Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Adineko Personen Autonomiaren eta Arretaren Sustapenerako Plan bat egiteko eskatzea Aldundiari
Bere mozinoa defendiduteko orduan, Javier Ruiz bozeroale popularrak epe ertaineko eta luzeko plangintzea azpimarratu dau, plana aurrera eroateko motibazino nagusien artean. Juan Otermin batzordekide sozialistak, bere aldetik, gaur egun biztanleen zahartzea “erronkea” dala esan dau, Bizkaia zahartze maila altuena dauen Euskadiko Lurralde Historikoa dalako, eta Ezkerraldea eta Bilbo dirala zahartze maila altuena daukienak. Talde Popularrak eta Euskal Sozialistak taldeak egin daben moduan, Zuriñe Argatxa jeltzaleak gogoetea egitearen garrantzia azpimarratu dau, errealidade guztiak ezagutu ahal izateko, eta konpromisoa “gizarte osoarena” izan beharko dala adierazo dau.
Oposizinoko ganerako taldeei jagokenez, Podemos Bizkaia lortutako akordioaren alde agertu da, baina “gauza bat bete ahal izatea eta beste bat horretarako behar besteko baliabide eukitea” dala esan dau, eta EH Bilduk Plana betetea gurako leukela adierazo dau, “ez aurreko hiruakaz gertatu dan moduan”. Bestelako argumenturik emon barik zuzenketa-eskearen alde agertu dan Talde Mistoaren aldeko botoagaz, proposamena aho batez onestea lortu da.
Gaur egin dan osoko saioan onetsi dan beste puntu bat, Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko 2005 – 2016 (PIGRUP) II. Plan Integrala 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzea arautzen dauen Foru Araua izan da. Bozketak Foru Gobernua eusten daben taldeen, Talde Mistoaren eta Talde Popularraren aldeko botoak jaso ditu, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia kontra agertu dira.
Elena Unzueta Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko diputatuak Batzar Nagusien aurrean azaldu dauen moduan, luzapen horri esker, Europar Batasuna Ekonomia Zirkularrari jagokonez egiten ari dan aldaketek 2030erako markauko dituen erronka barrietara egokitu ahal izango da II. PIGRUBa. Horrez gain, azpimarratu dauenez, azkenengo ebaluazinoak erakusten dauenez, Bizkaiak oso-osorik bete ditu Estaduak eta EAEak hondakinen arloan markau dituen 13 helburuetatik 10, eta beste bi modu parzialean bete ditu. Zero isurketa gordina izan da ezarritako helburuen artean bete ez dan bakarra.
Talde Popularrak eta Talde Mistoak II. PIGRUBa onesteko 2005ean lortu zan adostasuna jarri dabe balioan, eta barriro be hori lortu beharko litzatekela adierazo dabe. Horrez gain, modu positiboan balorau ditue lortutako helburuak, oraindino hobetu beharreko arloak dagozala autortu arren, zero isurketa gordina edo bosgarren edukiontziaren bitartez frakzino organikoaren ehunekoa handitzea, adibidez, batzordekide popularrak zehaztu dauen moduan. Foru Gobernuaren aldetik, Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak kontzientziazino kanpainak aitatu ditu, hurrengo urteetan hobetu beharreko ekintza garrantzitsuenen artean; batzarkide jeltzaleak, barriz, “Europako aldaketak heldu arte ezin gara geldik egon” esan dau.
Podemos Bizkaia taldeak, barriz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek oposizinoak aurkeztutako proposamenak baloretako erakutsi daben jarrera itxia kritikau eta “goitik beherako aldaketea” beharrezkoa dala berretsi dau. EH Bilduk, Aldundiak hondakinen hierarkiaren aurrean erakusten dauen begirune faltan zentrau dau bere esku-hartzea: “Hierarkiak erakusten dauenez, lehenengo egin behar dana prebenidutea da, eta Bizkaiak ez dau prebeniduten; birziklapenera, hirugarren mailara, egiten dabe salto zuzenean”.
EZUSTEKOETARAKO FONDOAK, BATZAR NAGUSIEN AURREKO BEGIRUNEA ETA EKITALDI HANDIETAKO LAN BALDINTZAK
Horrez gain, gaurko eguneko gai zerrendak EH Bilduren Foru Arau Proposamen bat eta itaunetik eratorritako mozino bi be jaso ditu; bata be ez da onetsi. Foru Arau Proposamenaren bitartez, Udalen Finantziazinorako Foru Fondora (Udalkutxa) zuzendutako aurreikuspen gaitzeko ezustekoetarako aurrekontuaren gaur egungo %0,75a %1 bilakatzea bilatzen eban, une honetan indarrean dagona hondamendi naturalei aurre egiteko ez dala nahikoa adierazoz. Hondamendi horreen artean aurton Muxikan, Ondarroan edo Bakion gertatutakoak aitatu ditu. Oposizinoko talde guztiak alde agertu diran arren, batzarkide jeltzaleek eta sozialistek kontrako botoa emon dabe, azkenengo lau urteetan fondoa ez dala osorik gastau adierazota.
Landu dan bigarren gaia, Batzar Nagusien aurrean izan beharreko begiruneari buruzkoa izan da, eta bertan eskaria egin jako Foru Aldundiari, izapidetze prozesuan dagozan proiektuak, komunikabideen aurrean “daborduko onetsita egongo balira moduan” ez aurkezteko. Komunikazino politiken eta, Euzko Abertzaleak taldearen eretxiz mozinoa “bidebakoa” izatearen gaineko eztabaidaren ostean, mozinoa ez da onetsi, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak aldekoa eta Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin diralako.
EH Bilduk aurkeztu dituan mozinoen artean onetsi ez dan azkenengoak Bizkaian egingo diran ekitaldi handietako kontratazinoetan gizarte arloko klausulak sartuko dirala bermatzea eskatzen eutsan aldundiari, eta baita OSALANek laneko osasunaren jarraipena egitea eta bertako produktuen eta enpresa txikien eta ertainen zerbitzuak sustetea be. Imanol Pradales diputatuak emondako erantzunagaz jarraituta, Foru Gobernua eusten daben taldeek legetasunaren presunzinoaren aurrean begirunea eskatu dabe, gauza horreek daborduko egiten dirala adierazoz. Azkenean, mozinoa ez da onetsi, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak eta Talde Popularrak kontrako botoa emon dabelako, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak aldekoa eta Talde Mistoa abstenidu egin dalako.
GIZA ESKUBIDEAK MOIN SAREAN
Ohiko osoko saioa Talde Mistoaren azkenengo mozino bategaz osatu da. Bertan eskaria egiten jakon Foru Aldundiari, MOIN SAREAREN barruan giza eskubideen errespetua sustetea eskatuz. Mozino hori, Singapurrek eta Dubaik sarearen barruan daukien partaidetzan oinarritu da, izan be, Talde Mistoaren eretxiz, herrialde horreek ez ditue giza eskubideak errespetetan. Gobernuko taldeek adierazo daben kontrako eretxia azaltzeko orduan, “giza eskubideak errespetauko ez balira, Foru Aldundiak ez leuke parte hartuko”, esan dabe. Bozketea Podemos Bizkaiaren aldeko botoagaz, Talde Popularraren kontrakoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz osatu da.