Aurreko Albisteak

Sindikatuetako ordezkariek Bulegoetako Bizkaiko hitzarmenaren negoziazinoaren egungo egoerea salatu dabe Batzarretako taldeen aurrean

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarak

Bulegoetako Bizkaiko hitzarmenaren negoziazinoaren mahaian parte hartzen ari diran sindikatuetako hainbat enpresa ordezkari etorri dira gaur goizean Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen aurrera, Lurralde osoko 23.000 behargin baino gehiagorengan eragina daukan negoziazinoaren egungo egoeraren barri emoteko.

Javier Rodríguez Fernándezek, Sergio Sáenz Álvarezek, Iker Martínez Gilek eta Sergio Fernández Pérezek zehaztu daben moduan, Bizkaian behargin gehien daukan bigarren sektorea da, eta informatika eta ingeniaritza enpresek, abogadu bulegoek… osatzen dabe, beste batzuen artean. Horreek enpresa pribaduei eta Administrazino Publikoari emoten deutsie zerbitzua. Sektoreak azkenengo hilebeteetan antolatu dauen hiru lanizte jardunaldiak eragin dituana, 2009an sinatu eta 2013an indar barik geratu zan lan hitzarmena izan da. Gaur egun, azalpenak emon dituenak adierazo dabenez, Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoagaz (CEBEK) dagon negoziazinoa blokeauta dago.

CEBEKen kasuan, proposamena muga bako izoztean, antxinakotasuneko plusaren aldaketan –muga bako hirurtekoetatik bosturteko bira pasatuz–, gitxieneko bermearen murrizketan edo desagertzean eta “Enpresei, hitzarmen barrira egokitzeko eta apliketako denporea emoteko lurreratze plan bat” egitean oinarritzen da. Sindikatuetako ordezkariek antxinakotasuna eta gitxieneko bermea hitzarmen duina bermatzeko oinarrizko zutabeetako bi dirala adierazo dabe, “bestela, beharginen aukera bakarra, soldaten izoztea izango litzateke”.

Beharginen eta ELA, CCOO, LAB, UGT, CGT, CNT eta ESK sindikatuen aldetik, eskari nagusia 2009ko hitzarmena berreskuratzea da, “azkenengo 5 urteetan KPIaren hazkundearen azpitik igo diran soldaten taulak eguneratuz, 2009an enpresentzat eta beharginentzat baliozkoak ziran artikuluak gaur egun be baliozkoak diralako”. Bertaratuek errebindikau daben beste puntu bat “beharginen salerosketea” da. Salatu dabenez, Iberdrola, Lantik, BBK edo BBVA, beste batzuen artean, horretan aritzen dira. Negoziazino mahaian sartu ez arren, “badakielako CEBEKentzat marra gorria dala”, sindikatuen ordezkarien eretxiz beharrezkoa da hori arautzea, “sektoreko azpi-kontratazinoaren bitartez”.

Euren esku-hartzeari amaierea emoteko, eskaria egin deutsie Batzar Nagusiei, “berrestukatu gura dogun Bulegoetako Bizkaiko Hitzarmenak Bizkaiko 23.000 beharginentzat jasoten dituan askatasunak, pribilegioak, erabilerak eta ohiturak bete eta betearazo eiezan”.

Batzarretako taldeen txandan gehien errepikau dan galderetako bat, 2017tik Bizkaiko Foru Aldundiak bere kontratu publikoetan sartzen dituan eta helburu moduan kalidadezko enplegua bermatzea daukien gizarte eta ingurumen arloko klausulak sartu izanaren ingurukoa izan da. Horri jagokonez, bertaratuak harrituta agertu dira, “sektore honetan gizarte arloko klausulen inguruan bizi dogun errealidadea desbardina dala” adierazoz, “zalantzan jarten dogu guk behar egiten dogun enpresek, hemen uste dozuen moduan apliketan dituenik”.

Taldeen artean gehien aitatu dan beste gaietako bat, Batzar Nagusiek arlo horretan dituen eskumenen gainekoa izan da. Ordezkari jeltzalearen berbetan, eskumen horrek “mugatuak” dira. Halanda be, Euzko Abertzaleak taldeak adierazo dauenez, ekonomia gorantz doan egoereagaz bat datozan enpleguaren kalidadearen eta soldaten igoeraren gaineko errebindikazinoak “oinarrizko baldintza bi dira, eta ahalik eta arinen probintziako hitzarmena sinatzea gurako geunke”. EH Bilduk, barriz, “Batzar Nagusietara bazatoze, zer edo zerengaitik izango da”, adierazo dau, eta mobilizazinoek aurrera jarraituko daben galdetu dau. Bertaratuek adierazo dabenez, eurak holangorik gura ez daben arren, “hori da geratzen jakun aukera bakarra”.