Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez berretsi dabe Kontzertu Ekonomikoaren inguruan Estaduagaz lortutako akordioa
Foru Arau Proiektuaren Aurkezpenean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuak azpimarratu dauenez, garai gatazkatsuari bukaerea emoteaz gain, aurretik Kongresuak berretsi dauen akordioak barrikuntzak ekarten ditu Euskadiko eta estaduko administrazinoen arteko zerga arloko koordinazinoan.
Botoa justifiketako txandetan, Talde Mistoko batzarkideak, akordioa “Kontzertu Ekonomikoaren garapenerako benetako zutabea” dala esan dau, eta Talde Popularraren bozeroaleak, barriz, “administrazino desbardinen artean ulertu izanaren balioa” azpimarratu dau. Podemos Bizkaiaren aldetik, “arkitektura politikoaren funtsezko piezea” dala azpimarratu eta izaera soziala errebindikau da. Euskal Sozialistak taldeak emon dauen mezu azpimarragarriena gizarte arloko justizia eta herritarren eta lurraldeen arteko alkartasun erespideak balioan jartearena izan da, eta baita tributuen kudeaketa hoberako eta administrazinoen arteko koordinazinorako balioko dauela be.
EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, aldeko botoa justifikau dau, “baina ez gure erabateko adostasuna erakusten dauen aldeko boto moduan, gainditu behar dan abiapuntu moduan baino”, “aldebiko akordioa dan arren, ez dalako parekidea, Estaduaren mende gagozala erakusten dauelako, eta guk bardinen arteko hartu-emona eta erabateko burujabetzarako bidean aurrera egitea errebindiketan dogulako”. Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak balioan jarri dau bere eretxiz “akordioaren eta aldebikotasunaren aldeko ariketa garrantzitsua dana, finantzen aldetik egonkortasuna izango dauen epealdia zabaltzen dauena, gure autogobernuaren oinarrizko elementua”. Bere esku-hartzea amaitzean, esan dauenez “guk ez dogu ezkutau behar Kontzertu Ekonomikoaren aldeko geure jarrerea, ez garalako jakobino enboskatuak”.
ERREFORMA FISKALA
Beste alde batetik, Batzar Nagusietako Osokoak behin betiko onetsi ditu Bizkaiko Batzarretan azkenengo hilebeteetan izapidetu diran erreforma fiskalerako neurriak. Ogasuneko Diputatuaren berbetan, 2013an onetsi zan neurri fiskalen aldaketaren osagaia dira. Gaur berretsi dan Foru Arauak Europa mailako inbertsino funtsak tributu ondoreetarako ezaugarritzen ditu, eta hainbat zerga aldatzen ditu, Errenta, Ondarea, Soziedadeak, Ondare Transmisinoak, Oinordetzak edo Kooperatibak. Foru Arau hori, Batzarretako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra taldeen akordioaren ondorioa da, eta Talde Mistoaren aldeko botoa be jaso dau.
Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, aurreko beste eztabaida batzuetan aldaketa fiskal horren kontra agertzeko erabili ebezan errazoiak errepikau ditue. Arantza Urkaregik EH Bilduren 36 zuzenketa-eskeak defendidu ditu, “kontra-kontraerreformea” kritikauz, bere eretxiz, onura gehiago ekarriko ditualako enpresa handientzat eta aberastasun handia daukienentzat. Bere berbetan, beste eredu fiskal bat “posible eta beharrezkoa” da. Asun Merinero Podemos taldeko batzarkidek be, bere eretxiz “EAJ-PNV eta PP taldeek, PSEEEren ezinbesteko laguntzeagaz, egin daben konponketa politikoa” danaren kontrako errazoiak errepikau ditu, eta “Bizkaiko gizarte gehienari kalte egingo deutsan benetako iruzurra” dala esan dau.
Talde Mistoko ordezkariaren aldeko botoa, ikuspuntu politikotik alderdi anitzen arteko akordioaz egindako balorazino positiboan oinarritu dau. Bozeroale popularrak, barriz, “desbardinen arteko akordioa” goraipatu ostean, fiskalidade barria “diru-bilketea epe laburrean, ertainean eta luzean eusteko eta hobetzeko gai izango dala” esan dau, “gure gizarte babeseko sistemea hobetu ahal izateko”. Bozeroale sozialistaren eretxiz, erreformak ondorio positiboak izango ditu, bere ustez, fiskalidadeak bilatu behar dituan hiru helburuetan: “gehiago batzea, prestazino publiko hobeak eskintzeko aukerea emoteko, aberastasuna hobeto banatzea eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea”. Batzarretako Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, “fiskalidadea dinamikoa eta akordioan oinarritutakoa izan behar dala” azpimarratu da, eta kritikau egin ditu, alde batetik, Podemosen aldetik proposamenik ez egotea eta, bestetik, EH Bilduk bere inguruan inor batzeko erakutsi dauen gaitasun faltea.
Talde horren zuzenketa-eskeek Podemos taldearen aldeko botoak baino ez ditue jaso, bozketa batean, eta Foru Arauaren gainerako artikuluek proposamena aurkeztu daben hiru taldeen eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso ditue. EH Bildu eta Podemos taldeen botoak “ezezkoak” eta abstentzinoak izan dira bozketatan.
Eguneko gai zerrendako hirugarren puntua, Balio Erantsiaren Zergea (BEZ) aldatzeko Arauzko Foru Dekretu proposamena izan da. Aldaketea Ogasuneko Foru Diputatuak azaldu dau, arlo horretako Estaduko arautegi barrira egokitu beharra dala eta. Ekimenak talde guztien aldeko botoak jaso ditu, EH Bildurenak izan ezik, abstentzinora jo dauelako, “burujabetza fiskal faltea” salatzeko.
ONETSI EZ DIRAN ARAUZ BESTEKO HIRU PROPOSAMEN
Osokoa, Arauz Besteko hiru Proposamenen eztabaideagaz eta bozketeagaz osatu da, baina bata be ez da onetsi. Lehenengoa, ikastetxeetan tributuen gaineko hezkuntzea eskintzeko programaren gainekoa izan da, Talde Popularrak aurkeztutakoa, baina Talde Mistoaren aldeko eretxia baino ez dau jaso. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta osoko zuzenketa-eskea aurkeztu deutsan Podemos Bizkaia kontra agertu dira, eta talde bereko ordezkariek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu daben jarrereagaz bat ez etortea aurpegiratu deutsie proposamena aurkeztu dauen taldeari. EH Bildu abstenidu egin da.
Gizarte arloko prestazinoei eta Aldundiko sektore publikoari buruzko ekimen bi be aurkeztu dira. Lehenengoan, Podemos taldeak eskaria egin deutso Aldundiari, egoera txarrenean dagozan personei informazinoa emoteko eta pertsona horreek sentsibilizetako kanpainea martxan jarri daian. Alde agertu dan talde bakarra EH Bildu izan da, gainerako taldeek ekimen hori Foru erakundearen eskumenetatik kanpo dagola esan dabelako. EH Bilduk, bere aldetik, Aldundiko sektore publikoa osatzen daben 21 erakundeen jardueraren gaineko informazino eta kontrol gehiago eskatzeko proposamena aurkeztu dau. Proposamenak Podemosen transakzinoa jaso dau, baina aurreko kasuan gertatu dan moduan, ez dau aldeko eretxi gehiago lortu eta, hori dala eta, ez da onetsi.