Aurreko Albisteak

Teresa Laespada diputatua Batzordera etorri da, Zorroaren Dekretuaren eta Hirugarren Sektorean daukan eraginaren inguruan berba egiteko

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordea

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua jagokon Batzordearen aurrera etorri da, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta, Gizarte Zerbitzuetako Zorroaren Dekretuaren aplikazinoagaz eta Hirugarren Sektorean izango dauen eraginagaz erlazionautako gai biri buruz berba egiteko. Eskari hori, joan dan apirilaren 27an sindikatuetako ordezkari bik Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen aurrean izan eben agerraldia dala eta sortu da. Bertan, sektoreak bizi dauen egoerearen aurrean ardurea azaltzeaz aparte, Gizarteratzearen V. hitzarmenaren negoziazinoan blokeo egoerea egoala adierazo eben.

Esku-hartzearen hasieran, Aldundiko arduradunak argitu gura izan dau Gizardatzeko beharginen %25 inguruk bere sailak kudeetan dituan hitzarmenen arabera egiten dabela behar. Aurretik behin baino gehiagotan adierazo dauen moduan, Zorroaren Dekretuaren onespenagaz, gizarteratze zerbitzuak “birplanteamendu prozesua” jaso eban, “baliabideak eta programak Zorroaren Dekretura egokituko dirala bermatzeko”; horrek “espezializazino maila altua daukan zerbitzuen sarerako trantsizinoa ekarri eban”. Zerbitzu barrietako batzuk, 30 plaza dituan Ezkerraldeko Zentroan, 14 dituan Durangaldekoa martxan jartean, eta denpora gitxi barru martxan jarriko dan Getxo – Uribeko Eguneko Zentroan gauzatu dira. Guztiek be eguneko zentroak oinarrizko sarera egokitzeko beharrari erantzuten deutsie.

Hitzarmenei jagokenez, diputatuak adierazo dau zerbitzuen kalidadea eta legetasuna betetea bermatu behar dabela, eta sailak ikuskapen lanak egiten dituala, beteten dirala bermatzeko. Dana dala, Gizarteratzearen V. hitzarmenaren negoziazinoari jagokonez, Gizardatzegaz eta sindikatuakaz bilerak egin dituan arren, “patronalari eta sindikatuei jagoken negoziazinoa dala”, adierazo dau. Erantzunen txandan, eskaria egin daben taldeak bat etorri dira esatean, euren eretxiz, aurrekontu zuzkidura eskasak eragin negatiboa daukala Hirugarren Sektoreko zerbitzuaren kalidadean eta beharginen lan baldintzetan. Talde biek kudeaketa publiko-pribadua be kritikau dabe, Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak adierazo dauen moduan: “lankidetza horren aldeko apustuagaz jarraitu da, kudeaketa publiko zuzenaren alde egin beharrean”.

Zuzkidurari jagokonez, Talde Mistoak nahikoa ete dan aztertzeko eskatu deutsie gainerako batzordekideei, “eta holan ez bada, kontsignazinoa handitzea”. Talde Popularrak, bere aldetik, “kontzeptuak ez nahasteko” eskatu dau, baina bat etorri da partidea handiagoa izan behar dala esatean. Euskal Sozialistak taldeak adierazo dauenez, lankidetza publiko-pribadua legezkoa da, eta modu positiboan balorau dau sailak aurrera eroandako beharra. Euzko Abertzaleak taldeko batzordekidea be bat etorri da idea horregaz. Ildo berean, Teresa Laespada diputatuak Podemos Bizkaia taldeak eskatuta landu dauen bigarren gaia, Zorroaren Dekretua hedatu aurreko Gizarteratze Sareko zerbitzuen eta prestazinoen mapearen ganekoa izan da, une honetan zein unetan dagon eta zein zerbitzu eta prestazino mapara ailegetea daukan aurreikusita.

Ziurtatu dauenez, erakunde guztiek baekien trantsizino prozesu hori gauzatu behar zala, eta hitzarmenak ez egozala arriskuan. Horren ostean, Aldundiko arduradunak esan dauenez, 615 plaza dagoz erabilgarri Enkarterriko, Uribeko, Barrualdeko eta Bilboko Eguneko Zentroetan. Beste alde batetik, gaueko harrera zentroetan 15 plaza dagoz erabilgarri, eta baita Zerbitzuen Zorroaren barruan ez dagozan beste 7 be. Bukatzeko, gizarte bazterketa egoeran dagozan personei jagokenez, 386 plaza dagoz. Prozesu horrek, adierazo dauenez, “eredu gizatiarragora joateko” aukerea emon dau, eta horretarako, “personek banakako gizarteratze prozesuak egitea erraztuko daben profesional talde handiagoak” ibili dira beharrean.

Talde guztiek eskertu dabe jasotako informazinoa. EH Bilduk, bere aldetik, zerbitzuen maparen barruan zelanbaiteko “desorekea” ete dagon galdetu dau, eta diputatuak baietz erantzun deutso, Bilbon zentro gehiago dagozala.

GOIHABE PROGRAMA

Gaurko eguneko gai zerrendea Enplegu diputatuaren beste agerraldi eskari bategaz bukatu da, EH Bilduk egindakoa, 2018ko aurrekontuetan hasieran Goihabe programarako ezarrita dagon 200.000 euroko zuzkidurak zelanbaiteko aldaketarik izango ete dauen galdetzeko, DSBEaren Legea ez dalako oraindino Eusko Legebiltzarrean onartu. Horri jagokonez, Aldundiko ordezkariak, modu laburrean, adierazo dauenez, onespena apirilerako aurreikusita egoan arren, uste baino motelago doa. Hori dala eta, zuzkidurea 150.000 eurogaz handituko da, igaz egin zan moduan.

Talde guztiak informazinoa eskertzera mugatu diran arren, EH Bilduk programea “labur geratzen dala” adierazo dau, bere esanetan, asiloa autortuta ez daukien persona guztiak be barru hartu beharko leukezalako. Aldundiko ordezkariak, beste behin be egin eban moduan, une honetan, asilo eskaria egin daben 20 herrialdetako personei emoten deutsela zerbitzua adierazo dau.