Aurreko Albisteak

BOSeko, Euskalduna Jauregiko eta museoak eta ondarea kudeatzen dituan BizkaiKOA erakundeko arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusien Kulturako Batzordearen aurrera etorri dira

Euskera eta Kultura Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako Batzordeak Lorea Bilbao Foru diputatu arduradunaren agerraldia jaso dau gaur goizean, sailaren esku dagozan soziedade publikoetako hiru goi karguk lagunduta: Ibon Aranbarri, BOSeko (Bilbao Orkestra Sinfonikoa) zuzendari nagusia; Andoni Aldekoa, Euskalduna jauregiko zuzendari nagusia; eta Asier Madarieta, BizkaiKOAko, hainbat museo eta lurraldeko kultur ondarearen parte handia kudeatzen dauen erakunde publikoko, gerentea.

Agerraldi horreek, Talde Mistoak eta EH Bilduk egin dituen eskariei erantzuten deutsee, azken asteetan foru erakunde autonomoetako eta foru sektore publikoko enpresetako arduradunak Bizkaiko Batzarretako batzordeetara joan daitezan eskariak bideratu dituelako, erakunde eta soziedade bakotxaren jarduketen eta proiektuen, plan estrategikoen, bertako beharginen baldintzen eta horreen jarduereagaz erlazionautako bestelako gaien inguruko azalpenak emoteko.

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA

BOS - Fundación Juan Crisóstomo de Arriaga Fundazinoa - Bilbao Orkestra Sinfonikoa, foru erakundeari jagokonez, Lorea Bilbaok adierazo dau Euskadi osoan ibilpide luzeena daukan musika sinfoniko taldea dala, eskintza dibertsifikaua eta kalidade handikoa daukana, “benetako luxua, berba horren esanahi onenean”, eta erakunde estrategikoa dala Kulturako Foru Sailerako. Lantaldea 86 musika-tresna jotzailek eta administrazinoko beharrak egiten dituen 11 beharginek osatzen dabela be zehaztu dau, eta soldatetan urtean sei milioi euro eta erdi baino apur gehiagoko gastua daukala. 2015etik BOSeko zuzendaria dan Erik Nielsenen lan bikaina be azpimarratu dau “beragaz oso hartu-emon ona daukagula” adierazoz.

Batzar Nagusien aurrera lehenengo aldiz etorri dan zuzendari nagusiak talde guztiek planteautako itaunei erantzun deutse. Holan, azaldu dauenez, une honetan orkestrak 2.682 abonu ditu, musika sinfonikoko 2.435 eta ganberako musikako 247. Aranbarri pozik agertu da erakundearen aurrekontuagaz, eta lantaldea gaztetzeko prozesua azpimarratu dau. Horri esker gero eta emakume gehiago dago –gaur egun lantaldearen herena, gitxi gorabehera– eta Espainiako estadutik etorritako musika-tresna jotzaile kopurua be gero eta altuagoa da, azken 35 urteetako handiena. Orkestrak aurrean dituan gertakari garrantzitsuen artean, 2019an Omanera egingo dauen bira aitatu dau, 2009an BOS Japoniara joan zanetik hamar urte beteten diranean. Horrez gain, lau urte barru mendeurrena ospatuko dauela aitatu dau. Ospakizun hori merezi dan moduan ospatuko dau orkestrak, “baina etxea leihotik bota barik”.

EUSKALDUNA SINFONIKOA

Euskalduna Jauregia Palacio Euskalduna, S.A. izan da Euskera eta Kulturako Batzordera etorri dan bigarren foru erakundea. Lorea Bilbaok esan dauenez, “kulturaren arloko lehen mailako erakundea” da, “gaur egun ezinbestekoa Bizkaiarentzat”, eta azaldu dauenez, bazkide bakarra Foru Aldundia daukan soziedade anonimoa da. 1994an sortu zan, instalazinoak 1998an inaugurau ziran, 2003an mundu osoko kongresu jauregi onena izendatua izan zan eta 2012an handitu egin zan. Bertako ekipamendu maila altua eta urian daukan kokaleku pribilegiaua nabarmentzeaz aparte, azkenengo ekitaldian lortu ebazan 6,8 miloi euroko diru-sarrerak azpimarratu ditu.

