Aurreko Albisteak

"Marrazkilariak gerran. 1936-1939" erakusketea eta "Gerra Zibila Enkarterrin" kongresua Enkarterriko Museoan

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Enkarterriko Museoaren Marrazkilariak gerran. 1936 – 1939 erakusketa barria inaugurau dau gaur goizean. Gerra Zibilean egon ziran ideologia guztietako egunkarietako 70 irudik osatzen dabe. Presidenteak azaldu dauenez, irudi horreek “Avilako Artxibategi Militarrean berreskuratu dira”. Erakusketaren buruan, Aline Soberon eta Txema Uriarte dagoz, biak be historialariak, eta Alineren kasuan baita marrazkilaria be.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian, Batzarretako Presidenteak, Enkarterri inguruan jasan zan Gerra Zibilaren gainean azken bi urteotan Museoak aurrera eroan dituan jardueren eta kultur ekintzen gaineko azalpena emon dau. Horreen artean oroimenaren ibilpideak azpimarratu ditu, “Sopuertan edo Alen, Kolitza, Luxar edo Mondon mendietan kontserbautako Gerrako ondare elementuak” bisitatu ahal izan dira; horreek, gainera, “testigantzetan oinarritutako Gerra bateko Oroimenak izeneko ikasleentzako ikas-unidadeagaz” osatu ziran.

Holan, Ana Otaduik gogoratuarazo dau Enkarterri inguruneak “azkenengo trintxerea izenez ezagutu zan azkenengo defentsa lerroaren aztarnak gordetan dituala bere mendietan”, eta baita hori “izan zala Euskal Gudarostearen azkenengo erasoaldiaren agertokia”; gainera, “oroimenaren aztarna” horreek “hobeto ezagutzeak eta balioan jarteak” daukan garrantzia azpimarratu dau.

Oroimen historikoari buruzko jardunaldia osatzeko, erakusketea inaugurau ostean, Museoak Gerra Zibila Enkarterrin Kongresua jaso dau. Kongresu horren helburua “ikerlariak hartu-emonetan jarteko baliagarri” izatea da, eta baita “orain arte egindako guztia finkatuko dauen eta daborduko ezagutzen dana balioan jarten ahalegintzeko oinarria izango dan laneko sinergia sortzea” be, Batzar Nagusietako Presidenteak adierazo dauen moduan.

Sinposioak hainbat ikerlari alkartu ditu, Aitor Miñambres, Xabier Irujo edo Jone Miren Gil, beste batzuen artean. Hamar aditu baino gehiagok hartu dabe parte Kongresuan, eta oroimen historikoari eta Gerra Zibilari jagokenez, Enkarterriko eskualdea osatzen daben udalerrietako bakotxari buruzko euren azterlanak aurkeztu ditue.