Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dauenez, 82 persona izan ziran 2016an Bizitza Independenterako Arreta Zerbitzuaren onuradunak

Gizarte Ekintzako Batzordea

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuak jagokon Batzordean gaur goizean adierazo dauenez, 2016an FEKOORri (Gitxitasun fisikoa edo/eta organikoa daben Bizkaiko Pertsonen Federazinoa) emondako diru-laguntzaren justifikazinoa kontuan izanda, ekitaldi horretan Bizitza Independenteari Laguntzeko Zerbitzuak (BILZ-SAVI) 82 onuradun izan ebazan, ekitaldiaren uneren batean emondako diru-laguntzaren bidez. Diputatuaren agerraldiak EH Bilduk egindako eskariari erantzun deutso.

Aldundiko ordezkariak Aldundiaren aurrekontuak BILZ-SAVIri buruz emoten dauen deskripzinoa aitatu dau: “Horren helburua arreta pertsonalaren prestazino ekonomikoa osatzea da, euren eguneroko jarduerak errazteko, euren bizitzeko estiloa aukeratzeko, euren eskubideak gainerako personen aukera berberakaz gauzatzeko eta partaidetza aktiboaren bitartez komunidadearen parte izateko eta isolamendua saihesteko, beharrezkoa dan laguntza pertsonala kontratau ahal izan daien”. 2018ko Aurrekontuek FEKOORri 590.00 euroko diru-laguntza izenduna emotea aurreikusten dabe.

Erantzunen txandan, EH Bildu arduratuta agertu da zerbitzuaren erregulazinoa dala eta, eta Talde Popularreko ordezkariak, 2014an martxan jarri zan zerbitzu hori daborduko programa pilotua ez izatea beharrezkoa dala azpimarratu dau. Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, zerbitzu horrek mota guztietako urritasunak barru hartu behar dituala azpimarratu dau, “kontua eskubideak autortzea” dalako. Foru gobernua eusten daben taldeek modu positiboan ebaluau dabe proposamena eta, ordezkari sozialistak be zerbitzu pilotua izateari itzi behar deutsola esan dau.

Ildo horregaz jarraituta, eta EH Bilduk eskatuta, baita be, Sánchez Robles diputatuak, “erakundeen konpromisoa barriztauz eta indartuz gizartean aldaketea lortzeko” helburuagaz 2017ko abenduaren 1ean FEKOORrek azaldu ebazan 30 proposamenen gaineko azalpenak emon ditu. Holan, Aldundiko ordezkariak adierazo dauenez, FEKOORren idea bakotxa “bat dator Urritasuna daukien Personen Partaidetzarako eta Bizitza Kalidaderako 2016-2019 Planaren helburuakaz”. Horrez gain, bere sailak helburu horreek beteteko daukan borondatea adierazo dau.

EH Bilduk hirugarren gaia bat lantzeko be eskatu deutso Isabel Sánchez Roblesi, oraingo honetan egoitzen grebea dala eta indarrean jarri diran aldaketen gainekoa. Diputatuak bere esku-hartzean adierazo dauenez, egoitza guztiek bete behar dabe aurtengo zezeilean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zan egoitzen sektoreko hitzarmen kolektiboa. Dokumentuan jasoten diran betebeharretako batzuk, egoitzetan muga bako kontratua daukien beharginen ehunekoa %85ekoa izatea, eta lan taldearen %2, gitxienez, lan barik dagozan pertsonakaz betetako konpromisoa dira. Sánchez Roblesek azpimarratu dauen beste puntu bat, ratioak %23ko hazkundea izan dauela izan da, orain arte eskatzen zanagaz alderatuta.

Hitzarmena betetan dala ziurtatzeko, diputatuak adierazo dauenez, egoitzek “kontratuaren pleguetan jasoten diran betebeharren betetearen gaineko txosten zehaztua aurkeztu behar dabe Sailaren aurrean”.

EH Bildu eta Talde Popularra bat etorri dira gatazkak hor jarraitzen dauela “eta edozein unetan barriro egin daikela eztanda” esatean. Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa, euren aldetik, bat etorri dira oraindino balorazino bat egiteko goizegi dala esatean. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak “helburu partidistetan ez jaustea” eskatu dau, eta “gizarte arloko klausulak oso puntu garrantzitsua dirala” esan dau, “eta Sailak arlo horretan eskini behar dauela bermea”.

BABESEKO SISTEMAREN EBALUAZINOA

Eguneko gai zerrendea, Bizkaiko Lurralde Historikoan Babes Sistemaren programak eta prozesuak ezarteko aukerea emongo dauen kanpoko ebaluazinoa gauzatzeko Foru Aldundiak gauzatu dituan ekintzen gainean Podemos Bizkaia taldeak Gizarte Ekintzako diputatuari egin deutson ahozko zuzenketa-eske bategaz amaitu da. Aldundiko ordezkariak esan dauenez, “funtzionamentua ebaluetako” helburuagaz hiru alderdiren gaineko azterlanak eskatu dira: esku-hartzeko esku-liburua, nazino eta nazinoarte mailako adopzinoa eta etxebizitzako harrerea.