Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako diputatuak Zaindarien Estatutua aurkeztu dau Batzarretako taldeen aurrean

Gizarte Ekintzako Batzordea

Isabel Sanchez Robles Gizarte ekintzako diputatuak Zaintzaileen Estatutua aurkeztu dau gaur goizean jagokon Batzordearen aurrean. Neurri horreen helburua, menpekotasuna daukien personen zainketa lanak aintzatestea eta laguntzea da.

Aldundiko arduradunak taldeen aurrean adierazo dauenez, Bizkaiak gaur egun Familiako Ingurunean emoten diran Zainketengaitiko Prestazino Ekonomikoaren (PIZPE-PECEF) 17.491 onuradun ditu, eta beste horrenbeste zaindari. Ildo horretan gaur emon diran datuek erakusten dabenez, menpekotasun egoeran dagozan personen %80 baino gehiagok euren etxean geratzeko borondatea erakusten dabe eta, beraz, beste persona batzuen zainketea behar dabe. Ohiko soslaia 61 urteko emakumea da; menpekotasuna–II. gradukoa batez be– daukan 71 urteko personaren bikotekidea edo alabea.

3,7 milioi euroko aurrekontua izango dauen Estatutuan gehiago sakonduta, Isabel Sánchez Robles diputatuak sei bloketan banatu ditu dagozan zerrendak. Lehenengo, zainketa informalen administrazino eta lege aldeko autorpenaren sustapena, uda aurretik, Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuan jasoko diran neurriak arautuko dituan foru dekretua onetsiz. Beste alde batetik, zaindarien borondatezko gizarte prebisinoaren sustapena, zaindariaren borondatezko ekarpenaren bitartez, Foru Aldundiaren ekarpen gehigarriak osatutakoa. Neurri hori 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Hirugarren lekuan, zaindarien informazinorako eta laguntzarako zerbitzu integralaren sustapena. Laugarren tokian, prestakuntzea eta lan arloko birkualifikazinoaren bultzadea, irailean Zaintza Eskolea martxan jarriz eta ZaintzAPP aplikazino teknologikoa aurrera eroanez. Bosgarrena, hilebete bitan egingo dan pilotatzea, 90 osasun azterketa barru dirala, zainketaren ondorioz sortutako patologia ohikoenak ezagutzeko eta zainketa lanen segurtasuna eta ergonomia sustatzeko. Eta, bukatzeko, zaindarien aldizkako atsedenaldiaren bermea.

Euren esku-hartze txandan, Batzarretako taldeek, diputatuari gaur azaldutakoaren ganeko hainbat gai bideratzeaz gain, Talde Popularrak eta Podemos Bizkaiak kritikau egin dabe dokumentua Batzarretara berandu heldu izana. Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk, proposamen barriak aurkezteko orduan eragileen eta sindikatuen partaidetzea oso garrantzitsua dala azpimarratzean zentrau dabe euren hitzaldiaren parte bat. Euskal Sozialistak taldearen aldetik, ordezkariak “proiektuak, espektatiba onenakaz aurrera urtetea” opatu dau, eta “etorkizunean finkatutako errealidadea izan daiten danok lagundu behar dogula” adierazo dau. Ildo berean, batzordekide jeltzaleak, estatutua “neurri koherente eta egokien” moltsoa dala esan dau, eta Bizkaiko Foru Aldundiak behar egiteko orduan erakutsi dauen “ekidadea” balioztatu dau.

BIZKOTXALDE ZENTROAREN EGOEREA

Gaurko saioa, Isabel Sánchez Robles diputatuari zuzendutako azkenengo agerraldi eskariagaz osatu da, EH Bilduren aldetik, Basauriko Bizkotxalde egoitzak gaur egun bizi dauen egoerea zehazteko. Gizarte Ekintza Saileko arduradunak azaldu dauenez, Egoitzen Foru Sare Publikoaren esku dagon foru titulartasuneko zentroa da, eta plaza guztiak Foru Aldundiaren esku jarri dira. Horrez gain, esan dauenez, “kontzertazino barria indarrean sartu” eta lehenengo bost hilebeteetan, egoitza okupazinoaren %96tik gora egon da, okupazinoaren %98a publikoa izanda. Gainera, adierazo dauenez, “egoitzak kontzertazinoaren klausula guztiak beteteko konpromisoa hartu dau, orain denpora gitxi argitaratu dan hitzarmen kolektiboaren aplikazinoa barru dala”.