Mila persona baino gehiago heldu dira Oiz mendira, Batzarretarako dei tradizionalean parte hartzeko
Deiadar Mendien Eguna
Batzar Nagusiek Durangoko Alpino Tabira mendi taldeagaz batera antolatu daben mendiko ibilaldia goizeko 09:00etan hasi da
Gerediagako Batzarretxetik oso gertu dagon Bizkaiko Garai herri txikian. Lehenengo mendizale taldeak 11:30etik aurrera hasi dira Oizeko 1.026 metroetara ailegetan. Tontorrean, eguerdiko hamabietan, Batzar Nagusietara deitzeko tradizinoa bete da, kondairak esaten dauenez Erdi Aroan egiten zan moduan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004tik antolatzen dabe jardunaldia, erakundea garai modernoan barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta. Urte horretatik milaka izan dira bost deiadar tontorretakoren batetik (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta) adarraren soinua entzun ahal izan daben adin guztietako bizkaitarrak. Lurraldeko kronista batzuek, Antonio Truebak, adibidez, esaten dabenez, XIV. eta XV. mendeetan Gernikako Arbolaren azpian egiten ziran bileretara deitzeko moduetako bat zan.
Tontorrean, ohorezko aurreskuaren eta dantza tradizionalen ostean, Alpino Tabira taldeko ordezkariak Bilboko Gailurra taldeko ordezkariari emon deutso adar ofiziala, datorren urteko bagileko lehenengo domekan Ganekogortara igoerea antolatu daien. Batzar Nagusiak ordeztuz Ana Otadui presidentea joan da, eta beragaz batera Bizkaiko beste ordezkari batzuk, Jon Atutxa, Oscar Arana, José Angel Basauri, Aitor Ibarra, Mikel Bagan, Alfredo Olea eta Kontxi Claver batzarkideak, adibidez. Josune Gorospe legebiltzarkidea be Oizen egon da.
Adarra entzun aurretik, Batzar Nagusietako presidenteak eskerrak emon deutsez bertara joan diranei “kirola, natura eta historiaren eta kondairaren arteko nahasketea batzen dituan tradizino” honetan parte hartzeagaitik, eta baita mendi taldeei be, “gure Bizkaia maitea hobeto ezagutzeko aukerea emoten deuskun hitzordu hau errealidade bilakatzeagaitik”. Ana Otaduiren berbetan, “herritarren partaidetzarako dei tradizional” honek, gaur egun Batzar Nagusiek izan gura dabena sinbolizetan dau: “XXI. mendeko batzar gertukoa eta eraginkorra, atzean historia aberatsa daukana, Batzarretxeak daukazana Gernikan, Abellanedan, Gerediagan eta Bilbon, gure Bizkaiaren aniztasun aberatsaren sinbolo moduan”.
Tontorraren inguruan hamaiketako txiki bategaz indarrak berreskuratzeaz eta musikaz eta euskal dantzez gozatzeaz aparte, bertaratuek opari ekologiko bat jaso dabe. Horri esker, ez da erabili ostean botaten dan edalontzirik egon Oiz tontorrean egin dan hamaiketakoan.