Bizkaiko Batzar Nagusiek urtero Deiadar Mendietarako Igoerea antolatzeko konpromisoa berretsi dabe
Bileran honeek hartu dabe parte: Alpino Tabira taldeko (Durango) Iñaki Calvo eta Julen Fernández; Balmaseda taldeko Jagoba Güemes; Gailurra taldeko (Bilbo) Alberto Díez; Ganzabal taldeko (Lemoa) Javier Burguete; eta Sollube taldeko (Bermeo) Xabier Goikoetxea. Presidenteak, datorren domekan mendira igoten daben guztiei emongo jaken opari ekologikoaren laginak emon deutsez. Horri esker, ez dira erabili ostean botaten diran edalontziak erabiliko Oiz tontorrean egingo dan hamaiketakoan.
XV. edizino honetan Durangoko Alpino mendi taldea izango da Bizkaiko tontor enblematikoenetako batera egingo dan igoeraren arduraduna, aurreko urteetan, beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube) egin diran igoeren ostean. Domekan, ohikoa danez, Alpino Tabira taldeak Bilboko Gailurra taldeko ordezkariari emongo deutso lekukoa, datorren urteko bagileko lehenengo domekan Ganekogortarako igoerea antolatu daian, deiadar mendietarako igoeren zikloari jarraipena emoteko.
Ibilaldia goizeko 09:00etan hasiko da Gerediagako Batzarretxetik oso gertu dagon Bizkaiko Garai herri txikian. Partaideak Oizeko tontorrera (1.026 metro) igongo dabe, aurreko edizinoetan erabilitakoa izango ez dan bidetik, eguerdiko 12:00etan adarrak jotzeko tradizinoa leialtasun osoz beteteko. Abiapuntua 228 metroko altueran dago.
Tontorrera heldu eta adarrak jo ostean, bertaratuek, antolatzaileek prestautako jai-gune txiki batez gozau ahal izango dabe. Bertan ez dira faltako musikea, dantzak eta jateko apur bat, indarrak berreskuratu ahal izateko.
IDEA ERROMANTIKOA
Deiadar Mendien Egunaren ospakizuna, iraganean Batzar Nagusietarako deiak egiten ziran moduaren irudikapen erromantikoa da. Bost deiadar mendiei buruzko lehenengo erreferentzia bibliografikoa XIX. mendekoa da, Pascual Madoz iruñearraren jatorrizko idea, hain zuzen be. Aitamena Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar izeneko lanean (gehienek Madozen Hiztegia izenez ezagutzen dabenean) agertu zan.
Geroago, Antonio de Truebak (Galdames), 1862an Bizkaiko Batzar Nagusiek “Bizkaiko Jaurerriko kronista eta artxibo-zaina” izendatutakoak, “Bizkaiko historia orokor xumea” idazteko informazinoa batu eban, eta bertan, bost deiadar mendien kondaira erromantiko hori garatu eban.
Hori bai, deiadar egilearen pertsonaiaren ganeko erreferentziak antxinagokoak dira. Historialari batzuek esaten dabenez, Lurraldeko lehenengo behargin publikoak izango ziran, seguruenez. Bizkaian ezagutzen dan lehenengo antolamendu juridikoan, Foru Zaharraren aurrekaria izan zan Juan Núñez de Lararen koadernua izenekoan, hau esaten da, berbaz berba: “Hera de mill e trezientos e ochenta annos (1342), estando don Juan Nuñez e donna María, nuestos sennores, en la Junta de Garnica, seyendo juntados cavalleros e escuderos … llamados a Junta General e tannidas las cinco vozinas…”
Lope García de Salazarrek, “Bienandanzas e fortunas escrito a finales del siglo XV” liburuan be bost deiadar egiten zirala esaten dau: “E juntados todos los vizcaínos, “tañiendo las çinco vozinas en las çinco merindades, segund su costunbre". Kondaira edo errealidadea bada be, egia esan, gaur egun Deiadar Mendien Eguna, kirola, natura eta historia apur bat nahasten dituan oso ohitura bizia da. Adarraren antxinako soinuagaz daukagu hitzordua, bagilaren lehenengo domekan, Oiz mendiaren tontorrean.