Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako presidenteak Kubako enbaxadorea hartu dau Batzarretxera egin dauen bisitan

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Gustavo Ricardo Machín Gómez Kubako enbaxadorea jaso dau gaur Gernikako Batzarretxean. Enbaxadoreagaz batera Edeleys Santana enbaxadako aholkulari politikoa, Mikel Burzako Euzko Alderdi Jeltzaleko Nazinoarteko Hartu-emonetarako arduraduna; eta Kuba ondo ezagutzen dauen eta gizarteagaz eta osasunagaz erlazionautako gaietan aditua dan Celina Pereda etorri dira.

Ohorezko liburuan irudikatu dan eskintzan, Gustavo Machínek adierazo dau “ezinbesteko bisitea” dala. “Gauza askok hemen hasi eta hemen jarraitzen dabe”, esan dau.

Diplomatikoak Euskadira egiten dauen lehenengo bisitea da. Gernikan harrerea jasoteaz aparte, egun honeetan bilerak izan ditu Iñigo Urkullu Lehendakariagaz eta hainbat alderditako ordezkari politikoakaz, Andoni Ortuzarregaz adibidez, gaur beragaz alkartu da eta. Horrez gain, bilerak izango ditu Kubagaz erlazionautako GKE batzuekaz eta euskal-kubatar kolektibidadeagaz. Gustavo Machín Lópezek 30 urte baino gehiago daroaz Nazinoarteko Hartu-emonen arloan Ipar Amerikan, Pakistango Errepublika Islamikoan edo Perun, eta orain hiru hilebetetik Kubak Estaduan daukan enbaxadorea da.

Enbaxadoreak eta bere laguntzaileek Bizkaiko Batzarretako eskilaretan bertan jaso dabe agurra, txistulariak “Agur Jaunak” joten eban bitartean. “Alkate Soinua” kantak lagunduta, konbidauek, Batzarretxearen eta Gernikako Arbolaren esanahiaren gaineko ikus-entzunezko labur bat ikusi ostean, Batzarretxearen ingurunea ikusi dabe, eta horren ostean argazkiak atara ditue Gernikako Arbola Zaharraren eta Haretx gaztearen ondoan.

Arbola sinbolikoaren aurrean, dantzari bikote batek omenaldia eskini deutse bertaratuei ohorezko aurreskuagaz, eta horren ostean bisita gidaua egin dabe Batzarretxearen barrualdetik, Osokoen Aretotik Beirategiaren Aretora, Batzarretako egoitzaren Artxibategi-Liburutegitik igarota.

Bisita presidentearen bulegoan bukatu da, eta bertan diplomatikoak eta gainerako bisitariek Ohorezko Liburuan sinatzeko aukerea izan dabe, egun hau oroitzeko.