Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe LHko ikasleei laneko praktikak bideratzeko eskaria egitea Aldundiari

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiari eskaria egitea, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzagaz batera, Lanbide Heziketako ikasleei “Prestakuntza Lantokietan” izeneko moduluaren bitartez euren ikasketetako praktikak bertan egiteko aukerea zabaldu deien. Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen barruan eztabaidatu dan proposamena EH Bildu taldearen ekimen batetik sortu da, eta talde horrek Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea onetsi dau.

EH Bilduren Arauz Besteko Proposamenak, Foru erakundean sartze hori “Prestakuntza Lantokietan” moduluaren bitartez eta Lanbide Heziketako ikasketa dualaren bitartez egitea be eskatzen zan. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskeak, barriz, azken parte hori baztertu egin dau, “arazo juridiko garrantzitsuak eragin daikezalako, kontratazinoari eta jarduketa horretan apurtuko litzatekezan publizidade, meritu eta gaitasun printzipioak dirala eta, horreek beti eskatu behar diralako administrazino publikoan egiten diran prozedura guztietan”, Ekain Rico bozeroale sozialistak azaldu dauen moduan.

Talde Popularra, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa Lanbide Heziketaren balioan jarte horregaz bat etorri dira; lehengo talde biek, gainera, hezkuntza publikoaren eta erakunde publikoaren arteko hartu-emona indartu egin behar dala azpimarratu dabe. Beste alde batetik, Batzar Nagusiek ia aho batez bota dabe atzera joan dan zezeilaren 22an San Mamesen izan ziran indarkeriazko gertakarien gainean Talde Popularrak aurkeztu dauen proposamena. Proposamen horretan, Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, Bizkaiko Batzar Nagusiek hildako ertzainaren gaineko atsekabea erakusteaz eta bertan izandako indarkeria gaitzesteaz aparte, Athletic taldeari eskaria egitea eskatzen eban, “indarkeriazko jarduerak erakutsi eben persona guztiei” bazkide izaerea kendu deien, eta Kiroleko indarkeriaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrako Estaduko Batzordeak persona horreen kontrako zigor proposamena egin daian.

Podemos Bizkaiak eta Foru Gobernua eusten daben talde biek zuzenketa-eske bi aurkeztu ditue, taldeek joan dan martiaren 16an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ebezan argumentuakaz bat etorriz, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez ditu onartu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak harrituta agertu dira Talde Popularraren eretxi aldaketea ikusita, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zan testuaren aldeko botoa emon eban eta.

Dana dala, talde guztiak bat etorri dira kiroleko indarkeria gaitzesteko orduan, eta ekintza horreetan parte hartu ebenak “kirol zaleak izan beharrean indarkeria zaleak dirala” esan dabe. Podemos Bizkaiak, bere aldetik, prebentzinoan gehiago sakontzea eskatu dau, eta EH Bilduk “danok gogoetea egin eta geure erantzukizunak onartu behar doguzala” esan dau. Talde Popularraren proposamenaren alde agertu dan bakarra Talde Mistoa izan da, eta gainerako taldeek kontrako botoa emon dabe.

FORU ALDUNDIAREN 40 URTEEN OSPAKIZUNA

Batzarretako taldeek ez dabe onetsi azkenengo Arauz Besteko Proposamena, oraingoan Talde Mistoak aurkeztutakoa. Bere ekimenean, proposamena aurkeztu dauen taldeak Bizkaiko Foru Aldundia berreskuratu zanetik 40 urte bete dirala eta ospakizuneko argitalpen baterako azterlana egitea eskatzen eban. Adierazo dauenez, dokumentu horrek “protagonistei ahotsa emoteko” aukerea zabaltzen dau. Ekimena ez da onetsi, abstenidu egin dan Talde Popularraz aparte gainerako taldeek kontrako botoa emon dabelako. Ezezko botoaren errazoia, talde guztiek azaldu daben moduan, ezaugarri horreek dituan argitalpen bat egon badagola izan da, –Historia de la Diputación Foral de Bizkaia: 1500 – 2014, Joseba Aguirreazkuenaga (2014)– eta, beraz, ez dagola ezelango gabeziarik.