Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Metroaren 4. linea bultzatuko dauen Informazino Azterlana egitea 2018an
Ordezkari popularrak gainerako taldeen aurrean aurkeztu dauen itaunetatik eratorritako mozinoan “lur azpiko trenbidearen tarte hori eregitea posible egingo daben izapideak hasteko beharrezkoak diran neurriak hartzeko” eskatzen eutsan Bizkaiko Foru Aldundiari. Proiektuaren konplexutasuna kontuan izanda, azterlan hori partaidetzan oinarritut egiteko erabagia hartu da. Talde guztiak adostasun hori dala eta pozik agertu diran arren, eztabaidarako tartea be egon da. Eztabaida horretan, oposizinoko taldeek, euren txandan, Errekalde auzoa ahaztu eta “proiektu hori ahaztutako gauzen kaxoian gorde izana” aurpegiratu deutsee Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeei; talde biek indar osoz ukatu dabe beste taldeek esandakoa.
Gaurko osoko saioan, genero bardintasunaren gaineko hiru mozino be batera eztabaidatu dira, eta horreetatik bi aho batez onetsi diran arren, hirugarrena ez da onartu. Lehenengoa, Podemos Bizkaiak aurkeztu eta Foru Gobernua eusten daben taldeen zuzenketa-eske transakzionala jaso dauena, gizarteratze ibilpideetan estereotipoak baztertzearen gainekoa izan da; bigarrena, EH Bilduk aurkeztutakoa eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eske transakzionala jaso dauena, Foru Aldundiaren webgunean genero ikuspegia zeharka tratetearen gainekoa izan da; eta hirugarrena, hori be Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutakoa, martiaren 8an izandako aldarrikapenei eta eskaerei erantzuteko Aldundiak martxan jarri dituan neurriei buruzkoa izan da.
Lehenengo kasuan, talde guztiek, enplegurako politika aktiboetan genero ikuspegia apliketan jarraitzeko erabagia hartu dabe, baina Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak adierazo dauenez, azkenengo Osokoan eztabaidea sortu eban garbiketako ibilpidearen kasu zehatzean, osorik gizonezkoei zuzendutako programa bat eta osorik emakumezkoei zuzendutako beste bat dagoz. Bigarren mozinoari jagokonez, EH Bilduko batzarkideak bere esku-hartzean adierazo dauenez, bardintasun arloko politikak ez dira gizarte zerbitzuak eta, hori dala eta, ez dira holan kategorizau behar webgunean. Onetsi dan zuzenketa-eskeak politika horreen ikusgaitasun handiagoa, lengoaia ez sexista erabiltea eta Bizkaia Goazen 2020 programan genero adierazleak ezartea jasoten ditu.
Hirugarren mozinoak Talde Mistoaren aldeko eretxia baino ez dau jaso, gainerako taldeen ustez, benetan garrantzitsuak diranak ekintzak diralako, eta ez azterlanak.
Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe 2018an Bizkaian egingo diran ekitaldi handietan euskerearen eta euskal kulturaren presentzia bultzatzeari buruzko laugarren mozinoa. Proposamena aurkeztu dauen EH Bildu taldeak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eske transakzionala onetsi dau, lurraldean egiten diran ekitaldi guztietan euskal nortasuna eta kulturea bultzatzen jarraitzeko; Bizkaian nazinoarteko ekitaldiak antolatzen dituen kanpoko eragileek transmitiduten daben euskerearen erabilerea eta tratamentua ebaluetako; eta beharrezkoak badira, neurri zuzentzaileak hartzeko. Holan, talde guztiek geure kulturaren sinbolo nagusia euskerea dala azpimarratu dabe.
LEMOIZKO ZENTRALAREN LURRAK
EH Bilduk, Lemoizko Zentralak hartzen dituan lurren gaineko puntua ekarri dau barriro Batzarretara, “proiektu bat inponiduz barriro be legetasuna ez betetean ez jaustearen” beharra azpimarratuz. Horretarako, proposamena aurkeztu dauen taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lemoizko Udalak lur horreen titulartasuna konpartitu daiela eta gune horren erabilerea erabagiteko prozesuan herritarren partaidetzea bermatu daiela eskatu dau. Azkenean mozinoa ez da onetsi, alde agertu dan talde bakarra Podemos Bizkaia izan dalako. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra proposamenaren kontra agertu dira “ez dala beharrezkoa” esanez.