Aurreko Albisteak

Minority Safepack herri-ekimenen aldeko adierazpen instituzionala

Minority SafePack

Europako herritarren ekimena zuzeneko demokraziako tresna bat da, Europar Batasunak 2012an sortu zuena; horrela, Europar Batasuneko gutxienez zazpi Estatutako milioi bat herritarrek baino gehiagok babesten badu herritarren ekimen bat, Europako Batzordeak proposamen hori aztertzeko betebeharra du.

Minority SafePack herritarren ekimena gutxiengo nazionalen segurtasunaren aldeko lege-proiektuen multzo bat da, Europar Batasunaren garapen normatiboen multzo bat, gutxiengoen eskubideak eta hizkuntza-eskubideak sustatzea eta haien kulturak babestea ahalbidetzen duena. Bere xedea da gutxiengoentzako segurtasuna eta garapen normatiboa lortzea.

Herritarren ekimen honek Europako Batzordea animatzen du Europako Parlamentuak emandako agindua betetzera, hain zuzen ere, Europako Parlamentuak Alfonsi txostenaren alde 600 boto baino gehiago lortuta, europar gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak babestea onetsi zuenean. Txosten hartan, eta gehiengo zabal batez, azpimarratu egin zen europar legedi lotesle baten beharra dagoela Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean aitortutako eskubideak eta balioak gauzatzeko. Orain ideia hori azpimarratu beharra dago Europako herritarren ekimena baliatuz.

Europar Batasunaren leloa da In varietate concordia, batasuna aniztasunean. Minority SafePack ekimenaren helburua da Europar Batasuna animatzea bere leloa betetzera eta nazio- eta hizkuntza-gutxiengoetako herritarren babesa hobetzera eta, orobat, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna indartzera, Europar Batasunari ematen dion aberastasuna ukaezina izanik. Iraganean, Europar Batasunak sarriegitan egin die entzungor eskari horiei, eta gutxiengoen arazoen konponbidea estatu bakoitzaren eskuetan utzi du, edo beste nazioarteko erakunde batzuen eskuetan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak bat egiten du Minority SafePack ekimenarekin eta herritarrak bere sinadurarekin hura babestera animatzen ditu.

Herritarren ekimen honen haritik, Bizkaiko Batzar Nagusiak Europar Batasunari eskatzen dio bere gain har dezala ardura hori eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren benetako eragile bihurtu dadila Europa osoan.

Halaber, Bizkaiko Batzar Nagusiak eskatzen du Europar Batasuneko Estatuek ere errespeta ditzatela gutxiengoen eskubideen babesari buruzko Kopenhageko irizpideak.