Jose Maria Gorordok "Bizkaia en la Edad Media" liburua aurkeztu dau
Eskubide Historikoei buruzko eztabaida historiografikoa da, liburuki bitan banatutakoa. Gorordok berak egin eban azkenengo doktoretza tesitik sortutako lana da. Bertan, Juan Antonio Llorente (Rincón de Soto, 1756 - Madril, 1823) kanonigoaren, Francisco de Aranguren y Sobrado (Barakaldo, 1754 - Madril, 1808) Bizkaiko Foru Aldundiko betiereko kontsultorearen eta fray Domingo de Lerín y Clavijo (Cadiz, 1748 - San Millán de la Cogolla, 1808) beneditarraren lanak eta teoriak alderatzen dira.
Jose Maria Gorordo Bilbao egileak curriculum zabala dauka, bere lanbidean eta irakaskuntzaren arloan. Bilboko Alkate eta EITBko zuzendari nagusi izan dan Gorordo Zuzenbidean doktore da Euskal Herriko Unibersidadetik, Zientzia Ekonomikoetan doktorea Valentziako San Vicente Ferrer Unibersidadetik eta Historian doktorea Valladolideko Unibersidadetik. Horrez gain, Zientzia Ekonomikoetan eta Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibersidadetik, eta kazetaritzako eta soziologiako ikasketak be baditu.
Lan hori idatzi aurretik, Jose Maria Gorordo izan zan fray Domingo de Lerínek eskuz idatzitako lanak 2015ean San Millán de la Cogollan berreskuratzu ebazana. Lan horreek mende bat baino gehiagotan desagertuta egon ziran. Bizkaiko Batzar Nagusiak izan ziran 2015ean argitalpen horreek kaleratzearen arduradunak (Obras de fray Domingo de Lerín y Clavijo, Batzar Nagusiak, 2015).
Gorordo Doktoreak igazko bagilean aurkeztu eban tesi horretan, egileak Juan Antonio Llorentek XIX. mendean defendidu eban foruen kontrako eta planteamentu monarkikotik gertuagoko teoriak hartzen ditu abiapuntu moduan. “Ez da Bizkaiko historia orokorra, eta ez dau kontrako jarreren arteko bitartekari izan gura”, adierazo dau Gorordok. Beste alde batetik, jarraitu gura izan dauen metodologia, “Llorentek ezarritako ordena eta Arangurenen eta Lerinen inpugnazinoak zorroztasun osoz betetea izan da, horrek hiru historiagileek defendidutakoa alderatzeko aukerea emoten dauelako”.
Bere tesian, zuzendari moduan, Maria Isabel del Val Valdivieso doktorea aritu da, eta Jose Maria Gorordok bere eskerron handiena helduarazo gura izan deutso. Del Val irakasleak, egilearen analisi “argia eta zorrotza” autortzeaz gain, “Eusko Ikaskuntzak 1982tik argitaratutako Euskal herriko Erdi Aroko iturri dokumental bilduma bikaina” jarten dau balioan. Beste alde batetik, katedradunak “aztertutako hiru lanek eretxi politiko jakin bat defendiduteko eukien interesa” azpimarratu dau, “horretarako, batzuetan, iraganeko gertakarien interpretazino derrigortua eginez”.
Horrez gain, lanak, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak idatzitako hitzaurrea dauka. Orain hiru urte, Gorordok “Lerinen paperak” aurkitu ebazanean egin eben moduan, biek be eurek ordezten dituen erakundeek lan horreek ezagutuarazoteko eta gizartean zabaltzeko daukien konpromisoa adierazo dabe. Ordezkari biek Gorordok egin dauen moduko lanen garrantzia azpimarratu dabe, “foruak kentzea bultzatzeko erabilten diran faltsutasun dokumental batzuk ulertzen” laguntzen dabelako eta, gainera, “oraindino konpondu barik dagon euskal herriaren eskubide historikoei buruzko eztabaida historiko-juridikoa mahai gainean jarten” dabelako. “Gure historiaren gaineko jakin-min barriak sortzen eta etorkizunean azterlan eta ikerketa gehiago egiten laguntzea da gure helburua”.