Aurreko Albisteak

Deiadar Mendien Eguna bagilaren 3an ospatuko da Oiz mendian

Bizkaiko Batzar Nagusiek kirolean eta kulturan oinarritutako oso jardunaldi berezia ospatzeko modua zabalduko dabe barriro. Kondairak esaten dauenez, XIV. eta XV. mendeetan Gernikan egiten ziran bileretarako deialdia egiten eban adarraren soinuak gidauko dau domekan, bagilaren 3an, Deiadar Mendien Egunaren XIV. edizinoagaz bat egingo daben personen Oizerako igoerea. Bizkaiko mendi enblematikoenetakoa izango da ospakizun honen agertokia, aurreko urteetan, lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz) egin diran igoeren ostean. Antonio Truebaren idazkietan jasoten dabe izen hori.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohitureagaz jarraituko dabe, Durangoko Alpino mendi taldeagaz alkarlanean. Igoerea goizeko 09:00etan hasiko da Gerediagako Batzarretxetik oso gertu dagon Garain. Partaideak Oizeko tontorrera igongo dabe, aurreko edizinoetan erabilitakoa izango ez dan bidetik, eguerdiko 12:00etan adarrak jotzeko tradizinoa leialtasun osoz beteteko.

Tontorrean entzungo dan adarraren soinuaren ostean, antolatzaileek jai-gune txiki bat prestau dabe, eta bertan ez dira faltako musikea, dantzak eta jateko pixka bat, eta baita igoera osoa egingo dabenentzako opari bat be.

Aurtengo kirol igoeraren arduraduna izan dan Durangoko Alpino Mendi Taldeak, tradizinoa betez, lekukoa emongo deutso Bilboko Gailurra taldeko ordezkariari, datorren urteko bagileko lehenengo domekan Ganekogorta mendirako igoerea antolatu daian, deiadar mendietara egiten diran igoeren zikloagaz jarraitzeko.