Aurreko Albisteak

Ibone Bengoetxea Herri Administrazino diputatuak Zugastelen, Bizkaytiken eta Lantiken 2018ko proiektuak zehaztu ditu

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Ibone Bengoetxea Herri Administrazino eta Erakundeen arteko Hartu-emonetarako diputatuak Bizkaytik, Zugastel eta Lantik foru soziedadeen 2018rako aurreikusitako jarduketak eta proiektuak eta aurrekontuko gastua zehaztu ditu gaur goizean Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean. Agerraldiak, EH Bilduk eta Talde Mistoak egindako hiru agerraldi eskariri erantzuten deutse. Hasiera batean erakundeetako zuzendaritzei zuzenduta egon badira be, Foru Arduradunak hartu ditu bere gain, bera dalako hiruen Presidentea.

Foru diputatua Bizkaytik erakundetik hasi da. Sortu zanetik 10 urte beteten dituan honetan, erakundearen helburu nagusiak herritarrak Administrazinora gerturatzea eta udal sistema informatikoak barriztetea da. Holan, diputatuak esan dauenez, erakundearen asmoetako bat Bizkaia “erreferentea” bilakatzea da, administrazino elektronikoari jagokonez, eta espezializautako Bake Eder Ezagutza Zentroak oso leku garrantzitsua beteten dau egiteko horretan. 4,9 milioi euroko aurrekontua eta 15.000 euroko inbertsinoa daukien eta Bengoetxea diputatuaren berbetan 2018an gauzatuko diran moduluen artean dobako posta elektronikoa, udal kudeaketako sistema informatikoa (erregistroa, erroldea…), webguneen mantentze lanak edo Datuen Babeserako Lege Organikoaren azterketea eta ezarpen zuzenaren jarraipena dagoz, beste batzuen artean. Horretarako sei personak osatutako lan taldea dauka.

Ibone Bengoetxeak foru soziedadeak egindako beharraren balorazino positiboa egin dau, eta adierazpen hori, zerbitzua erabilten daben 112 udalerriek emon deutsien eta ia bikainera ailegetan dan notan oinarrituta egin dau.

Bigarren esku-hartzean, Aldundiko arduradunak 2018rako jarduerak integretan dituen lau blokeak zehaztu ditu: dokumentuen goi mailako grabazinoa eta digitalizazinoa, une honetan beherantz doan jarduerea; presentziazkoa ez dan kanal anitzeko arreta zerbitzua; herritarren arretarako kanal anitzeko azpiegituren diseinua eta garapena; eta marketin digitala. Horreetarako guztietarako, “erakundeak Kudeaketa Sistema Integraua” definidu dau, eta horreen egitekoen artean “informazinoaren kalidadea eta segurtasuna” ziurtatzea dago. Zugastelek 5 milioi euroko aurrekontua dauka, 300.000 euroko inbertsinoa eta 45 lanpostu.

Azkenengo agerraldia Lantik erakundeari buruzkoa izan da. Aldundiko ordezkariak, 70 milioi euroko aurrekontua daukan erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetan aurrera eroango dituan proiektu teknologiko ugariak aitatu ditu. Horretarako 232 lanpostuz osatutako lantaldea dauka, 2009an sinatutako hitzarmenak araututakoa; gaur egun, Herri Administrazino eta Erakundeen arteko Hartu-emonetarako diputatuak adierazo dauen moduan, “hitzarmena eguneratzeko eta adostutako terminoak sartzeko” ari dira beharrean.

Euren erantzun txandan, Talde Mistoak, Podemos Bizkaiak, eta EH Bilduk hiru erakundeak bateratzeko aukerea jarri dabe mahai gainean, kostuak aurrezteko xedez;horri jagokonez, diputatuak adierazo dauenez, “hiru soziedadeek zer edo zer komunean izan daikien arren, bakotxaren uneak eta erritmoak desbardinak dira une honetan”. Talde Popularreko ordezkariak, bere aldetik, hiru soziedade horreen erabilgarritasuna kritikau dau, eta, ganera, Bizkaytik eta Zugastel erakundeen kontratazino erespideak arbitrarioak dirala esan dau. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, barriz, hiru kasuetan gizarte arloko klausulak sartzearen aldeko interesa erakutsi dabe, eta diputatuak esan dau, Zugastelen kasuan, kontratu guztiek gizarte arloko klausulak dituela. Hiru kasuetan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, gaur emondako informazino guztia gardentasunaren webgunean dagola gogorarazo dabe, eta diputatua Batzarretara etortea balioan jarri dabe, “errespetua erakusten dauela” azpimarratuz.