Aurreko Albisteak

Beaz, Azpiegiturak, Seed Capital eta Interbiak foru soziedadeak Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri dira, euren jardueraren ganeko informazinoa emoteko

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeak saio bikotxa egin dau gaur goizean. Bertan, Imanol Pradalesek zuzentzen dauen Sailaren esku dagozan hainbat foru soziedade publikok euren jardueren eta proiektuen barri emon dabe. Beaz, Azpiegiturak, Seed Capital eta Interbiak soziedadeetako zuzendari-gerenteak Pradalesegaz batera agertu dira –Saileko Diputatua dan neurrian guztien presidentea bera da– Batzarretako taldeek egin dituen informazino eskariei erantzuteko.

Bost erakunde publiko horreek gaur emon dituen informazinoek, Talde Mistoak eta EH Bilduk batera aurrera eroan daben ekimenari erantzuten deutsee. Azkenengo asteetan eskariak izapidetu ditue, Aldundiko sektore publikoko erakunde autonomo eta enpresa guztietako arduradunak Bizkaiko Batzarretako batzordeetara etorri daitezan, euren proiektuen, plan estrategikoen, bertako beharginen baldintzen eta euren jardueragaz erlazionautako ganerako gaien inguruko azalpenak emoteko.

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak eta erakunde horreetako zuzendaritza taldeetako kideek emon dituen datu nagusiak honeek dira:

Beaz Centro de Empresas e Innovación de Bizkaia, S.A.: helburu moduan enpresen promozinoa, garapena eta lehiakortasunaren sustapena dauen merkataritza soziedadea aitzindaria izan zan, 1987an Estadu osoan sortu zan lehenengo enpresa eta barrikuntza gunea izan zalako. 51 personako lan taldea eta 5.035.000 euroko aurrekontua dauka urte honetarako. Enpresa proiektuen zortzi inkubazino gune kudeatzen ditu, horreetako batzuk UPV-EHUgaz, Deustuko Unibersidadeagaz, Eusko Jaurlaritzagaz, SPRIgaz edo Bilboko Udalagaz lankidetzan. Beazek lagundutako proiektuen biziraupeneko indizea %80 ingurukoa da, eta epe laburreko lehentasunak enpresen barrikuntzan eta startup-en azkartzean beharrean jarraitzea dira.

Azpiegiturak, S.A.U.: Aldundiaren esku dagon merkataritza soziedadearen xedea, hainbat motatako (enpresakoak, gizarte arlokoak, kirolekoak) azpiegituren proiekzinoa, eraikuntzea, kontserbazinoa eta kudeaketea da, izan be, hainbat sailen esku egozan zenbait foru soziedadek 2009an bat egin ostean sortutakoa da. Aurton 76,5 milioi euroko aurrekontua dauka, 64 personak osatutako lan taldeagaz. Imanol Pradalesek argitu dauenez, Etxebizitza Foru Plana daborduko indarrean ez dagon arren, Azpiegiturak erakundea arduratzen da bertatik sortutako 1.100 etxebizitzak kudeatzeaz. Gehienak daborduko salduta dagoz, eta 161 alokairuan, asko zaurgarritasun egoeran dagozan personei zuzendutakoak. Aurton, Azpiegiturak erakundeak, udalerri horretako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, egoera txarrean dagon industria gunean Enpresa Parkea bultzatzeko sustau daben SestaoBairen kapitalaren %60ren kontrola hartu dau. Foru diputatuak azpimarratu dauenez, orain denpora gitxi 229 lanpostu sortu dira, ITP aeronautika taldearen lantegi batean, eta beste ehun inguru denpora gitxi barru Lantegi Batuakek martxan jarriko dauen lan hastapeneko zentro batean. Horrez gain, aurretik, Vicinay enpresak bere lantegia leku horretara eroan eban.

Seed Capital Bizkaia: 1989an sortu zan, enpresa proiektu barritzaileak finantzetako helburuagaz. Soziedade kudeatzaile bat eta kapital arriskuko lau fondo (I, Bi, Pyme eta Mikro) moduan antolatzen da. Lehenengo hiruek, sektore anitzetako 58 enpresako zorroa daukie parte hartuta une honetan, eta 2018rako aurrekontua 1.290.000 eurokoa da. Lantaldea 12 personak osatzen dabe. Mikro-finantziazinoko proiektuetan (25.000 €-ko mugea daukienak) aritzeko igaz eratu zan Seed Capital Bizkaia Mikro soziedadeari jagokonez, 2018an 30 eta 35 eragiketa egitea dauka aurreikusita, eta Mikro-finantziazinoaren Europako Kongresua Bilbora ekartea lortu dau. Kongresu hori urrian egingo da, eta 700 aditu baino gehiago bilduko ditu. Horrez gain, Imanol Pradalesek orain denpora gitxi sortu dan Crowdfunding Bizkaia azpimarratu dau. Finantziazino modalidade hori daukan Europako lehenengo plataforma publikoa da, eta Foru Aldundiak oso-osorik jarri dauen 60.000 euroko kapitala dauka.

Interbiak: 2002an sortu zan foru merkataritza soziedadearen xedea bide azpiegituren kudeaketea da, A-8 autobidearen Basauri eta Ermua arteko tartearen eta Artxandako tunelen kontserbazinoa eta Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren (Supersur izenagaz ezagutzen dana, fase barria denpora gitxi barru lizitauko dana) eraikuntza, batez be. Egiten ari diran hainbat obra be baditu (Ermuko saihesbidea eta Autzaganeko tunelak barruan hartzen dituan Amorebieta-Muxika tartea), eta baita proiektuan dagozan beste batzuk be (Uberuaga-Berriatua, Boroa-Igorre eta Meñaka-Bermeo errepide erradialak). 32 personako lan taldea dauka, eta 2018ko aurrekontua 109 milioi eurokoa da. 2035eko epemuga daukan ekonomia eta finantza plana modu egokian ari da beteten, Imanol Pradalesek esan dauenez. Aldundiak erreka azpiko Lamiakoko tunela eregiteko erakutsi dauen asmoak ez dau eraginik izango plan horretan.