Aurreko Albisteak

Bakioko udalerriak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dau bertako udaletxearen inguruan

Rivabellosa, Olmeda de la Cuesta edo Bermeoren ostean, Bakioko udalerria aurton Gernikako Arbolaren kimu bat landatu daben herrien zerrendan sartu da. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea eta Amets Jauregizar Bakioko alkatea eta Udaleko kideak egon diran landaketa ekitaldia gaur eguerdian egin da Udaletxearen inguruetan, oroimenaren monolitoaren ondoan. Ekitaldia, egun honeetan Bakion egin diran Gerra Zibilaren eta oroimen historikoaren gaineko jardunaldien barruan dago.

Bere berbaldian, Batzar Nagusietako Presidenteak udalerria zoriondu gura izan dau “Gerra Zibileko eta Francoren diktadurako biktimen oroimena berreskuratzeko egin dauen esfortzuarengaitik”, eta hori, orain, kimu honen landaketeagaz osatu da “indarkeria bidebakoa nagusi izan dan hamarkadek eragin deuskuen gogaitaldiaren eta oraingo ilusinoaren sinbolo”. Gainera, kimuak, “Euskadin zabaldu dogun garai barri hau irudikatzea” gurako leukela gehitu dau, “eraldaketa politikorako arma bakarra berbea eta beharra izango dauen eta desbardintasunetan oinarrituta egongo dan alkarbizitzea”.

Bakioko alkateak, bere aldetik, udalerriak 2017an bere iragana, gaur eguna eta etorkizuna balioan jarteko martxan jarri ebazan hainbat ekimen azpimarratu ditu. Planari bukaerea emon jako gaur, kimuaren landaketeagaz, eta, alkateak adierazo dauen moduan, “askatasunagaz, alkartasunagaz edo oroimenagaz konpromisoa izaten” jarraitzera bultzatzen gaitu.

“Gernikako Arbolaren” soinua entzuten zan bitartean, ekitaldira hurbildu diran agintariak izan dira lehenengo palakadak emon dituenak eta ostean, ekitaldian egon diran hainbat herritarrek gauza bera egin dabe. Ohorezko aurreskuaren ostean, gaur landatu dan kimua Gernikako Arbola sinbolikoaren ondorengoa dala egiaztetan dauen ziurtagiria emon jako alkateari. Ekitaldia amaitu ostean, bertaratu diran guztiek lunchaz gozau ahal izan dabe Bakioko Kultur Etxean.