Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe politika publiko guztietan Adinbakoaren Interes Gorenaren Printzipioa sartu daiala eskatzea Foru Erakundeari
Aho batez onetsi dan Arauz Besteko Proposamenean, proposamena aurkeztu dauen Podemos Bizkaia taldeak “Adinbakoaren Interes Gorenaren printzipioa aplikau behar dala” esan dau, “umeen eta nerabeen eskubide subjektiboen eraginkortasuna babesteko eta bermatzeko”. Podemos Bizkaia taldeko batzarkidearen eretxiz, proposamena, “gero eta zahartuago dagon eta helduengan zentretan dan sistemea daukan gizartean” umeek eta nerabeek bizi daben “zaurgarritasun egoera bereziaren” ondorioz bultzatu da. Talde guztiak ekimenaren oinarriagaz bat etorri diran arren, ez da eztabaidarik faltau; dana dala, talde guztiak bat etorri dira hobekuntzarako tartea dagola esatean, eta pozik agertu dira, batzarkide sozialistaren berbetan “hain sensiblea eta garrantzitsua dan” gaian adostasuna lortu dabelako.
Bigarren osokoan Bilboko udalerriaren armarria eta banderea be onartu dira. Banderaren kasuan abstenidutea erabagi dauen EH Bildu taldeak izan ezik, talde guztiek enblema biak berretsi ditue. Eguneko gai zerrendea bigarren Arauz Besteko Proposamena, Talde Mistoak aurkeztutakoa eta EH Bilduren zuzenketa-eskea jaso dauena, baztertuz bukatu da. Proposamen horretan Ondasun Higiezinen Zergari buruzko Foru Araua aldatzea eskatzen zan, Udalek familia ugariei eta erabagi daitekezan bestelako familia unidade batzuei OHZan hobariak ezarteko eukien ahalmena berreskuratzeko. Ekimenak, beste zuzenketa-eske bat aurkeztu dauen Podemos Bizkaiaren, EH Bilduren eta Talde Popularraren aldeko botoak jaso ditu; dana dala, Foru Gobernua eusten daben taldeek kontrako botoa emon dabenez, azkenean ez da onartu.
Aurretik, Batzar Nagusiek ohiko Kontroleko Osokoa egin dabe. Bost itaunetako bat Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuari egon da zuzenduta. Podemos Bizkaiak, Foru Erakundeak sinatzen dituan hitzarmenetan eta akordioetan gizarte arloko eta giza eskubideen aldeko klausulak sartzeko bere Sailetik martxan jarriko diran neurriak zehazteko eskatu deutso diputatuari. Diputatuaren berbetan, daborduko apliketan diran gizarte arloko eta giza eskubideen aldeko klausulak aitatzeaz aparte, ETEek parte hartzen daben nazinoartekotze prozesuaren barruan, enpresa horreek joango diran herrialdeen kultura eta ezaugarri zehatzak ezagutzeko lana be egiten dala adierazo dau.
Horrez gain, ahozko hiru erantzun-eskeri erantzun deutse –EH Bilduren bi eta Talde Popularraren beste bat– errugbiko finaletan hotelek ezarritako prezioen eta Peñaskaleko masaderaren gainean eta Lamiakoko ibai-azpikoaren inguruan Aldundiak daukan erantzukizunari buruzkoei, hain zuzen be. Lehenengo gaiari jagokonez, EH Bilduko batzarkideak aurreikuspenak “puztutea” eta diskurtso “auto-adeitsua” egitea aurpegiratu deutso Aldundiari; Pradalesek 30 milioi eurotan balorau dau ekitaldiaren eragina, eta hotel eta ostalaritza sektoreei bere ardurea helduarazo deutsela esan dau, “epe ertainean eta luzean pentsauta” behar egin behar dala gogoratuarazoz. Peñaskaleko masaderari jagokonez, daborduko ez dagola operatibo eta eskumena Bilboko Udalarena dala esan dau. Bukatzeko, Lamiakoko ibai-azpikoa gauzatzeko epeei jagokenez, orain egun batzuk emondako datuakaz jarraituta, lanak 2027an bukatzea aurreikusten dala berretsi dau.
GARRAIO ETA AZPIEGITURA ARLOETAKO LEHENTASUNAK
Gaurko saioan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Podemos Bizkaiak egindako itaun bati erantzun deutso, Foru Gobernuak garraioaren eta azpiegituren arloan dituan lehentasunen gainekoari. Podemos taldeko batzarkideak, esku-hartzeko bere txandan, Lurralde Sektore Planaren (LSP-PTS) gainean dagon adostasun faltaz eta gauzatu behar diran “mega-azpiegitura biez” aparte, beste azpiegitura batzuek, Metroaren 4. eta 5. lineek edo Errekaldeko saihesbideak, adibidez, daukien bultzada faltea kritikau dau. Rementeriak, bere aldetik Aldundiak egindako beharra defendidu dau, Supersur izenekoa handitzeari eta Lamiakoko ibai-azpikoaren eraikuntzari jagokenez, “orain edo ez dakigu noiz” egin behar dirala esanez. Horrez gain, aurrera eroan behar diran ekintzen artean, “Metro sarea Galdakaogaz eta Usansoloko ospitaleagaz lotzea eta modu eraginkorrean egitea” dagola esan dau, “une honetan dagozan azpiegiturak be baliauta”, bidegorri sareari “bultzadea emoteaz” aparte.
