Aurreko Albisteak

Euskera eta kulturako diputatuak Foru Erakundean euskereagaz daukan konpromisoa adierazo dau, Herripedia moduko egitasmoen bitartez

Euskera eta Kultura Batzordea

Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatua jagokon batzordearen aurrera etorri da gaur goizean, Podemos Bizkaia taldeak eskatuta, eta Foru Erakundeak euskereagaz gauen konpromiso sendoa azpimarratu dau, Azkue Fundazinoagaz eta Wikilarigaz Herripedia egitasmoan parte hartuz.

Aldundiko arduradunak esan dauenez, egitasmoa “euskereak Interneten eta sare sozialetan daukan presentzia handitzeko” helburuagaz sortu da, baina idea ez dala Aldunditik sortu azpimarratu dau. Helburu nagusia euskeraz dagozan eukien kopurua handitzea daukan plana lehenengo pausuak emoten ari da, baina Euskera eta Kulturako diputatuak aurreikusi dauenez, udan proposamena modu ofizialean zabaldu ahal izango jake alkarteei edo udalerrietako eragileei. Beste alde batetik, Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendari gerenteak –bera be egon da saioan– Batzordeari jakinarazo deutsanez, horrez gain gaiaren gaineko hitzaldiak ari dira emoten hainbat udalerritan, Sestaon, besteak beste.

Gai horregaz lotuta, EH Bilduk ahozko erantzun-eskea aurkeztu deutso Lorea Bilbaori, Euskal Kirolaren DEIA sarien banaketa ekitaldian euskereak ezelango presentziarik euki ez ebalako. Gai horri jagokonez, diputatuak bera be ez zala ados egon adierazo dau, erabili zan hizkuntza bakarra gaztelania izan zalako, eta egun berean antolatzaileei kexa bat bialdu eutsiela jakinarazo dau; dana dala, azpimarratu dauenez, aurreko urteetan ekitaldia elebiduna izan zan.

Saio berean, Lorea Bilbao diputatuak, Argiñetako San Adrian baseleizea manteniduteko eta egokitzeko Foru Aldundiak aurreikusten dituan jarduketen gaineko azalpenak emon ditu, Talde Mistoak eskatutako agerraldian. Bere esku-hartzean, 2010etik Aldundiak gauzatu dituan lan arkeologiko guztiak azaldu ditu Bilbaok. Halanda be, une honetan Elorrioko Udalagaz alkartzeko zain dagola adierazo dau. Lurren titulartasunari jagokonez, Andoni Iturbe kulturako zuzendari nagusiak ez dagola akordiorik eta gaia blokeauta dagola esan dau. Horri jagokonez, EH Bilduk adierazo dau “titulartasuna ezin daitekela kultur ondare bat galtzeko atxaki moduan erabili”; Talde Mistoak, bere aldetik, inplikazinoa eskatu deutso Foru Erakundeari, Argiñeta “izan zana izan daiten barriro”. Eskari horri erantzunez, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak eta Euskal Sozialistak taldekoak esan dabe Aldundiak erakutsi dauela Argiñetan interesa daukala, 150.000 euro baino gehiago inbertidu ditualako. Podemos Bizkaiak, bere aldetik, bere egin ditu diputatuaren berbak, eta udalaren eskumena dala azpimarratu dau.

ARTE PLASTIKOEN EGOITZAK

Eguneko gai zerrendeak Podemos Bizkaia taldearen agerraldi eskari bat be jaso dau, Lorea Bilbao diputatuak artista plastikoen egoitzei zuzendutako aurrekontuaren gaineko informazinoa emon daian. Aldundiko ordezkariak azaldu dauenez, Japonian egingo dira bagilean, garagarrilean eta abuztuan, eta onuradunak, Ertibilek emoten dituan hiru sari bereziak irabazi dituen hiru personak izango dira. Azaldu dauenez, egingo diran lehenengo aldia izango da, eta helburua, “orain arte jaso ezin izan dituen ezagutzak jasotea” izango da.

GUGGENHEIM MUSEOA HANDITZEA

Eguneko gai zerrendea Talde Mistoaren azkenengo agerraldi eskariagaz itxi da, diputatuak Guggenheim Museoa handitzearen eta Gernikan edo beste udalerriren batean jartearen gaineko informazinoa emon daian. Lorea Bilbaok esan dauenez, joan dan hilean egin zan Osokoan azaldu eban moduan, oraindino ez dago gai horri buruzko informazino gehiagorik, eta, handitzea eginez gero, ez da legealdi honetan izango.