Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe EUDELegaz batera, JEZ-IAEren gaineko gogoeta prozesua hasteko eskatzea Aldundiari
Talde Mistoko batzordekideak, enpresen lokalen egoera fisikoa ponderetan daben indizeen eskalan gitxienez 0,5eko balioa eta gehienez 1ekoa ezarri beharra aitatu dau planteamentuan –gaur egun eskala hori 0,5 eta 2 artekoa da–, eta beste alde batetik, zergaren kuotaren gainean gitxienez %25eko hobaria ezartea. Ekimen horren bitartez, proposamena aurkeztu dauen taldeak, bere berbetan gaur egun emoten dan arbitrariedadetik iges egitea eta zergaren ordainketari jagokonez dagozan aldeei bukaerea emotea bilatzen da, Bizkaiko arku elektrikoko altzairutegien sektorean, batez be.
EH Bildu taldeak horren gaineko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, eta Talde Mistoak onetsi egin dau. Bertan, foru erakundeagaz batera, udalek be zergaren arautegia aldatzeko prozesuan partaidetza aktiboa izan beharra adierazoten da.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak zuzenketa-eske horren alde agertu dira, aldaketa horreek eragin “osoa” daukielako udal arloan eta, hori dala eta, udalen presentzia behar beharrezkoa dalako prozesu horretan. Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, arautegiko puntu horreek aldatu beharra berretsi dau, “aberastasuna banatzeko helburua beteteko”. Bere txandan, Talde Popularrak, zuzenketa-eskearen alde agertu bada be, indizea kentzearen aldekoa dala adierazo dau.
IRUZUR FISKALA
Eguneko gai zerrendea, Arauz Besteko bigarren Proposamenaren onespenagaz osatu da. Oraingo honetan Foru Gobernua eusten daben talde biek aurkeztu dabe. Ekimen horrek, bost puntutan oinarrituta, 2009an eratu zan Iruzurraren kontrako Burrukarako Erakundeen arteko Batzordeak beteten dauen lekua indartzea bultzatzen dau. Holan, Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, gai hori ez dala “ez partidistea ezta partidarioa” azpimarratu dau.
EH Bildu taldeak gai horren aurreko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, administrazino publikoetatik independentea izango dan Iruzur Fiskalerako Behatokia sortzeko, beste eragile batzuen partaidetzagaz. Gainera, esan dauenez, ez da orain artekoa ordeztuko dauen tresnea, Batzordeagaz lankidetzan arituko dan tresnea baino. Proposamena aurkeztu daben taldeek ez dabe zuzenketa-eskea onartu, bozeroale jeltzaleak adierazo dauenez daborduko existiduten dalako betebehar hori beteten dauen tresnea, aurretik aitatu dan Batzordea, hain zuzen be.
Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa –azken talde horrek hasierako proposamena be modu positiboan balorau dau– zuzenketa-eskearen alde agertu dira, erakunde independentea sortzeak proposamena eraginkorragoa bilakatuko leukela esanda. Talde Popularra proposamena aurkeztu daben taldeek aurkeztutako argumentuen alde agertu da, eta Behatokia giza eta material baliabideez hornitzea gaitza izango dala azpimarratu dau.
Azkenean, Arauz Besteko Proposamenak, proposamena aurkeztu daben taldeen, Talde Mistoaren eta Talde Popularraren aldeko botoak jaso ditu, eta Podemos Bizkaia eta EH Bildu abstenidu egin dira.