Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe baimen bako absentzietarako baterako jarduneko Protokoloaren aplikazinoaren ganeko ekimena

Gizarte Ekintzako Batzordea

Gizarte Ekintzako Batzordeak aho batez onetsi dau gaur goizean Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaria egiteko, Baimen bako Absentzietarako Baterako Jarduneko Protokoloaren Jarraipenerako Batzordearen deialdia eskatu daian eta bertan, arreta bereziko soslaia daukien adinbakoen kasuetan aurrera eroan beharreko jarduketen eta adinbakoak aurkitu ostean jarduketak gauzatu beharreko moduaren gaineko puntu bat sartu daian.

Proposamena aurkeztu dauen Podemos Bizkaia taldeak adierazo dauenez, Protokoloak ez ditu jasoten jokabide disruptiboa daukan umearen edo nerabearen bilaketa lanetan gauzatu beharreko jarduketak, ezta adinbako hori aurkitu ostean aurrera eroan beharreko ekintzak be. Horrez gain, talde horretako ordezkariak azpimarratu dauenez, arriskutsua da “iraganean babes faltea emon deutsien familiako eta gizarteko giroetara itzultzea”. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako ordezkariek balioan jarri dabe zuzenketa-eske transakzionala onetsi ostean lortutako adostasuna, eta ordezkari jeltzaleak esandakoaren funtsa konpartidu dabe. Adierazo dauenez, “sistemak hobetzeko aukerak dituan arren, balorau egin behar da orain arte egindako beharra”.

Talde Mistoagaz batera ekimenaren alde agertu diran eta Protokoloak aldaketa bat behar dauela esan daben EH Bildu eta Talde Popularra ekimenaren alde agertu dira, eta prebentzinoaren printzipioa azpimarratu dabe, dokumentuan faltau ezin dan oinarri gisa.

ESKARIAK EBAZTEKO EPEALDIA ETA ATECE

Eguneko gai zerrendea Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuaren agerraldiagaz osatu da, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta, gai bi lantzeko. Lehenengoan, desgaitasuna ebaluetako eskaerak ebazteko denporearen ganekoan, Foru Aldundiak aurretik emondako idatzizko erantzuna eskasa dala esan dau EH Bildu talde eskatzaileak. Horri jagokonez, Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dau Aldundiak jaso dauen eskari kopuruak gora egin dauela, kanpotik etorritakoak eta Arreta Goiztiarreko Esku-hartzetik etorritakoak, eta modu “parzialean” bada be, igoera horrek “eraginak dituala hurrengo ekitaldiko ebazpenetan”. Halanda be, adierazo dauenez, dokumentazinorik aurkeztu behar ez dan kasuetan itxaroteko behar dan denporea gitxiago da.

Horrez gain, diputatuak, bere sailak igaz antolakuntza eta prozedura mailan egin ebazan aldaketak azpimarratu ditu, eskintzea egokiagoa izan daiten. Beharginei jagokenez, Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dauenez, 2018rako aurreikusita dagon aurrekontu hornidurea, behar administratiboa eta teknikoa egiten daben beharginen zuzkidura barrien hazkundera egongo da bideratuta.

Erantzunen txandan EH Bilduk eskertu egin dau gaur eskinitako informazinoa, idazkian zehazten zana baino osotuagoa izan dalako. Talde Popularreko ordezkariak balorazino positiboa egin dau, Bizkaia “prozesu horreek arinen emoten diran” Lurraldea dala esanez. Ordezkari sozialistak gauza bera esan dau bere esku-hartzean eta, gainera, aurreikusitako datarik ez dagonez, garrantzitsua dala atzerapenen ganean berbarik ez egitea azpimarratu dau. Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak, bere aldetik, ebazpenak emoteko denporak garrantzitsuak diran arren, kanpoko faktoreak be kontuan izan behar dirala esan dau. Bukatzeko, Podemos Bizkaia taldeak adierazo dau “kontroletako gaitzak diran faktoreez aparte, ezinbestekoa dala zerbitzu ona bermatzeko baliabide guztiak jartea”.

Bigarren gaiari jagokonez, Podemos Bizkaiak Aldundiaren eta Hartutako Kalte Zerebralaren Bizkaiko Alkartearen (ATECE) artean izandako bileren emaitzak zehazteko eskatu dau. Isabel Sánchez Roblesek azaldu dauenez, soziedadearen titulartasuna pribadua dan arren, urtero Aldundiaren diru-laguntzea jasoten dau. Halanda be, ATECE jasaten ari dan egoeraren barri badakien arren, diputatuak esan dau “Hartutako Kalte Zerebrala daukien personei erakunde publikoetatik emoten jaken arretea bermatuta dagola”, Bekoetxeko eta Lurgorriko Eguneko Zentroen bitartez.