Ogasuneko Foru Diputatuak modu positiboan balorau dau finantza erakundeek PFEZren 134.000 aitorpen egiteko emoten daben laguntzea

Aldundiko arduraduna Batzarretako EH Bildu taldeak eskatuta agertu da Bizkaiko Batzar Nagusietako Finantza eta Ogasuneko Batzordearen aurrera. Talde horrek, errentaren eta ondarearen kanpainarako finantza erakundeakaz sinatuta dagon hitzarmenari jagokon aurreko urteko gastuaren banaketeari edo aitorpenak euskeraz bete ahal izateko bermeari buruzko informazinoa eskatu dau, beste gai batzuen artean.
Iruarrizagak zehaztu dau sei dirala erakunde laguntzaileak (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Banco Sabadell eta CaixaBank), eta 300 bulego inguru eskintzen deutseezala herritarrei, euren aitorpenak aurkezteko. Horreen guztien bitartez, igaz 134.000 aitorpen baino gehiago aurkeztu ziran, eta 3.500 baino gehiago izan ziran euskeraz aurkeztu ziranak. Ogasun Sailak 1.676.454,92 € ordaindu ebazan horregaitik, eta aurton barrikuntzak sartu dira, egiaztagiriak eskaneetako aukerea eta finantza erakundeei eskinitako zerbitzuarengaitik ordaindu beharrekoa kalkuletako taula barria. Foru Diputatuak adierazo dauenez, 1994tik egiten ari dan esperientzia “oso positiboa” da, zerga arloko betebeharrak beteten laguntzen dauen zerbitzu osagarria dalako. Estadu mailan, zerbitzu hori Bizkaian baino ez da eskintzen.
Zergak ordaintzearen ganeko sensibilizazino kanpainea
Beste alde batetik, José María Iruarrizagak herritarren zerga arloko betebeharrakaz erlazionautako beste itaun bati be erantzun deutso, Bizkaiko Talde Popularreko Javier Ruiz batzordekideak zergak ordaintzearen ganeko sensibilizazino kanpainari buruz egindako erantzun-eske bati erantzunez. Batzordekideak, herritarrak arlo horretan kontzientzietako Ogasun Sailak aurrera daroazan ekimenen gainean galdetu dau.
Horri jagokonez, Aldundiko arduradunak hainbat jarduketa ildo dagozala azaldu dau, persona fisikoei eta juridikoei zuzenduta, “mezu nagusi bitan zentrauta: lehenengoa, ez dagola betebehar fiskala ez beteteko atxakirik; eta bigarrena, betebehar hori beteten ez dauenak, ordaindu egiten dauela”. Foru Diputatuak beste ekimen batzuk be jarri ditu balioan, DBHko 4. mailatik aurrerako ikasleei zuzendutako hezkuntzako moduluak, ikasturte honetan 62 ikastetxera heldu diranak, edo Ogasun Sailak urtero komunikazino kanpainetan inbertiduten dituan 175.000 €-ak. Itauna egin dauen batzordekidearen eretxiz, Foru Ogasunak “informazino asko emoten dau, baina ez da asko ahalegintzen sensibilizazinoan, zergak zertarako ordaintzen diran eta ekarten dituen onurak azaltzen”.
Estaduko Loterien eta Apustuen Bizkaiko ordezkaritzea
Podemos Bizkaiak aurkeztutako eguneko gai zerrendako ekimen bi baztertu egin diranez, Batzordeko eguneko gai zerrendea EH Bilduk eta Talde Mistoak Estaduko Loterien eta Apustuen Bizkaiko ordezkaritzaren, horren gaur egungo errealidadearen eta aurreikuspenen gainean egin dituen eskari bigaz osotu da. Horri jagokonez, José María Iruarrizagak azpimarratu dauenez, “hori da, hain zuzen be, ordezkaritza bat, bere salmenten araberako komisino bat jasoten dau eta ezin ditu planak edo jarduerak ezarri, horreen eskumenak Estaduarenak diralako”. Azaldu dauenez, 23 personak osatutako lantaldea dauka, eta aurton 1,7 milioi euroko aurrekontua. Bitartekaritza lanak egiten ditu Quiniela, el Quinigol, Loteria Primitiva, Bonoloto, Gordo de la Primitiva, Euromillones eta Apuesta Hípica izenekoen txartelak be saltzen dituan eta 285 saltokik osatzen daben sare komertzialagaz.
Ordezkaritzak dituan galeren eta apustu horreek kudeetan dituan estaduko erakundeagaz dagon negoziazinoaren ganeko informazino eskariei erantzunez, Iruarrizagak esan dau beherako joerea erakusten daben modalidadeak dirala, online jokoa dala eta, eta jasotako komisinoa ez dala nahikoa jarduera errentagarria izan daiten. Halanda be, esan dauenez, bere Saila ahalik eta komisinorik hoberena lortzen ahaleginduko da, Madrilegaz egin behar dan negoziazinoan, baina ez da inoiz soldatak jeistea edo zerbitzua pribatizetea planteau, Bizkaia, Bartzelonagaz eta Jaenegaz batera, zerbitzu horrek publikoa izaten jarraitzen dauen probintzia bakarra dan arren.