Bizkaiko Foru Aldundiak 477,5 milioi euroko iruzur fiskala azaleratu eban 2017an
Bere esku-hartzean, Ogasuneko diputatuak, igaz egindako ikuskapen lanean jasotako datuak azaldu ditu, eta 2016an hautemandako kopurua baino 16 milioi euro gehiago hauteman dirala adierazo dau. Holan, 2017ko 477,5 milioi euroak, tributuen likidazinoetan iruzurra dala eta azaleratu diran 461 milioien eta 24 delitu fiskal dirala eta azaleratu diran 16,5 milioien artean banatzen dira. Delitu horreek hainbat zergatan hauteman dira: PFEZ, Ondarea, BEZ, Soziedadeen Zerga edo Ondorengotzak edo Dohaintzak. Ildo horri jarraituta, Foru Ogasunak “zorroztasun handiz” ikertu ebazan aurretik iruzur fiskala egin eben 269 zergadun, eta azterketa horrek erakusten dauenez, kasu bakarra izan da barriro be iruzurra egin dauena.
Jose María Iruarrizagak bere esku-hartzean CRS (Erreporteko Estandar Komuna edo Common Reporting Standard) Arautegiak 2017an izan dauen garrantzia azpimarratu dau. Estandar horrek Ekonomiaren Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeen artean tributuen gaineko informazinoa errazten dau. Holan, Tributuen arloko administrazinoek, bertako zergadunek atzerriko erakundeetan daukiezan inbertsino guztien informazino fiskala euki ahal izango dabe aldizkakotasunez. Diputatuak adierazo dauenez, horri esker ia 91 milioi datu trukau ahal izan dira beste administrazino batzuekaz, eta multinazionalak be hobeto kontrolau ahal izan dira.
Batzarretako talde guztiek eskertu egin ditue eskinitako datuak, eta iruzur fiskalaren kontra burruka egitearen garrantzia azpimarratu dabe. Dana dala, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, datu horrek aurretik emoteko eskatu deutsie Aldundiko ordezkariari, azterketaren balorazinoa egin ahal izateko. Talde Mistoaren ordezkariak, datu kuantitatiboak eskintzeaz aparte, ondorio kualitatiboak emoteko aukerea be emongo daben urteroko adierazleak finkatzeko beharra be adierazo dau. Foru Gobernua eusten daben taldeek, euren aldetik, jarduketek gora egin dabela azpimarratu dabe, baina Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak adierazo dauenez, diru gehiago azaleratu izana “ez da pozik egoteko datua, errealidadea erakusten dauen datua baino”.
HEZKUNTZA FISKALA ETA ESPAZIO PUBLIKOA ERABILTEAGAITIKO TASEA
Aldundiko ordezkariak, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen eskari biri be erantzun deutse, hezkuntza fiskalaren gaineko hitzarmenaren luzapenari eta udal jabari publikoa erabilteagaitiko taseari buruzko gai bi lantzeko, hurrenez hurren.
Podemos Bizkaiak planteau dauen lehenengo puntua, hiru foru administrazinoen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, EAEko ikastetxeetan ekonomiaren eta zergen inguruko irakaskuntza unidadea ezartean oinarritutako hezkuntza arloko programea gauzatzeko sinatu dan hitzarmenaren luzapenaren ingurukoa izan da. Luzapen hori berretsi barik dago oraindino. Gai horri jagokonez, Iruarrizagak, Aldundiaren gobernua eusten daben taldeek zezeilaren 21eko Osokoan emon ebezan azalpenakaz jarraituz, igaz hitzarmen hori ezarri arte emon ziran pausuak zehaztu ditu. Aldundiaren ordezkariak adierazo dauenez, ikasturtea oraindino amaitu barik dagon arren eta, ondorioz, balorazinoa egitea oso gaitza dan arren, lurraldeko 50 ikastetxek –30 kontzertauk eta 20 publikok– eta DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako 1.660 ikasle baino gehiagok hartu dabe parte. Hiru urteko luzapena kontuan izanda, 2020/21 ikasturtean 140 ikastetxera heltzea aurreikusi dau Iruarrizagak.
Bigarren gaia, EH Bilduk planteautakoa, joan dan zezeilaren 21ean onetsi ez zan Arauz Besteko Proposamen bati buruzkoa izan da. Proposamena, Aldundiaren eta Bizkaiko Udalen arteko hitzarmenaren aldaketaren ingurukoa da, informazinoa trukatzeko eta, udal jabari publikoaren erabilera pribatiboarengaitiko eta aprobetxamendu bereziarengaitiko tasari jagokonez enpresek egiten daben iruzur fiskala saihesteko. EH Bildu taldeko ordezkariak, aurrera eroaten ari diran neurriak zehazteko eskatu deutso Diputatuari.
Iruarrizagak azaldu dauenez, ez da Aldundiaren eskumena, udalena baino eta, hori dala eta, Aldundiak ez dauka horren inguruko informazinorik. Gainera, azpimarratu dauenez, zergadunei informazino hori eskatzea lege arloko oztopoa da. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek euren desadostasuna agertu dabe, eta tasa hori kontroletako neurriak aurrera eroateko beharra azpimarratu dabe. Talde Mistoak eta Talde Popularrak, euren aldetik, legetasunaren hesia ez gainditzearen garrantzia azpimarratu dabe. Foru Gobernua eusten daben taldeek, barriz, joan dan hileko Osokoan adierazotakoari eutsi deutsie.