Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimu bat dago gaurtik aurrera Barakaldoko San Bizente plazan

Bizkaiko Barakaldo udalerriak ekitaldi sinbolikoa egin dau gaur eguerdian, eta bertan Gernikako Arbolaren kimu bat landatu da San Bizente plazan, uriko lehenengo Udaletxea egon zan lekua gogorarazoten dauen plakaren ondoan. Bertan egon dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea; Txusa Padrones EH Bilduko batzarkidea, Unai Lerma eta Alfredo Olea, EAbko batzarkideak, Udaleko ordezkariak, eta bertaratu eta landaketa ekitaldian parte hartu gura izan daben Barakaldoko herritar asko.

Ospakizuneko jardunaldia goizeko 11:00etan hasi da, Udal Txistulari Bandak San Bizente auzoko kaleetatik egin dauen kalejiragaz. Horren ostean, Laguntasuna Euskal Folklore Elkartea taldea plazara heldu da, eta hainbat musika pieza eskini ditu ekitaldia hasi arte. Koro Mendieta kazetaria izan da landaketa ekitaldia hasieratik bukatu arte gidau dauena.

Jose Maria Iparragirre bardoak XIX. mendean aldarrikatzen eban irakaskuntzagaz – “eman ta zabalzazu”– bat etorrita, Batzar Nagusietako Presidenteak, aurton euskal haretx sinbolikoaren kimu bat sustraiak zabaltzen hasi dan herrien zerrendea aitatu dau. Horreen artean dagoz Morga, Bermeo, Olmeda de la Cuesta eta, denpora gitxi barru, Hiroshima, beste batzuen artean. Barakaldok bat egin dau gaur zerrenda horregaz. “Euskadiko Autonomia Erkidegoko hirugarren uria da, eta alkatea emakumea dan Euskadiko uririk handiena, krisialdi ekonomikoaren ostean, beste garai batzuetako indarra berreskuratuko dauen Barakaldorako udabarri barria bultzatzeko indar guztiagaz”.

Alkateak, bere aldetik, San Bizente auzoaren “tradizinoa” azpimarratu dau, “izaera eta nortasun berezikoa”, “gure uria ordezkatu dauen nukleoa izan dalako, seguruenez”. Gaurtik aurrera, kimua, Barakaldoko lehenengo udaletxea eregi zan lekua gogorarazoten daben plakaren eta ikurriñaren ondoan egongo da; hori dala eta, alkateak esan dau kimuak “harrera eta gizarteratze, askatasun eta bake mezua” bideratu behar deutsiela hurrengo belaunaldiei, eta baita “euren sustraienganako harrotasun eta maitasun” sentimentua be.

Ordezkari biak izan dira zugatza landatzeko lehenengo palakadak emon dituenak, eta gero gauza bera egin dabe gainerako agintariek eta bertaratu diran herritarrek. Horren ostean, Laguntasuna Euskal Folklore Elkarteko dantzari bik ohorezko aurreskua dantzatu dabe. Ekitaldia, Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren egiazkotasunaren ziurtagiria entregauz bukatu da.