UNZUETA DIPUTATUARI ZUZENDUTAKO ITAUNAK ETA AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Ingurumeneko eta Baliabide Naturaleko diputatua izan da gaur goizean estradura gehien igon dan Aldundiko arduraduna. Bost bider guztira: EH Bilduren itaun bi, Gaztelugatxeko jarduera proposamenaren eta Ur Partzuergoen kudeaketaren gainekoak; eta Talde Popularrak, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak, hurrenez hurren, Bizkaiko hondartzetako lagundutako bainuari, Garbikerregaz eta TMB Arraizegaz instalazinoen garbiketa eta mantentze lanei jagokenez eta Gipuzkoako hondakinak Bizkaira ekarteari buruzko ahozko hiru erantzun-eske egin ditue. Gaztelugatxeri jagokonez, Aldundiko arduradunak Deloitte kontsultoretza etxeak egindako Plan Zuzendaria aitatu dau. Plan horretan, helburu nagusi moduan ingurumena babestea eta enplegua sortzea daukien 85 jarduketa proposamen jasoten dira. Inplikautako eragile guztiek euren proposamenak aurkeztu ahal izango ditue bagilaren 1era arte.
Ur Partzuergoari jagokonez, EH Bilduko batzarkideak Busturialdeko Ur Partzuergoa “ito izana” aurpegiratu deutso Aldundiari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari lehentasuna emonez, ekonomiaren ikuspegitik. Diputatuaren berbetan, batzarkidearen esku-hartzea “zientzia fikzinozkoa” izan da, eta Aldundiak “Bizkaia osorako Ur Partzuergo bakarra egotearen aldeko apustua” egiten dauela adierazo dau, “udalerri guztiek uraren prezio eta kalidade bera izan daien”. Une honetan, adierazo dauenez, 80 udalerri dagoz Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan.
Beste erantzun-eske bati erantzunez, Unzuetak esan dau une honetan 7 dirala lagundutako bainurako programan parte hartzen daben hondartzak; Garbikerren eta ABEEaren artean garbiketari jagokonez dagon kontratua betetearen gainean, 2014tik, kanpoko prebentzino zerbitzu bat lantegiko higiene baldintzak aztertzeaz arduratzen dala azaldu dau; bukatzeko, Gipuzkoako hondakinen tratamentuari jagokonez, Zabalgarbi “hipotesi bat” izan daitekela esan dau.
BILBAO AIR, 3. LINEA ETA BIZKAIKO MOBIKORTASUNAREN AGINTARITZA
Garraio, Mobikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatuak, bere aldetik, Bilbao Airren jarduerari buruzko itaun bati, eta Metroaren 3. lineak aireportuagaz daukan komunikazinoari eta Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren lehenengo urteari buruzko ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse. Bilbao Airri jagokonez, horren titulartasuna Bilboko Merkataritza Ganberarena dala esan dau. Dana dala, gauzatutako hainbat ekintza zehaztu ditu, Bartzelonako World Routes Azokan parte hartu izana edo aire eremuko eragileakaz izandako alkarrizketak, besteak beste. Bilboren eta Loiuko aireportuaren arteko 3. linea bidezko loturari jagokonez, “ez dala preminazkoa” esan dau, eta Talde Popularreko ordezkaria kritikau dau, trenbideko konexinoa behin eta barriro aitatzearren, aurrekontuen partida batean, hiria aireportuagaz tranbiaren bitartez lotzeko zuzenketa-eske bat aurkeztu eta gero. Bukatzeko, Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren lehenengo urteko jarduerea holan definidu dau: “Bizkaiko garraio publikoaren ardura eta erronka nagusietara zuzendutako beharra, Eusko Jaurlaritzagaz, Foru Aldundiagaz, Bilboko Udalagaz eta BGP-CTBagaz koordinauta”.
EUSKALDUNAKO DIKEA ETA SARNA AGERRALDIA
Osoko saioa, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatuari eta Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuari zuzendutako ahozko galdera bigaz osatu da; biak be Podemos Bizkaiak egin ditu. Lehenengoan, talde horrek, Euskaldunako dike sikuetan egiten ari diran beharretarako baimenaren ganeko interesa adierazo dau. Diputatuak, Bilboko Udalaren eskumena dala erantzun deutso. Bigarrena, Barakaldoko Sanitasen egoitzan izandako sarna agerraldiari buruzkoa izan da. Sánchez Roblesek “atzera egin dauela eta kontrolauta dagola” esan dau, eta gaixotasuna, kutsagarria zan arren, ez zala larria.