Aurreko Albisteak

"Condenados a entendernos", proiektu artistiko biren arteko alkarrizketea, Batzar Nagusietako Erakusketa Aretora heldu da

Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskal Herriko Unibersidadeagaz (UPV – EHU) daukien hitzarmenak beste erakusketa bat ekarri dau Erakusketa Aretora. Amaia Molinet(Lodosa, 1988) eta Eriz Moreno Arangurenen (Bilbo, 1982), "Condenados a entendernos", artistek hainbat lekutan bizi izan dituen esperientzia personalak erakusten dituen argazki eta bideo proiektu bik osatutako lana da. Bagilaren 14ra arte zabalik egongo dan erakusketea gaur goizean inaugurau dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak. Arratsaldean erakusketea jente guztiaren aurrean aurkeztu da, artisten unibersidadeko kideak eta senideak be alkartu dituan ekitaldi publikoan.

Erakusketa, Amaia Molinet eta Eriz Moreno artisten proiektuen aukeraketa batetik sortutako alkarrizketa moduan eratu da, “biek be, mendebaldeko biztanle moduan daukagun gure egunerokotasunean agertzen ez diran gaiak ikutzen dituelako”, Filipa Duarte erakusketaren komisarioak, UPV – EHUko arte garaikidearen kontserbazino eta erakusketa masterreko ikasleak, azaldu dauenez. Horrez gain, lan biek, leku komuna proponiduten dabe euren produkzino artistikoan, maila kontzeptualean, argazkian eta bideoan egindako artelanen bitartez, “oroimen historikoagaz eta muga politikoakaz eta naturalakaz” erlazionautako gaiak landuz. Aurkeztutako artelanak leku honeetan egin dira: Islandia hegoaldean dagon Sólheimajökull glaziarrean; Eslovenian dagon Triglav mendian; Tindoufen, Aljerian, dagon Smarako errefuxiatu sahararren eremuko dunatan; eta baita Ararat mendiaren inguruetan be, Armeniatik, Turkiatik, Irandik eta Azerbaidjandik ikusita.

Alde batetik, Eriz Morenoren lana, Esloveniako eta Armeniako sinbolo nagusietako bitan oinarritzen da: Triglav mendian eta Ararat sumendian. Argazkien eta ordu biko iraupena daukien bideoen bitartez, artistak “distantzia bat jarri” gura dau beraren eta sinboloaren artean, “objektibazinoaren” bitartez. Inpartzialtasun horren emaitzea, Triglaven kasuan, mendiari buruzko lau bideotan islatzen da, lau puntu kardinaletatik egindakoak.

Amaia Molineten kasuan, proiektuaren izenburua Es posible que la tierra quisiera ser como antes de que existiera 2015 – 2018 da, eta “ia kontrajarrita” dagozan muga bitan zentratzen da. “Leku horreetatik interesetan jatena, konnotatuta ez egoteaz eta kontrajarrita egoteaz aparte, muga artifizial eta natural batean, hurrenez hurren, dagozan lekuak dirala da”. Lehenengoa, Mendebaldeko Sahara, muga politiko moduan, eta bigarrena Islandian dagon Eyjafjallajökull glaziarra, muga natural moduan.

Izenburua errumanieraz aukeratu izana, artista batek ezagutzen ez dauen hizkuntza dala da, baina baita biek batera daukien helburuetako bat Errumaniara bidaiatzea dalako, alkarregaz egingo daben lehenengo proiektua aurrera eroan ahal izateko.

Lotutako estekak: