Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua Artxandako tuneletako segurtasun arduradunaren izendapenari buruzko argibideak emoteko batzorderatuko da
Datorren martitzenean, urriaren 30ean, Bizkaiko Batzar Nagusietara joango da Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua, Itziar Garamendi, oposizinoko taldeek eskatuta, bere Sailaren ardurapeko zenbait gairi buruzko argibideak emotera. Sei egun igaro ondoren, Diputatu andrea barriro be joango da Batzordera Artxandako tuneletako segurtasun arduradunaren izendapenari buruzko argibideak emotera eta BI-625 errepideko sarbideak hobetzeko Ugaoko Udalagaz izenpetutako Hitzarmena azaltzera. Era berean, Garamendi andreak azaldu egingo dau zertan dagoan Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea egiteko lurren desjabetzeen inguruan gertatukoa.
Bildu Taldeak Foru Diputatu andrearen batzorderatzea eskatuta dauka argitu dagian Artxandako Tuneletako segurtasunaren arduradun SENER ingeniaritza enpresako teknikari bat izendatu izana. Talde horrek jakin gura dau ea zenbat ordainduko jakon, ea zergaitik lan hori funtzionario publikoek ezin daben egin eta ea izendapen horrek ez ete dakarren funtzinoen bikoizketea Sailari berari atxikitutako pertsonalagazko.
Horrezaz ganera, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak jakin gura dabe zein dan Diputatu andrearen eritxia Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea egiteko Larraskitun egindako lurren desjabetzeak dirala-ta Bizkaiko Fiskaltzak abierazotako diligentzien inguruan. Batzorderatze-eskari biok uztailaren 9an aurkeztu ziran, eta egun batzuk beranduago jakin zan Bilboko Instrukzino Epaiteak erabagi ebala norbanako batek Aldundiaren arduradunen aurka eta Bilboko Udalaren funtzionari baten aurka aurkeztu eban prebarikazino-salaketea artxibatzea, hain zuzen be Saihesbidea egiteko beharrezkoa zan Hormigones Vascos enpresaren porlanerako planta bat jarteko lurrak desjabetu eutsiezalako aurkeztutakoa.
Beste alde batetik, Bildu Taldeak Garamendi andrearen batzorderatzea eskatuta dauka ezagutzeko N-625 errepiderako sarbideak Zollorako tunelpean hobetzeko Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Ugaoko Udalaren artean izenpetutako Hitzarmenaren inguruko gora-beherak. Talde horrek uste dau, udalerrirako sarbideei buruz LEBER enpreseak 2012ko apirilean egindako txosten baten oinarrituta, Aldundiak eta Udalak bultzatutako proiektu hori ez datorrela bat “ustez” herriak euki eta Hitzarmenean aitatzen diran beharrizanakaz, eta proiektu horren bitartez ez dala jasoten “Ugaoko herritarrek bide zati hori oinezkoentzako bihurtzearen inguruan adierazo daben borondatea”.
Batzordea eguerdiko 12:00etan hasiko da Batzar Nagusien Bilboko egoitzan eta Bilborako Santo Domingoko sarrereari buruz Bizkaiko Talde Popularrak orain hilabete inguru aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko dau lehenengo-lehenengo. Talde horrek gura dau Aldundiari eskatu dakiola hormigoizko erdibitzailea jartea Santo Domingoko ganan, ikusita azkenaldiotan izan diran istripu bitan gidari bi hil dirala.