Euskera eta Kultura diputatuak Euskal Museoa barriztetako proiektuaren aurrerapenak zehaztu ditu
Aldundiko arduradunak Batzarretako taldeei esan deutsenez, une honetan museo proiektu bat ari dira diseinetan, eta, oraindino behin betikoa ez bada be, aurrerago lehiaketara atarateko gauzatu behar diran jarduerak eta ekintzak jasoko ditu. Adierazo dauenez, helburu nagusia Euskal Museoa “museoen artean erreferentzia” bilakatzea da, eta horretan lagunduko daben hainbat ezaugarri ditu, dagon lekua, museoak daukan ondarea, “diziplina anitzeko” taldea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa, adibidez.
Barrikuntzarako proiektuaren barruan, Euskera eta Kulturako diputatuak hainbat erronka planteau ditu etorkizunari begira: museoa “erakargarriagoa” egitea, “ikuspegi klasikotik iges egingo dauen eskaintza interaktiboa” lortzea, eta “euskereari bere lekua emotea”. Aurrera eroan diran ekintzen artean, Mikeldiaren zaharbarritze lanak, teilatuaren eta fatxadaren barriztapena eta konponketea, Gurutze kalerako sarbidea zabaltzea, Klaustroa estalduteko beharrak, Klaustroaren fatxadea garbitzea, eta Zamudion biltegi moduan erabiliko dan leku bat alokatzea dagoz.
Lorea Bilbao diputatuak emon dituan azalpenak eskertzeaz aparte, oposizinoko talde batzuek, EH Bilduk, Talde Popularrak edo Talde Mistoak euren interesa erakutsi dabe, Euskal Museoa handitzeko eraikin bat erostearen inguruan. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, gaur emondako informazinoa “Foru Aldundiak daukan informazinoan” oinarritzen da eta, beraz, “ez dago esan ez dodan ezer”. Talde Popularra, baina, arduratuta agertu da, Arte Ederren Museoa handitzeko idea baztertuko ete dan, bere eretxiz hori izan beharko litzatekelako “lehentasuna”. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zoriondu egin ditue Bilboko Udala eta Foru Aldundia, egin daben beharrarengatik, “epeak beteten ari dirala eta agindu zana egiten ari dala” egiaztau ahal izan dalako.
AZKUE FUNDAZINOA
Eguneko gai zerrendea Foru diputatu andrearen beste agerraldi bigaz osatu da EH Bilduk eta Talde Mistoak egindako agerraldi eskariei erantzunez, Azkue Fundazinoak eta Bizkaia – Bizkaialde Fundazinoak 2018an egin dituen edo egitea aurreikusita daukiezan eta 2019rako aurreikusita egon daitekezan jarduketen eta proiektuen barri emoteko. Kasu bietan, diputatuagaz batera erakundeetako zuzendariak egon dira.
Azkue Fundazinoari jagokonez, bere helburuen artean, produktu digital erakargarriak eta erabilgarriak egitea eta teknologia barrien arloan euskeraz behar egiten daben sareak osatzea dagoz. Diputatuak azpimarratu dituan ekintzen artean Euskerearen Interpretazino Zentroa eta Euskerearen Etxea dagoz, biak be fundazinoaren esku dagozanak. Lehenengo kasuan, helburua, adierazo dauen moduan, “interpretazino zentroaren beharrak egokitzea eta osatzea da, etenik barik funtzionauko dauen erakundea izan daiten”. Horretarako, balorazinoa eta eguneratzea egingo dira urtero. Fundazinoak 320.000 euroko aurrekontu partidea eta lau beharginek osatutako lan taldea daukaz. Patronatua Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Deustuko Unibersidadeak osatzen dabe.
Taldeek egin dituen galderen artean, Podemos Bizkaiak Bartzelonako Euskal Etxeagaz edo Bilboko Udalagaz daukan lankidetzearen gainean itaundu dau; EH Bilduk genero efektuaren gainean; eta Talde Mistoak, bizkaierearen gaineko ekintzei buruz. Oraingo honetan, Jurdana Casuso zuzendaria izan da itaunak erantzun dituana. Lehenengo puntuari, Bartzelonako Euskal Etxeagaz daukan lankidetzeari, jagokonez, euskeraz abesten daben musika bandei zuzendutako lehiaketan eta Zinemaldi.cat izenekoan parte hartu izanean gauzatu dala esan dau. Bilboko Udalari jagokonez, lankidetzea, euskerazko bideoen sorkuntzea bultzatzeko B-Tube programan gauzatu da. Bizkaiereari jagokonez, adierazo dauenez, Xuxen B izeneko zuzentzaile teknologikoa prestau dabe, eta generoagaz erlazionautako gaiei jagokenez, euskereak “ez daukala arazo hori”, esan dau.
BIZKAIA – BIZKAIALDE FUNDAZINOA
Bigarren agerraldia Bizkaia – Bizkaialde Fundazinoan zentrau da, Bizkaiko kirolaren irudia sustetea eta euren ahaleginaren bidez “Bizkaiko Goi Mailako” talde kalifikazinoa lortu daben kirolarientzako euskarri eraginkorra izatea gura dauen erakundean, hain zuzen be. Aurrera eroaten dituan jardueren artean enpresa babesleak bilatzea dago, eta baita beste ekintza osagarri batzuk be, Itsas Milia, Urteroko Bizkaialde Jardunaldia eta sustapeneko jarduerak, besteak beste. 2018ko urte honetarako 1.607.000 euroko aurrekontua dauka, “aurton beste baten batek proiektuagaz bat egitearen zain”.
Interes handiena eragin daben gaien artean, profesional izatearen eta profesional ez izatearen arteko mugea non dagon aitatu behar da; EH Bilduk emakumeek kirolaren munduan daukien partaidetzearen eta Fundazinoaren barruan daukien presentziaren ganeko balorazinoa eskatu dau; Galdera biak Miren Mardaras fundazinoaren zuzendariak erantzun ditu. Profesionaltasunari jagokonez, estadu mailako legezko kalifikazinoaren arabera ezarten dala azaldu dau; beste alde batetik, EH Bilduri erantzunez, emakumeen eta gizonen talde kopurua orekatuta dagola adierazo dau.