarren (156. kilometroa). Anoa puntu horreetako bi Batzar Nagusien egoitza bitan egongo dira: Abellanedan (71. kilometroa) eta Gerediagan (175. kilometroa), eta baita uri gune batzuetan be, Gamizen, Zamudion, Bilbon edo Sodupen, besteak beste.

Izen emateak www.bocinerosextreme.com webgunearem bitartez egingo dira. Bertan, interesatuek horren ganeko xehetasun guztiak aurkitu ditue; epea abuztuaren erdialdean amaituko da.

Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailak erakundeen laguntzea dauka, Bizkaiko Batzar Nagusiena, Urdaibaiko Erreserbako Patronatuarena eta Gernikako Udalarena; eta Land etxeak eta Gurutze Gorriak be babesa eskintzen deutsie.

INGURUMENAREN ERRESPETUA

Gure historia bultzatzeaz eta ezagutuarazoteaz gain, Bocineros-Deiadar Xtreme lasterketea, gure lurrak naturaren eta paisajearen ikuspegietatik dituan balioak erakusteko be sortu da, kirolariak eta ikusleak hartu-emon estuan jarriz Bizkaiko natura, historia eta etnografia ondareagaz. Ildo horretan, lasterketak, alde batetik, igaroten dan bide balizauak bultzatuko ditu, GRak (Ibilpide luzeak), PRak (Ibilpide laburrak), eta Donejakue Bidea (ibilpidearen %75 baino gehiago), eta, beste alde batetik, mendiko bideak eta bidexkak berreskuratzea be bilatzen dau, hori guztia erakunde publikoakaz lankidetza estuan.

Aldi berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren baimen guztiak dituan lasterketaren balio garrantzitsuenetako bat, ingurumenaren aurreko erabateko errespetua izango da, naturaren, paisajearen eta etnografiaaren ikuspegietatik dituan balio altuak dirala eta. Horrez gain, probaren antolatzaileek, probak igaroko dituan espazio naturalen erabilera iraunkorra eta arduratsua sustatuko dabe.

Konpromiso hori bermatu ahal izateko, lasterketaren araudian antolatzaileek hainbat neurri ezarri ditue. Horreen artean dagoz partaide kopurua mugatzea, anoa puntuetan edalontzirik ez erabiltea (lasterkari bakotxak berea eroango dau, antolakuntzak emondakoa), lasterkari bakotxak eroango dituan bildukin guztiak dortsalaren zenbakiagaz marketea, antolatzaileek material birziklagarria edo barriro erabili daitekena erabiltea, eta igaroten dan lekuetatik lasterketaren ezelango aztarnarik ez izteko konpromiso sendoa.

Trazauan, partaideek euren gaitasun atletikoak eta teknikoak eta erresistentzia erakutsi beharko ditue, mendiko ingurunean, 1.500 metroetara hurbilduko diran altuerakaz eta lurra, zelaia eta harkaitza txandakatuko dituen azalerakaz. Eremu ezin hobea mendizaletasunaren balioetan murgiltzeko, lasterka

ri bakotxaren muga fisikoak eta burukoak proban jarteko eta gainerako lehiakideakaz eta norberaren buruagaz lehia garbian neurtzeko.

LASTERKETA BAKARRA, HIRU DISTANTZIA: 200K, 105K, 45K

200 kilometro eta 22.000 metroko maila aldaketea daukan Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren gogortasuna dala eta, proba hori, erresistentzia fisiko eta mental handia daukien lasterkariei eta mendizaleei mugatuta dago. Helmugara helduko diran lehenengoek 30 ordu inguruko lasterketea bete eta gero egingo dabe, eta azkenengoek 56 orduko mugea izango dabe ibilpidea beteteko. Segurtasuna bermatzeko, dortsal kopurua 200era mugatuta egongo da.

Exijentzia horregaz jabetuta, antolatzaileek beste lasterketa laburrago bi be aurreikusi ditue, Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren partaideen aukerea zabaltzeko eta Deiadar Mendiak kirolaren ikuspegi horretatik ezagutzeko aukerea emoteko: Deiadar Ultra: 105 kilometro eta 10.400 metroko maila aldaketa metatua daukan ultra traila da, urteerea eta helmugea Gernikan dituana. Busturialdeko, Lea Artibaiko eta Durangaldeko 19 udalerri igaroko ditu, eta anoa puntuak izango ditu Bermeon, Busturian, Kortezubin, Ereñon edo Aulestin, besteak beste. Hamar mendi igoko ditu, horreen artean Sollube eta Oiz Deiadar Mendiak, eta Urdaibaiko Erreserbea eta aitatutako eskualde horreetako 5 mendizerra eta mendikate igaroko ditu.

Deiadar Maratoia: 45 kilometro eta 4.000 metroko maila aldaketa metatua daukan mendiko lasterketea da urteerea eta helmugea Gernikan dituana. Busturialdeko 10 udalerri igaroko ditu, eta anoa puntuak izango ditu Bermeon, Busturian edo Foruan, besteak beste. Bost mendi igoko ditu, horreen artean Sollube Deiadar Mendia, eta Urdaibaiko Erreserbea eta aitatutako eskualde horretako 3 mendizerra eta mendikate igaroko ditu.

MENDIKO MARTXAK

Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailaren osagarri moduan, bost Deiadar Mendietara igotzeko lehiaketatik kanpoko martxak antolatuko dira, jente guztiak lasterketak jarraitzeko aukerea euki daian.

Martxa horreek, kirol probako lehenengo sailkatuak tontorretatik igaroko diran uneagaz bat etorriko dira, lasterkariek ikusle guztien berotasuna eta animoa sentitzeko aukerea izan deien.

Hori dala eta, martxa horreen artetik hiru gauez egingo dira (Kolitza, Ganekogorta eta Gorbeia), eta hori beste pizgarri bat izango da partaideentzat.

Lotutako artxiboak: