Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe haztegietan dagozan enpresei Foru Aldundiak eta BEAZek eskintzen dituen zerbitzuak ebaluetako aukerea emongo deutsen ekimena
Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak tresna horren garrantzia eta ebaluazinoa modu anonimoan egiteko beharra azpimarratu ditu eta, gaur onetsi dan testuan ezarri dan aldizkakotasunagaz bat etorrita, “urtean birritan” egitea proponidu dau. Jatorrizko ekimenak “gabezia batzuk” eukazala azaldu dauen Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak eta “zerbitzu hobea eskini ahal izateko” tresna hori modu positiboan balorau dauen batzordekide jeltzaleak eskertu egin dabe zuzenketa-eske transakzionala onetsi izana. Talde Popularraren eta EH Bilduren eretxiz “bitxia” da hori aurretik egin ez izana, baina ekimenagaz bat etorri dira. Talde Mistoak be aldeko botoa emon dauenez, aho bateko adostasuna lortu da.
Eguneko gai zerrendea Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuaren agerraldiagaz osatu da, Talde Mistoak, Talde Popularrak eta Podemos Bizkaiak eskatuta, hiru gairen inguruan berba egiteko. Gaiak honeek izan dira: Meaztegi Golfaren gaur egungo egoerea, bere sailaren diru-laguntzetan gizarte arloko klausulak sartzeko proposamenaren betete mailea eta Bidesarea programea.
Talde Mistoko ordezkariak, komunikabideetan agertu diran azkenengo albisteak aitatu ditu, golf zelaiaren esleipena daukan Global Golf enpresak soldatak ordaindu ez izanaren gainean. Gai horri jagokonez, Pradalesek azaldu dau, joan dan apirilaren 12an Azpiegiturak foru soziedadeak enpresa ustiatzaileagaz eta lantaldeko ordezkariakaz izandako bileraren ostean, Global Golf enpresak zezeileko eta martiko nomina atzeratuak 14 eguneko epean ordaintzeko konpromisoa hartu ebala. Hori bete ostean, enpresaren bigarren lehentasuna hornitzaileei eta hartzekodunei ordaintzeko plana ezartea izango da. Diputatuak azaldu dauenez, hori be martxan dago.
Aldundiko arduradunak baieztatu dauenez, “oraindino konpontzeko bidean dagozan” Global Golfen “diruzaintzako tentsinoak” arrazoi birengaitik sortu dira: esleipena egin zan unean instalazinoek eukien egoerearengaitik, horren ondorioz hobekuntza lanak egin behar izan ziralako, eta diru-sarreretan eragin kaltegarria izan daben eguraldiaren baldintzengaitik. Halanda be, Imanol Pradalesek adierazo dauenez, Aldundiaren eretxiz, “Global Golf Nortek ekonomiaren ikuspegitik iraunkorra dan epe ertaineko proiektua aurkeztu dau”, jardueraren sorkuntzaren hazkunde eutsian eta “proiektuari finantza gaitasun gehigarria emongo deutsan akziodun sendo bat” sartzean oinarritutakoa.
EH Bilduk, Talde Popularrak eta Talde Mistoak euren zalantzak agertu ditue diruzaintzako tentsino hori oinarritzen daben arrazoiak dirala eta. Talde Mistoko ordezkaria harrituta agertu da, esleipena jaso eban enpresak aurretik ez ebalako kontuan izan instalazinoen egoerea, eta EH Bilduk eta Talde Popularrak esan dabe danok ezagutzen dogula gure Lurraldeko eguraldia. EH Bilduko batzordekideak, gainera, esan dau Bizkaian ez dagola zelai horregaz bat datorren “horrenbesteko benetako eskaririk”. Podemos Bizkaiak, bere aldetik, bideragarritasun plan bat existidutearen eta esleipenaren aurreko abonau kopuruaren gaineko interesa erakutsi dau. Une honetan enpresak 717 abonau dituan arren, Global Golfen benetako helburua 1.000 abonaura ailegetea dala adierazo dau. Dana dala, eskatu dauen datua helduarazoko deutsala esan deutso.
Ordezkari sozialista, bere aldetik, pozik agertu da egoerea konpontzen ari dalako eta, batez be, beharginak euren nominak jasoten ari diralako. Batzordekide jeltzaleak, ildo berean, bere taldea arazo horren aurrean arduratuta egoala autortu dau, baina gaur eskini dan informazinoa positiboa dala.
Sailaren diru-laguntzetan gizarte arloko klausulak sartzeko proposamenaren betete mailari jagokonez, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak azaldu dauenez, joan dan apirilaren 28an diru-laguntzen araudia aldatzen dauen Foru Dekretua indarrean sartu zanetik ez da bestelako ezelango Dekreturik onetsi. Halanda be, esan dauenez, onespen horren aurretik be, Sailak sartzen ebazan genero ikuspegiari, ingurumenaren aurreko konpromisoari eta gizarte arloko erantzukizunari buruzko klausulak. Talde Popularrak aurkeztu dauen azkenengo gaia Bidesarea Programari buruzkoa izan da, Bizkaiko bide sarea hobetzeko eta modernizetako plana, biurteko bitan egituratutakoa: 2015-2017 eta 2017–2019. Bigarren biurtekoak, Aldundiko ordezkariak azaldu dauen moduan, 43 jarduketa jasoten ditu Lurralde osoan, 101.574.000 euroko inbertsinoagaz. Gune desbardinak kontuan izanda, inbertsinoa holan banatzen da: Arratia–Nerbioi 14,8 milioi euro; Bilbo 8,4 milioi euro; Ezkerraldea/ Meatzaldea 15,8 milioi euro; Txorierri 12,2 milioi euro; Durangaldea 11,2 milioi euro; Enkarterri 15,8 milioi euro; Busturialdea 7,7 milioi euro; Lea – Artibai 10,1 milioi euro; eta, bukatzeko, Uribe – Eskumaldea 14,9 milioi euro.