Aurreko Albisteak

Adierazpen adostua, El Salvadorren abortua erabat kriminalizatuta egoteari eta horrek dakarzan ondorenei buruz

Mugarik gabe

Bizkaiko Batzar Nagusiotako batzarkideok oso arduratuta gagoz El Salvadorreko emakumezkoen —heldu zein ume— osasunaren eta sexu- eta erreprodukzino-eskubideen egoereaz.

El Salvadorreko Zigor Kodearen 133, 135 eta 136. artikuluen arabera, abortua erabat kriminalizaturik dago eta hori holan izateak eragin larriak ditu emakumezkoen bizitzan —batez be baliabiderik urrienak dituenengan— eta behartu egiten ditu abortatzeko metodo arriskutsuak erabiltera, osasuna eta bizitza arriskutan jarri eta osotasun fisikorako eta mentalerako daben eskubidea urratuz. El Salvadorreko Osasun Ministerioaren arabera, 2011-2014 aldian 14 emakumezko hil ziran abortuagaz lotutako konplikazinoen ondorenez; 13 emakume hil ziran haurdunaldi ektopikoaren ondorenez eta 63 emakume hil ziran abortuaz gaur egun dagoan legediaren ondorenez. Eskoletan sexu-heziketa emoten ez danez eta bortxaketak eta sexu-abusuak asko eta asko diranez, oso handia da haurdun geratzen diran neskatoen kopurua. Osasun Ministerioaren datuen arabera, 2015. urtean, esaterako, 10 eta 14 urte bitarteko 1445 neskato geratu ziran haurdun.

Gaur eguneko legediak segurtasun juridikorik eza be badakar mediku, erizain eta osasungintzako langileentzat, legea bete behar dabenez, ezin dabelako medikuntzak gomendatzen dauena egin, hain zuzen be haurdunaldia borondatez etetea, haurdun dagoan emakumearen edo neskatoaren bizitza salbatzearren.

Abortua erabat kriminalizaturik egoteak dakarzan ondorenen ganeko ardura berberak bultzaturik gagozala, eskatu egiten deutsagu El Salvadorreri bermatu daiala abortua segurua eta legezkoa izatea, emakumeen eta neskatoen sexu- eta erreprodukzino-eskubideen mesederako.

Horregaitik, bada, onetsi egiten dogu Zigor Kodearen 133, 135 eta 136. artikuluak aldatzeko legegintza-proposamena, zeinaren bitartez abortua ez dan krimena izango haurdunaldia bortxaketearen edo intzestuaren ondoriozkoa bada, haurdunaren bizitza arriskutan bada edo umekiak bizirik irautea ezinezkoa bada. Era berean, azpimarratu egiten dogu garrantzizkoa dala berezko abortuak izan dituen emakumezkoen aurkako sententziak eta atxiloketak indarbakotzea; kaltetutako emakumezkoak behingoan askatzea eskatzen dogu.

Emakumeen eta neskatoen eskubideen eta duintasunaren urraketa ezabatu, abortu lege misoginoa aldatu eta genero bardintasuna eta emakumezko guztientzako indarkeriarik bako bizitza bermatzeko garaia heldu da!