Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak Lope Garcia de Salazar bandokidearen hazur gorpuzkinak ezagutzeko aukerea eskini deutso gaur jenteari

Gorpuzkinak 1948an atara ziran hobitik, garai haretan Aldundiko presidentea zan Javier Ybarrak eta Bizkaiko Kulturako Batzarraren Idazkari Nagusia zan Esteban Calle Iturrinok aginduta. Real Sociedad Bascongada de Amigos del País alkarteak antolatutako jaia prestetako, San Martingo baseleizan indusketa egiteko eskaria egin eben. Aurkitutako gorpuzkinen artean ezkerreko izterrazur bat, parietalaren eta frontalaren zati bat (buruhazurra), matrailazur bat, orno bat eta oineko eta eskuko hazurrak egozan. Lehenengo behaketea egin ostean, Lope Garcia Salazarrenak eta 12 urteko alabarenak izan eitekezala ondorioztatu zan.

1999an hazurrak Muskizko San Joan eleizatik Enkarterrietako Museora eroan ziranean bandokideari eskinitako erakusketea egin zan. Orain urte bi, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak, Pedro Castaños paleontologoaren bitartez, lehenengo Karbono 14 analisia egin eben, baina emaitzea ez zan oso argigarria izan. Aurton bertan El Pobal Burdinolagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera egin diran beste azterketa batzuei esker, hazurrak 1445-1524 ingurukoak dirala ikusi ahal izan da, eta hori bat dator Lope Garcia de Salazarren heriotzeagaz.

Orain arte egindako azterlanek hazur gorpuzkinak Enkarterrietako persona horrenak diranik zalantza barik argitu ez daben arren, nahiko argi dago Salazar – Muñatones leinuko kideren batenak dirala.

LOPE GARCIA DE SALAZAR

1399an jaio zan Lope Garcia de Salazarren bizitza gerraz eta erbestez betetako espiral batean murgilduta egon zan hasieratik; bere maiorazgoa izan zan seme nagusiagaz, Juana de Butron eta Mujicagaz izandako ezkontzan jaiotako Joan “mauruagaz”, izandako gatazken eragile nagusia. 1457an, Enrique IV Erregearen aginduz, hiru urtez Bizkaitik kanporatua izan zan; horren ondorioz sortutako hainbat gertakari dirala eta, Lope gainbeheran sartu zan, eta semeak hartu eban haren lekua leinuaren buru moduan. Azkenean, 1476ko zemendiaren 9an hil zan Muñatoneseko San Martin torrean, alabeagaz batera, pozoituta. Lope Garcia de Salazarrek idatzitakoak ei dira Bizkaiko historiaren arloan oso garrantzitsuak diran lan bi: Crónica de Bizkaia eta Bienandanzas e Fortunas.