BOSeko zuzendariagaz gertau dan moduan, Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusia lehenengo aldiz etorri da Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera, eta alderdi politikoetako ordezkariek planteautako zalantzak eta itaunak erantzun ditu. Jauregiaren beste handitze posible bati jagokonez, Aldekoak argitu dauenez, epe laburrean eta ertainean “eraikinaren modernizazinoan eta digitalizazinoan inbertidutea” baino ez dago aurreikusita “lehiakorrak izaten jarraitzeko”, eta etorkizunean ustiatzen jarraitu beharko dan elementu bereizlea dan uri ingurunean daukan kokalekuko 22 aretoetan erabilgarri dagozan 58.000 metro karratuen aldeko apustua egitearen alde agertu da. Sarrera nagusian eta barruko eskileren sarbideetan orientazino arazoak gertatzen dirala autortu dau, eta, horri jagokonez, barruko seinaleztapen eta mobikortasun plan barria iragarri dau, seinaleetan hobekuntzak sartuz eta personen joan-etorriak bideratzen lagunduko daben elementu mekanikoak gehituz.

Kultur eskaintzaren ikuspuntutik, “gu ez gara kultur sustatzaileak” argitu dau, baina harro agertu da “arlo horretako partner garrantzitsuakaz” daukien lankidetzea dala eta, BOSegaz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz, OLBEgaz, Bilboko Musika Bandagaz edo Bilbao 700 Fundazinoagaz, adibidez”. Eta horri jagokonez, “hemen gagozala esan deutsagu arte eszenikoen munduari, euren proposamenak guri ekarteko, gugaz behar egitearen aukerea ikusi daien” adierazo dau. Podemos taldearen itaun bati erantzunez, azpi-kontratazinoa derrigorrezkoa dala azaldu dau, “egun batzuetan ez dagolako ezelango jarduerarik eta beste egun batzuetan, barriz, egun bakarrean, 4.500 persona etorten diralako hamar jarduera baino gehiagotara, eta horreetako bakotxak zerbitzu desbardinak eskatzen ditu”.

BIZKAIKOA

Hirugarren eta azken agerraldia BizkaiKOAren inguruan zentrau da. Foru Aldundiaren esku dagon enpresa erakunde publikoa Bizkaiko kultur ondarea hedatzeko eta hainbat museo (Bilboko Arkeologia Museoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bermeoko Arrantzale Museoa, Balmasedako La Encartada Museoa eta Muskizeko Pobal Burdinola) eta beste azpiegitura batzuk (Bilboko Errekalde Aretoa, Bakioko Txakolingunea, Santimamiñeko kobak, Omako Basoa, Foruko aztarnategi erromatarra, Muñatoneseko gaztelua…) kudeatzeko xedez sortu zan.

Kulturako Foru Diputatuak adierazo dauenez “erakunde hori da etxe honetan gehien ezagutzen dana”, 2011n martxan jarri zanetik Batzar Nagusietan berari buruzko hainbat ekimen landu diralako. Lantaldearen (20 persona) eta aurrekontuaren (4,8 milioi azken urtean) datuak azaldu ditu, eta ekitaldi honetako ekimen garrantzitsuena Europan Ondarearen Urtea ospatzen dala esan dau, “gure kasuan, ospakizunak 35 jarduera baino gehiago jasoko ditu, gure ondare ezkutua herritar guztiengana hurbiltzeko”. Asier Madarieta erakundeko arduradunak, “txipa aldatzeko, gure museo txiki guztiei bueltea emoteko” beharra azpimarratu dau, eta arlo horretan egiten ari diran esfortzuak be nabarmendu ditu. Dana dala, zehaztu dauenez, “igaz 200.000 bisitari baino gehiago izan genduzan, eta hazten jarraitzen dogu”. Ibilpide arkeologiko barriak jarriko dirala martxan be iragarri dau, horreen artean Zin-egite Ibilpide bat urte honetan bertan.