Hiroshimako alkateak bonba atomikoa pairatu eben zuhaitzaren kimua "lur hontan sustraiak botatea eta bakearen sinboloa bilakatzea"-ren desioa agertu du
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusia izan dira ordezkaritzari Lurralde Historikoaren historiaren aitamen batzuk emotearen arduradunak. Kontakizunari amaierea emoteko, opari truke hunkigarria egin da. Ahaldun Nagusiak Gernikako Arbolaren haretx ostro batzuk emon deutsaz Hiroshimako alkateari. Japoniako ordezkaritzaren oparia, lurralde haretako kondaira esanguratsuenetakoa izan da: mila kurluak. Bakearen sinbolo hori Hiroshimako neskato batek bonba atomikoaren ondorioz eukan gaixotasunetik sortu zan; osatzeko asmoz, neskatoak paperezko mila kurlu egin ebazan, eta hil zanean, Japonia osotik paperezko milaka kurlu bialdu ziran neskatoaren etxera.
“Euskal askatasunen sinboloaren aurrean zagoze, gure tradizino bitxienak, milaka urtekoak, sinbolizetan dituen Arbolaren eta Batzarretxearen aurrean zagoze” azaldu dau Batzarretako presidenteak hemizikloan bertan. Gernikako bonbardaketea bere hitzaldian presente eukita, Otaduik “geure arbola sinbolikoa, II. Mundu Gerra haretan gizakiaren txarrena erakusten daben uriakaz lotzeko” asmoa adierazo dau. Batasun hori, “gure itxaropenaren zugatzen” hurbilketeagaz gauzatzen da gaur, eta “etorkizunean Gernika-Bizkaia-Euskadi eta Hiroshima-Japonia artean Bakearen alde egingo dogun beharraren beste pausu bat” da.
Leku horretan bertan, baina jarleku batetik, Hiroshimako alkateak herri bien arteko antzekotasunak aitatu ditu. Halanda be, azpiegitura enblematikoez eta baliabide naturalez aparte, Matsuik bakearen turismoa azpimarratu dau, “nire berbetan aitatu dodazan balio horreek guztiak bisitariei transmitiduteko modua dalako”. Adierazo dauenez, Gernikak be eredu berbera jarraitzen dau, eta horren bitartez, “mundu osoan bake iraunkorra lortu” ahal izango da.
Lehendakaria Batzarretako egoitzara heldu danean emon jako hasierea Gignko Biloba arbolea Europako Herrien Parkean landatzeko ekitaldiari. Bertan herritarrak, Gernikako bonbardaketatik bizirik urtetea lortu eben personak eta erakundeetako agintariak alkartu dira.
“Arma nuklearrek eragindako beste hondamendi baten aurrean egotearen aukerea oso handia da”, adierazo dau José María Gorroño Gernikako alkateak, daborduko landatutako kimuaren ondoan. Gainera, esandakoa berretsi egin dau, “herrialde batzuek” ez dabelako beteten “arma nuklearrak ez ugaritzeari buruzko tratatua”. “Emoten dau ez dala nahikoa izan Hiroshimako eta Gernikako biztanle zibilen kontrako ekintza kriminal horreen ostean ikusitako bildurrezko koadrua, ekintza horreetan gizateria osoak gizakiak hondatzeko daukan gaitasuna ikusi ahal izan eban arren”, esan dau.
Hitzaldi labur baten bitartez, Hiroshimako alkateak, bonba atomikoak bere uria suntsitu eban 1945eko abuztuaren 6a gogoratu dau. Bertan egoan “gaur landatuko dogun kimu honen arbola aita”. Dana dala, “suak eta zentzunbakokeriak suntsitu eben arren, barriro be erne zan, eta ausardia eta itxaropena emon euskuzan”. Japoniako arbolak “lur honetan sustraiak botatea eta Gernikako bere anaiagaz gertatzen dan moduan bakearen sinboloa izatea” gurako leukela be esan dau.
Ekitaldi sinbolikoa, Hiroshimako alkateak, Mayors for Peace erakundeko Idazkari Nagusiak, Lehendakariak, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Ahaldun Nagusiak eta Gernikako alkateak emon dituen lehenengo palakadakaz bukatu da. Ostean, bertan alkartu diran herritarrek eta agintariek gauza bera egin dabe.