Adierazpen Instituzionala: LGTBIFORIAREN aurkako eguna
Bistan da urratsak egin direla aurrerako bidean, bai legegintzaren alorrean bai gizartearen iruditeriaren erakuntzan. Lehenaren erakusgarri, hor dugu Euskadiko 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, eta, geroago emana, abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa. Lorpen handiak izan dira biak, bata zein bestea lagungarri izan baitira aniztasun sexuala eta generozkoa sendoago errotu daitezen gure eguneroko bizimoldean. Ez gaitezen, ordea, engainatu: LGTBIfobia ez da desagertu.
Ondo gogoan izan behar dugu, 2018garren honetan, kolektiboak mundu zabalean bizi duen egoera gorria. Ez dezagun ahaztu LGTBIfobia gorrotoaren agerbide zabalduenetako bat dela, eta badirela 70 herrialde baino gehiago kode penalean jasota dutenak, genero-aniztasunaren aukera, identitate eta adierazpide oro berariazko arauekin erreprimitzeko, eta badirela, izan, LGTBI kolektiboa heriotza-zigorrarekin mehatxatuta dagoen herrialdeak ere, edo beste askotan ezin konta ahala direla pertsona hauen aurkako gorroto-krimenak. Urruneko kontua dirudi, bai, baina ez hain urruna, eta horren froga ditugu sufrikario horretatik alde egiteko asilo-eskaerak, inoizko ugarienak azken aspaldian.
Ertzaintzak gorroto-delitu eta -diskurtsoei buruzko 129 gertakari erregistratu zituen. Horien %25, sexu orientazioari edo genero identitateari buruzkoak. Zifra horiek goraka doaz urtetik urtera. Batetik, gizarteak indarkeri mota hori desnaturalizatzen diharduelako, zer den identifikatzen du, eta baita publikoki salatu ere. Bestalde, datuak arazoaren erpin bat baino ez direlako: sakonagoa da sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik ematen den egiturazko diskriminazioa eta indarkeria. Hori erakusten dute gorroto-delituei buruzko bi txostenetan bildutako datuek. Txosten horietako bat Barne Ministerioak egindakoa da, eta, bestea, Euskadin, Eraberean Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Sareak egindakoa.
Komeni zaigu gogoratzea oraindik ere bizirik daudela gurean aurreiritzi sexualak, eta haien ondorioz sailkatu eta zokoratu egiten ditugula pentsamolde heteroarautzailetik aldentzen diren sexualitateak, ez dela amaitu trans kolektiboaren patologizazioa, ez direla desagertu LGTBIen kontra diharduten erakunde atzerakoi amorratuak, desagertu ez diren bezala jokaera homofobikoak gure ikastetxeetan. Guztiz ikusgai agertzen ez diren bitartean lesbianek ez dutela legitimitate sozial osoa eskuratuko, ez dutela beren eskubideak askatasunez baliatzerik izango, beldurgarri dela nola ari den zabaltzen LGTBIfobia sare sozialetan...
Horrez gainera, LGTBI+ mugimenduaren ekarpenak ere aitortu egin behar ditugu. Eurei esker, gaia ikusgai egiten eta legitimatzen ari da. Hori dela eta, arduraz, beren behar eta proposamenak aintzat hartzen jarraitu beharra daukagu. Ezin dugu ahaztu babes berezia behar dutela kalteberatasun handiagoko egoeran dauden kolektiboak (pertsona nagusiak, migratzaileak, haurrak eta nerabeak…).
Uste dugu LGTBI kolektiboarenganako konpromisoak argi agertu behar duela Erakunde Publiko zein eragile sozial guztion zereginen artean, bizirik dirauten bazterkeria moduei kontra eginez bidea urratzen baitugu gizarte errespetutsuago, bidezkoago eta integratzaileago baterantz.
Horixe du bere konpromiso eta helburu Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Batzar Nagusiak:
1. Berresten du Bizkaiko erakunde guztiek jardun behar dutela oinarrituz tratu berdintasunaren printzipioan eta sexu orientazioagatiko edo genero identitateagatiko ez diskriminazioaren printzipioan, eta bizkaitar gizartea animatzen du printzipio horiek defendatu ditzan eta horien arabera jardun dezan.
2. Sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik egindako diskriminazio, jazarpen edo indarkeria mota oro baztertzen du.
3. Kezka adierazten du, Euskadin gutxienez 32 salaketa izan direlako sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik egindako delitu eta diskurtsoak direla eta. Salaketa horiek, kasu guztien %25 dira, Segurtasun Sailak emandako azken datuen arabera. Era berean, gure gizarteak egindako aurrerapausuak eginda ere, publikoki salatzen du pertsona horiek jasaten duten indarkeria hori egiturazko desberdintasun eta diskriminazioaren ondorio dela.
4. Neurriak bultzatzen jarraituko du eskubideen ariketa erreala eta benetakoa lortzeko dauden oztopo guztiak gainditzeko, eta eremu guztietan indarkeria LGTBI+fobikoko edozein mota prebenitzeko eta baztertzeko.
5. Gaitzetsi egiten ditu Munduko edozein lekutan dauden lege, prozedura eta neurriak, ekintzaz edo ez-egitez, sexu orientazioko edo genero identitateko arrazoiak medio, pertsonak diskriminatu edo kriminalizatzen dituztenak eta giza eskubideen defendatzaileak jazartzen dituztenak.
6. Europar Batasunari hertsatuki eskatzen dio gogor gaitzetsi ditzala munduko edozein lekutako legeak, LGTBI+ pertsonen eta LGTBI+ giza eskubideen defendatzaileen aurka egiten dutenak.
7. Espainiako Gobernuari hertsatuki eskatzen dio arreta berezia bermatu diezaiela, delegazio diplomatikoetan eta mugetan, sexu orientazioagatik eta genero identitateagatik, edota lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen giza eskubideen defentsagatik, jazartutako pertsonen asilo- eta errefuxiatze-eskaerei eta –prozedurei.