Iraunkortasuneko diputatuak modu positiboan balorau ditu 2017an birziklatzearen arloan Bizkaian lortu ziran emaitzak
Iraunkortasun Saileko Foru arduradunak orain hilebete datu horreek aurkeztu ebazan arren, 2017an arlo horretan lortutako datuen balantze orokorra egin dau. Horreen artean, birziklatzeko batuketa selektiboaren tasea %4,65 igon dala azpimarratu dau, holan, gure lurraldean tratatu ziran hondakinen tasea %48,43ra helduz. Diputatu andreak azaldu dauenez, datu horrek gero eta gehiago hurbiltzen dau Bizkaia Estaduko arautegiak 2020rako ezarri dauen helburura, hau da, %50era. Foru erakundearen beste helburuetako bat hondakinen murrizketea eta zero isurkin gordina lortzea da. Lehenengo kasuan, 2017an, %2,61eko murrizketea lortu zan, eta Bizkaiko hondakin gordinari jagokonez, oraindino %1,88an dagola esan behar da.
Diputatuak adierazo dauenez, hondakinen kudeaketa horrek “oso leku garrantzitsua beteten dau ekonomia zirkularrean”, izan be, “hondakinen hierarkia indarrean jarten dan modua zehazten dau”. “Birziklatze tasa altuak ekarriko leukezan” hondakinen hierarkia hori holan ordenetan da: prebentzinoa; barriro erabilteko prestetea; birziklatzea; bestelango balorizazinoa; eta deuseztapena. Holan, Aldundiko arduradunak kontzientziazino ekintzak, garbiguneak edo hondakin handietarako Berziklatu plantea azpimarratu ditu, hierarkia hori bete ahal izateko ekintza nagusi moduan.
Erantzunen txandan, Talde Mistoko ordezkariak hondakinen tratamentuan espezializautako industrien faltea azpimarratu dau. Talde Popularra, barriz, emondako datuakaz ados agertu da. Gaur aurkeztutako datuen artetik batzuk “txirriau” egiten deutsiela adierazo dauen Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk, euren aldetik, kontzientziazino kanpainak birziklatzera zuzenduta egotea kritikau dabe, hondakinak murriztera zuzenduta egon beharrean. Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak, bere aldetik, konpostatzea urten daiten bultzatzea proponidu dau, hori erabilten daben enpresei begiratuta, eta batzordekide jeltzaleak, barriz, “danok alkarregaz pedalei emoten jarraitzeko” konbitea luzatu deutse talde guztiei.
SAGUZARREN PRESENTZIA ERREKATXUKO KOBAZULOAN
Elena Unzueta diputatuak beste agerraldi eskari bati be erantzun deutso, oraingo honetan Podemos Bizkaia taldeak egindakoari, Ignacio Garin UPV – EHUko ikerlariak egindako txostenaren inguruan, hain zuzen be. Txosten horretan adierazoten danez, Errekatxuko kobazuloan (Mundaka) bost saguzar mota dagozala egiaztau ahal izan da, eta horreetatik lau babestutako espezieen katalogoan jasota dagoz. Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera eroango dituan neurrien ganeko interesa erakutsi dau, gaur egun eraikinak eregiten ari diralako kobazulotik gertu, eta obra horreek eragina euki daikelako bertan. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, dokumentu hori, mehatxatutako espezieen kudeaketa planak idazteaz arduratzen dan eta Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek osatzen daben Batzordera eroango da, bertan baloretako eta emon beharreko pausuak emoteko. Holan, talde guztiak bat etorri dira gai hori ahalik eta arinen konpondu behar dala esatean.
ONETSI EZ DIRAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Eguneko gai zerrendea, onetsi ez diran Arauz Besteko Proposamen bigaz osatu da. Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen lehenengoan Bizkaiko hondartzetan aparketako egoten diran arazoen ganeko konponbidea bilatzeko eskatzen jakon Foru Aldundiari. Ekimen horrek EH Bildu taldearen aldeko eretxia baino ez dau jaso, eta Foru Gobernua eusten daben taldeek ez dabe onartu, Foru Erakundeak horretarako eskumenik ez daukala esanez. Bozketan, Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin dira.
Bigarren ekimenak, Talde Mistoarenak, 2019tik aurrera bisoi europarraren babeserako LIFE+ programa barria bultzatzeko eskatzen eban. Oposizinoko taldeak alde agertu diran arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onetsi, urte honetako programari esker lortu diran datuak baloretako urtea bukatu arte itxoin behar dala esanez.