Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, LGTBIQ+ kolektiboa inpliketan daben Arauz Besteko Proposamen bi onetsi ditue

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek, LGTBIQ+ kolektiboagaz erlazionautako gaien gaineko eztabaida zabala jaso dabe gaur goizean eta, azkenean, Arauz Besteko Proposamen bi onetsi ditue: lehenengoa, persona nagusien artean aniztasun sexualari arretea eskintzeko programa baten gainekoa; eta bigarrena, María Elósegui magistradua Giza Eskubideen Europako Epaitegirako izendatu izana gaitzesten dauena. Erabagi bi horreek, gaur goizean egin dan Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako batzordean erregistrau dira. Horrez gain, saio berean pentsinoen sistema publikoaren aldeko ekimen bat be onetsi da.

Batzarretako talde guztien aho bateko baiezkoa lortu dauen Arauz Besteko Proposamena EH Bilduk bultzatutakoa izan da, Foru Aldundiari eskaria egiten deutsana, “Bizkaiko nagusien alkarteakaz lankidetzan LGTBIQ+ biztanleria helduari arretea eskintzeko programak bultzatu daizan, kolektibo horren kontrako bazterketea, arreta faltea edo indarkeria saihesteko”. Podemos Bizkaia taldeak gehikuntzako zuzenketa-eske bat aurkeztu dau, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onetsi, aurkeztutako testua, horren eragina jasaten dauen kolektibotik sortutako testu bera dala esanez.

Onetsitako Arauz Besteko bigarren Proposamena María Elósegui magistraduaren izendapen polemikoaren gainekoa izan da, behin baino gehiagotan, argitalpenetan eta adierazpenetan, homosexualidadea sexu transmisinoko gaixotasunak jasateko arrisku handiagoakaz eta transexualidadea hainbat patologiakaz erlazionau ditualako eta persona transexualak “sendatzeko” terapia “psikologiko-psikiatrikoak” defendidu ditualako. Ekimena Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dau, eta Foru Gobernua eusten daben taldeek zuzenketa-eskea aurkeztu deutsie.

Talde Popularreko eta Talde Mistoko ordezkariak posizionamendu horreen aurreko gaitzespen orokorretik kanpo geratu dira, eta proposamena kritikau egin dabe, “pertsona bat bere ideologiarengaitik, eretxiengaitik edo erlijinoarengaitik” epaitzea dala esanez. Gainerako taldeek, barriz, magistraduaren eretxi pertsonalak “errespetagarriak” dirala esan dabe, “baina ez dala errazoizkoa hain Epaitegi garrantzitsuan gure ordezkaria izatea”, eta “epaitegi horretan bere eretxia jaso daikien kolektiboen eta personen kontra modu publikoan agertu izana”.

Gaur goizean onetsi dan Arauz Besteko hirugarren Proposamena pentsinoen sistema publikoaren aldeko adierazpena izan da. Bertan eskaria egiten jako Estaduari, sistemea bermatzeko, zenbatekoak BPGean oinarrituta eguneratzeko, kotizazinoak jaitsi ebazan 2012ko lan erreformea indar barik izteko edo Gizarte Segurantzaren berehalako transferentzia egiteko, beste puntu batzuen artean. Testua Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu dabe, eta Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue. Gobernua eusten daben taldeek Podemos taldearen proposamenak jasoten ebazan aldaketa txikiak onestea eta EH Bildurena baztertzea erabagi dabe. Azken zuzenketa-eske horrek, Eusko Jaurlaritzak pentsinoak hilean 1.080 eurora heldu arte osatzea eskatzen eban. Proposamena aurkeztu daben hiru taldeak azken proposamen horren kontra agertu dira, Gobernu Zentralaren eskumen baten kostua Eusko Jaurlaritzaren gain jartea izango litzatekelako. Talde Popularra eta Talde Mistoa kontra agertu dira, proposamena ez dala errealistea esanez.

ENPLEGU DIPUTATUAREN AGERRALDIA

Gaur goizean egin dan Batzordea Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatuaren agerraldi hirukotxagaz osatu da, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta. 2018ko Garapenerako Lankidetzarako Dekretuak hartu dau diputatu andrearen esku-hartzearen parte handia, bere Sailak GKEi emoten deutsezan diru-laguntzak arautzen dituen erespide barrien inguruan. Laespadak Lankidetzarako III. Planaren datuak azaldu ditu. Azkenengo deialdian 5,7 milioi euro bideratu dira Latinoamerikan (38), Afrikan (10) eta Ekialde Ertainean (3) aurrera eroan beharreko 51 proiektutara. Talde guztiek eskertu egin ditue Foru Diputatuak emondako datuak, baina horreetako batzuek, Bizkaiko BPGren %0,7a garapenaren laguntzara heltzea eskatu dabe.

Teresa Laespadak 1.000 x 1.000 eta Arrakasta programakaz erlazionautako informazino eskariei be erantzun deutse. Lehenengoa, millenial izenekoen artean enplegagarritasuna sustatzeko proiektu pilotua da, 100.000 euroko aurrekontua daukana, eta Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko 25 ikasle dira horren onuradunak. Arrakasta programea, barriz, UPV-EHUgaz sinatu dan lankidetzarako akordioa da, Aldundiaren tutoretzapean dagozan gazteei unibersidadeko ikasketetara heltzeko aukerea emoteko. Teresa Laespadaren eretxiz, “lehentasunezkoa” dan ekimen hori datorren ikasturtean egongo da martxan.