Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak konponbideak aztertu beharko ditu Bizkaibuseko unidadeen arrapaletan gertetan diran matxuretarako, eta baita kabinatan publizidadea jarteko aukerea be

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohe. Batz.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak Arauz Besteko Proposamen bi onetsi ditu gaur egin dauen saioan. Proposamen horreetan agindua emoten jako Aldundiari, alde batetik, “Bizkaibuseko autobusetara igotzeko arrapala automatikoetan matxurak gertatzeko aukeraren aurreko konponbide posibleak” aztertu daizan eta, bestetik, garraio publiko zerbitzuaren informazinorako eta billeteen salmentarako kabinak publizidaderako euskarri moduan erabilteko aukerea be aztertu daian. Proposamenak Podemos Bizkaia taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu ditue, hurrenez hurren.

Mobikortasun urria daukien personei Bizkaibuseko autobusetara igotzeko aukerea emoten deutsen arrapala automatikoetan matxurak gertetako aukeraren aurrean konponbidea topau beharra Podemos taldeak aurkeztu dau, Garraio Sailak jomugako geralekuraino taxi egokitu bat ordaintzeko aukerea beren beregi aitatuz. Aldundiko gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, transakzinoa aurkeztu dabe proposamen horren aurrean, aitamen horren ordez, igotzeko mekanismoetan matxura gertatu ezkero “egon daitekezan konponbide posibleak aztertzea” jarriz. Proposamena aurkeztu dauen taldeak zuzenketa-eskea onetsi dau, eta gaur Batzordean egon diran 14 batzordekideek aho batez onetsi dabe.

Gaur goizean onetsi dan Arauz Besteko bigarren Proposamenak be aldeko boto asko lortu ditu, 10 –Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra–, baina EH Bildu eta Podemos taldeetako lau ordezkariek abstenidutea erabagi dabe oraingo honetan. Proposamenaren testuak eskaria egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Sailari, Bizkaibuseko emakidak dituen enpresei, informazinorako eta billeteen salmentarako kabinak publizidaderako euskarri moduan erabilteko aukerea aztertu daiela planteetako.

Kasu honetan be, Talde Popularraren ekimenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dau. Izan be, proposamenak diru-sarrera gehigarriak lortzeko daukan interesa hor dagon arren, talde horreen eretxiz komenigarria da aukera hori indarrean jarri aurretik aztertu egin behar dala adierazotea. Podemos eta EH Bildu taldeek, holango proposamen batek sortzen deutsen “zalantzetan” oinarritu dabe euren abstentzinoa.

EZ DIRA ONARTU PODEMOS TALDEAREN EKIMEN BI

Garraio Batzordearen eguneko gai zerrendea, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dituan beste proposamen biren eztabaideagaz osatu da. Batak be ez dau lortu aldeko botorik, proposamena aurkeztu dauen taldearena izan ezik. Lehenengoan, Bizkaibuseko emakidaduna dan Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. enpresaren aldetik emoten dan ordutegien ez betete posiblea baloretako azterlana egitea eskatzen jakon Garraio Sailari. Dana dala, gainerako bozeroaleak bat etorri dira esatean ez dabela ustezko ez betete horren ezelango barririk jaso. Hori dala eta, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek kontrako botoa emon dabe, eta EH Bildu abstenidu egin da.

Onartu ez dan gaurko Arauz Besteko bigarren Proposamenak barruko auditoria bat eskatzen eutsan Bizkaibuseko emakidaduna dan EMB enpresari. Enpresa horren ustezko gaiztasun ekonomikoek Vicente Reyes Garraioetako Foru Diputatuaren agerraldia eragin dabe orain denpora gitxi. Bozketak aurrekoaren ia emaitza berbera izan dau, oraingo honetan Talde Popularreko ordezkaria abstenidu egin da eta. Dana dala, bozeroale guztiek esan dabe eskatu dan auditoria egiten ari dala daborduko, eta Garraioetako Foru arduradunak, azterlan hori egin ostean Batzorde honen aurrean agertzeko eta xehetasun guztiak azaltzeko konpromisoa agertu dauela.