Aurreko Albisteak

Iraunkortasuneko Diputatuak "Gaztelugatxeko San Joango jarduketarako eta kudeaketarako Plan Integrala" aurkeztu dau Batzar Nagusien aurrean

Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Batzordea

Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak “Gaztelugatxeko San Joango jarduketa eta kudeaketa Plan Integrala” aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordearen aurrean. 2017. urtearen bukaeran egiten hasi zan dokumentu horren helburua, Biotopoa barriro antolatzeko eta garatzeko tresna izatea da.

Talde bakotxari txostena emon eta gero, txostena “guztion artean eregiteko oinarrizko dokumentua” dala esan dau Aldundiko ordezkariak, “Bizkairako eta Gaztelugatxerako ahalik eta etorkizun hoberena definiduten ahalegintzeko eta horregaz konpromisoa erakusteko”, kokaleku natural hori lurraldeko turismoa bultzatzeko “elementu traktorea” dalako. Planak bost arlo landuko ditu: estrategia eta estaldurea; irisgarritasuna; komunikazinorako estrategia; biotopoaren kontserbazinoa; eta kokalekuaren kudeaketea. Gainera, ekintzarako 85 proposamen jasoten ditu, epe laburrean, ertainean eta luzean aurrera eroateko, eta horreen artean hainbat ekimen dagoz, aparkaleku kopurua handitzea, inguruneko leku garrantzitsuetan arretarako hiru puntu instaletea; baseleizara eroaten daben eskilarak konpontzea; edo Bermeotik eta Bakiotik urtetan daben autobusen flotea handitzea eta maiztasuna hobetzea. Diputatuak adierazo dauenez, ekimen horreetako batzuk zapatu honetan bertan jarriko dira martxan.

Batzarretako talde guztiek dokumentua zehatzago aztertzeko asmoa erakutsi dabe, aurrerago informazino gehiago eskatu ahal izateko. Gainera, Talde Mistoko ordezkariak azpimarratu gura izan dau guztiz beharrezkoa dala “lan guztiek inguruaren itxura naturala gordetea”, eta Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak aparkalekua handitu beharra nabarmendu dau. EH Bilduk, bere aldetik, gobernantza eredua azpimarratu dau, eta Gaztelugatxeren kudeaketaren gainean berba egin ahal izateko organua sortzeko aukeraren gainean galdetu dau”.

Foru Gobernua eusten daben taldeek modu positiboan balorau dabe Iraunkortasuneko Sailak egindako beharra. Euskal Sozialistak taldearen ordezkariak, “proposamenetarako zabalik” dagon proiektua izatea balorau dau bere esku-hartzean, eta Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, “jarraitu beharreko bidea marketan dauela” adierazo dau, baina, aldi berean, “ez dala Gaztelugatxeko biotopora mugatuta dagon diagnostikoa, Bizkaiko kostalde osora baino”.

ARDI-ULE USTIAPENAK ETA BISOI AMERIKARRAK

Horrez gain, Aldundiko ordezkariak Talde Mistoak egindako agerraldi eskariari erantzun deutso, gai bi lantzeko. Lehenengoa, abeltzaindegi txikiek ardi-ulea saltzeko daukiezan arazoen gainekoa. Iraunkortasuneko diputatuak adierazo dauenez, latxa ardiaren ardi-ulearen ezaugarrietako bat ule kopuru handia eta ule horren luzerea eta sendoerea da. Hori dala eta, “nahiko kutsagarria” dan garbiketa prozesua igaro behar dau. Gaur egun, Elena Unzuetak azaldu dauenez, hondakin moduan kudeatzen da “eta horrek gaiztasunak ekarten ditu, ingurumenaren aldetik kudeaketa gaitza daukan materia dalako, asko kostetan dalako desegitea”. Gaur egun, Foru Aldundia ardi-uleari urteerea emoteko hainbat ekimen ari da baloretan, hainbat alkartegaz lankidetzan egingo litzateken egitasmoa izango litzateke bat, edo keratinea ateratea, farmazian eta kosmetikoen industrian erabilteko, beste bat.

Oposizinoaren aldetik, Talde Mistoa eta Talde Popularra konforme agertu dira diputatu andreak emondako azalpenakaz. Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk, euren aldetik, lehen sektorea balioan jartearen beharra azpimarratu dabe. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Aldundiak arlo horretan egindako beharra abalau dabe, eta “alternatibak ari dirala bilatzen” gehitu dabe.

Bigarren gaia, bisoi amerikarrak tranpakaz harrapetako Bizkaian martxan dagon kanpainaren ingurukoa izan da. Foru Diputatuak azaldu dauenez, 2018ko maiatzean bukatuko dan eta udagoienean barriko hasiko dan kanpainak eten puntuala euki dau urtarrilean, behargin taldean egin dan doikuntzea dala eta. Gainera, esan dauenez, Aldundiak aurrera eroan dituan ekintzek “nabarmen” murriztu dabe bisoi amerikarraren presentzia. Zehaztu dauenez, aurton sei harrapau dira, Urdaibain bi eta Lean lau.