Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuak modu positiboan baloratu dau Foru Aldundiak zezeilaren 28ko edurtearen aurrean izan eban jarduketea
Euren agerraldi eskarietan, Talde Mistoak eta Podemos Bizkaiak uri barruko autobusen interoperatibidadea azpimarratu dabe, gogoratu dabenez, “ezin izan ebelako kotxetegietatik urten”, eta baita Bilboko Metroaren geltokietan batutako personen metaketea be. Pradalesek garraioa bere sailaren eskumenen barruan ez dagola adierazo dauen arren, edurtea gertau baino sei egun lehenagotik Foru Aldundiak aurrera eroan eban estrategia zehaztu dau.
Joan dan urteko zemendiaren 1ean martxan jarri zan eta Eusko Jaurlaritzak be zuzentzen dauen Neguko Bideragarritasuneko Planagaz bat etorrita, zezeilaren 28an edurra kentzeko 76 makina eta 381 profesional egon ziran beharrean, eta egun horretan 18.000 km inguru egin ebezan; horrez gain, aurreko gaueko 22:00etatik 1.500 tona gatz inguru banatu ziran. Diputatuak adierazo dauenez, gainera, bere sailak meteorologia oharren gaineko sistema propioa dauka, eta AEMETegaz eta EUSKALMETegaz osatzen da.
Egun horretan jasandako eraginaz jabetuta “inguru metropolitarrean batez be, gertau ziran istripuak dirala eta”, Imanol Pradalesek etorkizunean egon daitekezan edurteetarako hobekuntzetako batzuk azaldu ditu: edurra kentzeko makinen operatibidade osoa bermatzea, Ertzaintzagaz izan beharreko lankidetzan sakontzea, edurra kentzeko makina txikiagoen erabilgarritasuna indartzea eta herritarren kontzientziazinoa bultzatzea.
Halanda be, Podemos Bizkaia eta Talde Popularra kritiko agertu dira sailak egun haretan izan eban jarduketeagaz, eta aurreikuspen faltea salatu dabe, eta baita baliabide gitxiegi egon izana be. Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak ez dira bat etorri adierazpen horreekaz, eta “larregizkoak” dirala esateaz aparte, “ez zala jazoera azpimarragarririk gertatu” azpimarratu dabe. EH Bilduk, bere aldetik, zuhur egotea erabagi dau, eta egun haretan gertau zana moduko eguraldi egoera txarra dagonean herritarrok, sarritan, izaten dogun kontzientziazino faltea nabarmendu dau.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Eguneko gai zerrendak Talde Popularraren ekimena be jaso dau, mybilbaobizkaia.eus webgunea eguneratzeko. Bertako eukiak, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakurtzeko aukerea izateaz gain, frantsesez eta alemanez be irakurri ahal izatea proponidu dau, turista gehiago erakarteko. Bertan esaten dana gauzatzeko sei hilebeteko epea ezartea eskatzen dauen Foru Gobernua eusten daben taldeen zuzenketa-eskea jaso dauen Arauz Besteko Proposamena Batzarretako talde guztiek onetsi dabe, Podemos Bizkaiak izan ezik. Azken talde hori abstenidu egin da, hizkuntza horreek sartu beharra egiaztauko dauen SEO azterketa bat eukin behar dala esanez.
Horrez gain, Batzordeak Talde Mistoaren beste proposamen bi eztabaidatu ditu. Lehenengoa, Aldundiak, beste lurralde batzuetatik Bizkaira heltzen diran autobus lineatan turismoari, gizarteari, informazino orokorrari eta ekitaldiei buruzko publizidadea jarteko azterlana egitearen gainekoa. Proposamena aurkeztu dauen taldeak bere esku-hartzean azpimarratu dauenez, beharrezkoa da “gabezia hori zuzentzea”; halanda be, Foru Gobernua eusten daben taldeek argitu dabenez, hainbat euskarritan lortu beharreko eraginaren azterlana Mediasal enpresak egiten dauen beharragaz estalduta dago eta, hori dala eta, “ez da beharrezkoa neurriak indartzea”. Beraz, ekimena ez da onetsi, ez dauelako aldeko botorik jaso. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak abstenidu egin dira, proposamenari helburu garbirik ez deutsielako ikusi.
"Munibe Chiqui" eta "Belarroa" finkak baliarazoteari buruzko Arauz Besteko Bigarren Proposamenari jagokonez, Talde Mistoko ordezkariak baztertzea erabagi dau, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, orain urtebete onetsi zan eta Aldundiari hori baliarazoteko eskatzen eutsan Arauz Besteko Proposamenagaz kontrajarrita dagola esatean.
LAP-PTS-A AZTERTZEKO LAN TALDEA
Eguneko gai zerrendeari bukaerea emoteko, talde guztiek aho batez onetsi dabe Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen barruan Errepideen Lurraldeko Arloko Plana eta horren barrikuspen parzialak aztertzeko lan taldea sortzeko sei hilebeteko luzapena emotea. Batzordeko presidenteak eta batzarretako talde bakotxeko bozeroale batek osatutako lan taldea joan dan 2017ko martiaren 6an eratu zan, 12 hilebeteko epeagaz; halanda be, epe hori igaro danez eta proposamenak adierazoten dauenez “beharrak bukatzetik gertu dagozanez”, batzarretako talde guztiak epea luzatzearen alde agertu dira.