Iraunkortasuneko diputatuak adierazo dauenez, TMB lantegian egon dan Q sukar kasu posiblearen aurreko jarduketea azkarra eta koordinaua izan da

Joan dan eguaztenean egin zan osokoan diputatuak azalpenak emon ebazan arren, oposizinoko hiru taldeek zehaztasun handiagoa eskatu dabe Foru Erakundeak egoera horren aurrean hartzea aurreikusten dituan neurriei, daborduko baieztuta dagon kutsatutako persona kopuruari, edo lantegiko beharginek jaso daben azterketa prozedurari buruz. Aldundiko arduradunak, Gernikan egin eban moduan, martiaren 28an Garbiker foru soziedadeak Q sukar kasu posible bat zala eta deia jaso ebanetik aurrera eroan diran ekintza guztiak azaldu ditu. Holan, diputatuak azpimarratu gura izan dauenez, ez da “agerraldi” bat, momentuz “kasu posible bati baino ezin dogu berbarik egin”.
Bere esku-hartzean, Unzuetak balioan jarri dau 2014an onetsi zan Segurtasuneko Protokoloa. Garbikerrek esaten eta Iraunkortasuneko diputatuak berresten dauenez, “Europako zorrotzena da”. Protokolo horregaz bat etorrita, kutsadura posiblearen barri jaso eta segiduan, analisia egin jaken beharginei eta kanpoko enpresei. Halanda be, Q sukarraren zergaiti nagusia animalien hondakinak inhaletea edo ikutzea dala kontuan izanda, azkenengo hiru urte honeetan animalien hondakinen bilketeak behera egin dauela esan dau Elena Unzuetak.
Podemos Bizkaia eta EH Bildu oso kritiko agertu dira azalpen horreen aurrean. Lehenengo kasuan, Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak ukatu egin dau lantegiko beharginen gaineko eskumen faltari buruz diputatuak esandakoa. EH Bilduk, bere aldetik, hiru ideatan zehaztu dau bere gogoetea: ABEEak mantentze-lanen arloko pleguetan adierazoten zana ez betetea, hondakinen bilketa sistema desegokia eta hondakinen isurketak murriztu beharra.
Talde Mistoari jagokonez, beharginek bizi daben etenbako arrisku egoerea aitatu dau, eta Talde Popularra arduratuta agertu da, lantegiko analisiak goitik beherako garbiketaren ostean egin diranez emaitzak “ez diralako oso fidagarriak izango”. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, Euskal Sozialistak taldeak egin dauen moduan, diputatuak emondako azalpenakaz bat egin ostean, “gertakari sentsibleen ostean diskurtso arduratsuak, zuhurrak eta zorrotzak eukitearen” garrantzia azpimarratu dau.
Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak Talde Mistoak egindako beste agerraldi eskari bati be erantzun deutso, Mallabiko enpresa batek Areitio gainean dagon industria hondakindegi batera, Gipuzkoako uri hondakinen hondarreko frakzinotik urtean 60.000 tona ekarteko aurkeztu dauen proiektuaren gainean. Gai horri jagokonez, Iraunkortasun Saileko arduradunak adierazi dauenez, inplikautako partea ez danez, Aldundiak ez dauka horren gaineko eskumenik; dana dala, bere saila Mallabiko udalerriari aholkularitza teknikoa emoten ari jakola adierazo dau.
Bere esku hartzean, diputatuak balioan jarri dau hondakinak biltzeko Bizkaiko sistemea, bertako hondakindegi publiko bien bitartez –Artigas eta Jata–, eta Aldundiak gai horren gainean daukan helburuetako bat azpimarratu dau: 0 isurketa gordina. Mallabiari jagokonez, Unzuetak azaldu dauenez, Gipuzkoako kontzertu publikoko pleguak zehatz ezagutzen ez dituan arren, “lege eta administrazino aldeko eskakizunak beteten dituen enpresa guztiek adjudikazinoa eskuratzeko aukerea izango dabe”.
Podemos Bizkaia eta EH Bildu harrituta agertu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien arteko komunikazino faltea ikusita. EH Bilduk adierazo dauenez, azken hori “hondakinen turismoa” bultzatzen ari da. Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak, bere aldetik, erabateko laguntzea agertu deutso adjudikazino hori modu negatiboan baloretan dauen Mallabiko Udalari; Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak adierazo dauenez, barriz, horren gainean Aldundiak ezer gitxi gehiago egin daike.
EHIZA BIZKAIAN
Eguneko gai zerrendea osatzeko, ez da onetsi Podemos Bizkaia taldeak bultzatu dauen Arauz Besteko Proposamen bat. Proposamenak hainbat xede eukazan: giza baliabide gehiago jartea Ehizari buruzko Legea beteten dala egiaztetako; lehenengo helburu hori lortzeko tailerrak eta ikastaroak emotea; eta Bizkaiko ehizarako guneak mugatzea. Proposamenak EH Bilduren aldeko eretxia baino ez dau jaso, ehizarako guneak mugatzeari jagokonez, batez be, konpondu beharreko arazoa dala esanda. Gainerako taldeek, barriz, proposamenaren hirugarren puntuari jagokonez, legeak zehazten dauela adierazo dabe. Azkenengo bozketan, Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk aldeko botoa emon dabe; Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin dira; eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak kontra agertu dira.