Nekazaritzako Foru Diputatu andreak dino Karrantzako mindategirako dirulaguntzak indarrean dagoan legediraren araberakoak izan dirala

Nekazaritzako Foru Diputatua, Irene Pardo andrea, Batzar Nagusietan izan da azaltzeko zein dan Karrantzako Mindategia eregiteko lanen egoerea, dirulaguntza publikoak kendu jakezanetik geldituta dagoana 2010. urteaz geroztik. Diputatu andreak esan deutso Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeari Aldundiaren dirulaguntzak itzultzeko prozedureak bere horretan jarraitzen dauela. Martian hasitako administrazino-espedientea ejekuzinobidean dago, eta hor eskatu egiten jako Karrantzako Minda sustatzaileari itzultzeko emon jakezan dirulaguntzak, milioi 2 eurokoak hain zuzen, eta horrei gehitu egin behar jakez beste 292.000 euro atzerapenagaitik. Pardo andreak esan dau Aldundiak beti jokatu dauela administrazino-jardunbideak agindutakoaren arabera eta aldezaurretik Nekazal Garapeneko Zerbitzuak egindako txosten teknikoa aintzat izanda, eta esan dau be “dirulaguntza indarrean dagoan legediraren araberakoa izan dala”.
Aldundiaren dirulaguntza berreskuratzeko zer egin dan galdetuz Bildu Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta batzorderatu da Diputatu andrea. Arturo Aldecoa batzarkide popularrak dirulaguntza hori berreskuratzeko eginbeharrekoei “ekiteko” eskatu deutso Aldundiari, eta ganeratu dau holakorik “ezin dala barriro be gertatu”, administrazinoaren kontrol-gaitasuna eta politikarien sinesgarritasuna dagozalako jokoan.
Bildu Taldeko Aitor Torre batzarkidea kritikoagoa izan da eta esan dau Aldundiak erantzukizun argia daukala zenbait enpresa eta pertsonaren “poltsikoak betetzean”. Bilduko batzarkidearen esanetan “ohitu egin gara kudeaketa txarra doan urtetara” eta eskatu deutso Aldundiari bertaratu daitela auzian “lapurrak giltzapean” jarteko.
Iñaki Egaña Taldeburu sozialistaren ustez, gai honen inguruan Batzar Nagusiek Herri -Kontuen Euskal Epaitegiari eskatutako ikuskaritzaren ondorioak “errieta dira guztientzat kontrol ezagaitik”. Esan dau be “itxikeria” eta “eskandalugarria” dala pertsona bakar baten eskuetan iztea mindategia eregiteko lanen kontrola.
Karrantzako mindategia joandako agintaldian hasitako egitasmo publikoa da eta helburutzat eukan Karrantza Haranerako abeltzaindegiek sortutako 373.560 metro kubiko hondakinei ingurumen-konponbidea emotea. 2010. urtean lanak gelditu ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusiek ahobatez onartu eben 2011ko martian egindako Osoko Batzarrean Karrantzako Minda enpreseari emondako dirulaguntza publikoen ikuskaritza egiteko eskatzea Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.
Osokoan ahobatez onartu eben Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzea fiskalizatu dagizala Karrantzako Minda enpreseak administrazino publikoetatik (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua) jasotako laguntza, dirulaguntza eta mailegu guztiak. Ordurako, erakundeok 10 milioi eurotik gora jarrita ebezan sozietate horri zuzendutako dirulaguntza, bestelako laguntza eta mailegutan. Ordurako be, Lakuako Gobernuak esandakoaren arabera, mindategia egiteko aurrekontua bikoiztuta egoan, egin-eginean 2006. urtean eukan 12 milioi euroko aurreikuspenetik 2010. urtean 25,8 milioikora helduaz.
Abere solteak La Arboleda eta Triano aldean
Aurreko gai hori baino lehenago, Meatzaldean solte dabilzan abereen arazoari buruz be eztabaidatu dau Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak. Euzko Abertzaleak Taldeak eta Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen biak onartu dira eta, lehenengoan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen jako jarraitu dagiala inplikatzen, eragindako udalakaz batera, La Arboleda eta Triano aldean abereak solterik ibilteak eragindako arriskuak konpontzeko. Bilduren proposamenan eskatzen da auziari konponbidea emongo deutsan mahaia sortzea, non ordezkaturik egon daitezan Foru Aldundia, hiru udalak (Trapagaran, Ortuella eta Abanto-Zierbena) eta abeltzainen alkarteak.
Lekeitioko irla
Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen beste Arauz Besteko Proposamen bat ahobatez onartu dau Batzordean. Horren bitartez, eskatu egiten jako Foru Aldundiari inplikatu daitela “Lekeitioko irlako itsasaldeko landaredi-azalerea etorkizunean berreskuratzen”, Talde horren aburuz pinu maritimoz osaturik han dagoan basoa “azkenetan” dagoalako, Aldundiak berak egindako txostenean agertzen dan lez. Batzarkide-Talde horrek aurkeztutakoaren arabera, Aldundiari eskatzen jako aukeren artean aztertzea ea kantaurialdeko artadia berreskuratu daitekean, irla horren eguraldiari, zoruari eta baldintzei erreparatuta egokiagoa dalako.