Aurreko Albisteak

Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuaren batzorderatzea Bizkaibuseko kabinei buruzko azalpenak emoteko

Bizkaibus

Datorren eguaztenean, urriaren 24an, Batzar Nagusietara joango da Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua, Itziar Garamendi andrea, eta Derion egoan Bizkaibusen kabinea kendu izanaren arrazoiak azaldu beharko ditu Socialistas Vascos Taldeak eskatutakoari erantzunez. Eskaera hori irailaren 20an aurkeztu zan, Bizkaibus lineen berrantolaketa prozesuaren alegazino epea amaitu barik egoanean.

Batzar berean, Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da, non Foru Aldundiari eskatzen jakon azterlan bat egin dagiala baloratzeko Bizkiabusen erabiltzaileentzako deskontuak jarteko aukerak dagozan, hileko abonuak ezarrita zein ikasleentzako abonuak ezarrita. Bilduk gura dau “garraio publikoa bultzatzea” eta “gehien erabilten dabenek zama ekonomiko handiagorik ez izatea”; hobakuntzok 2013. urteko aurrekontuetan sartzea eskatzen dau.

Bizkaibus zerbitzuari jagokonez be, “autobusez bidaiatu eta bizikletak eurekin eroan ahal izateko behar daben guztiaz” erabiltzaileei informatzeko eskatzen dau Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamen batek.


Barik txartela

Azkenik, Euzko Abertzaleak Taldearen ekimenez eskatu egin gura jako Bizkaiko Garraioen Partzuergoari Barik txartelean aldaketak sartu dagizala, urriaren 11n guztiek erabilteko moduan martxan jarrita dago-ta. Txartel hori Bizkaiko garraiomodurik gehienetan erabili leiteke dagoaneko. Sartu gura diran aldeketen artean dago txartel “pertsonalizatuaren” eta “erregistratuaren” kostea bardina izatea, eta eskatu egiten jako Bizkaiko Garraioen Partzuergoari txartel erregistratua eskatzen bada, ez daitela datu pertsonalak emotea derrigorrezkoa izan, edota txartel horregaz bidaia anitzak egin ahal izatea, hau da, pertsona batek baino gehiagok txartel berberagaz bidaiatu ahal izatea.

Euzko Abertzaleak Taldeak uztailaren 10ean aurkeztu eban ekimena, Barik sistemea erabiltzaile guztientzako martxan jarri baino hiru hilabete lehenago. Socialistas Vascos Taldea prest legoke Arauz Besteko Proposamena onartzeko, aldaketa batzukaz. Beste batzuen artean, Talde horrek esaten dau onartzen dauela “soilik txartel anonimoarekin — EAJkoek “erregistratua” deitzen daben horrekin— egin ahal izatea bidaia anitzak”.