Unai Rementeriak "zuhurtzia eta zorroztasuna" iragarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren gastuan, diru-bilketak gora egin dauen arren
Unai Rementeria berak eskatuta eta Podemos Bizkaiaren eskariz etorri da Batzordera, urte honetako zezeilaren 13an egin zan Kontsejuan hartutako akordioak aztertzeko. Hiru foru aldundiek 2017ko ekitaldiko diru-bilketaren datu nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituan gastu komunetarako ekarpenak azaldu ostean, “dagon dirua ezin daitekela edozein modutan gastau, gasturako araua, legezko sabaia, daukagulako, eta ezin garalako galeretan sartu” azpimarratu dau Ahaldun Nagusiak.
Oposizinoaren aldetik, Talde Mistoaren ordezkaria, “dirua zuhurtziaz gastetearen” idearen alde agertu da, eta Talde Popularraren bozeroalea, oraindino egin barik dagon Ekarpenen Legearen aldaketan eta Bizkaiko Foru Aldundiak koefizienteen aurrean hartuko dauen jarreran zentrau da. Podemos Bizkaia taldearen bozeroaleak adierazo dauenez, 2017ko zerga soberakina “ez da errepikauko”, eta oso kritiko agertu da Soziedadeen Zergako tipo nominalen jatsierak eragingo dauen erreforma fiskalaren aurrean. EH Bilduren aldetik, ordezkariak, “ezinbesteko” lege baten, Ekarpenen legearen, justifikazinorik bako atzerapena azpimarratu dau eta, aldi berean, krisia gainditzen hasi garala erakusten daben datuak dagozan arren, “ez dala txaloka hasteko garaia” esan dau.
Batzarretako Euskal Sozialistak taldearen ordezkariak alde batetik azpimarratu dauenez, likidazino positiboak zerikusi handia dauka “hainbeste kritikau zan 2013ko erreforma fiskalagaz”, eta beste aldetik, “agerian geratu da guzurra dala diru-bilketaren hazkundea Kupoaren gaineko akordioaren ondorioa baino ez dala”. Euzko Abertzaleak taldearen bozeroaleak be azpimarratu dau, Kupoa kontuan hartu barik be, diru-bilketea %5,6 igon zala Bizkaian. Horrek “jarduera ekonomiko handiagoa” erakusten dau, “baina baita Foru Ogasunaren kudeaketa ona eta Batzar Nagusi honeek onetsitako zerga aldaketen abantailak be”.
BIZKAIAREN ERAKUNDE MAILAKO AURKEZPENA MADRILEN
Beste alde batetik, inbertitzaileen bila Madrilera egin dauen bidaiaren helburuak, hartuemonak, negoziazinoak eta emaitzak azaltzeko Podemos Bizkaia taldeak egin dauen agerraldi eskariari be erantzun deutso Unai Rementeriak. Aldundiko arduradun nagusiak adierazo dauenez, holango ekitaldiak “nire beharraren parte dira, erantzukizunarengaitik, eta aukerak baliatzeko eta Bizkaira jarduera ekonomikoa erakarteko helburua daukie”, eta, berehalako emaitzak ez dirala itxoin behar adierazo dauen arren, aitatu dau aurkezpen horretara joan ziran enpresetatik seik –guztira 60 joan ziran– hartu-emon zuzenak izan dituela daborduko Aldundiagaz, eta beste bilera batzuk ixtear be badagozala, ekintzaletzaren eta barrikuntzaren arloetan.
Ekimen horregaz kritikoen agertu diranak Talde Popularra eta EH Bildu izan dira. Lehenengoak, bere eretxiz bidaiak izan dauen eragin mediatiko txikia kritikau dau, eta Rementeriari “bere marka pertsonala saldu izana” aurpegiratu deutso. EH Bilduk, bere aldetik, holango ekitaldiek enpresentzat, pribilegio moduan, ekarten dituen kontrapartidak kritikau ditu, eta enpleguaren kalidadea hobetzeko ekimenak “diskurtso hutsa” dirala esan dau.
Madrilera egindako bidaiagaz erlazionauta, baina eguneko gai zerrendako beste puntu batean, EH Bilduko bozeroaleak eta Ahaldun Nagusiak eztabaidea izan dabe, denpora gitxi barru Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsiko daben fiskalidade barriaren iragarpena dala eta. Lehenengoaren eretxiz, iragarpen horrek oposizinoko taldeen aurreko “erabateko errespetu faltea” erakusten dau. Gai horren inguruan Rementeriak “ez dot uste holangorik egon danik”, adierazo dau “Batzarretan ez dogulako ezelango eraginik izan”, eta parkamena eskatu dau arautegia oraindino indarrean ez dagon arren iragarpena egiteagaitik, baina holango gaietan “ez dala minutu bakar bat galdu behar” zehaztu dau.
Ahaldun Nagusiaren azkenengo esku-hartzeak eztabaida gogorra eragin dau Talde Popularraren bozeroaleagaz, Aldundiak egiten dauen beharraren barri emoteko lurraldeko leku guztietara doan autobus interaktiboaren inguruan. Ordezkari popularrak ekimen horretan 280.000 euro gastau izana kritikau dau, bere eretxiz “promozino kanpaina estaldua eta subliminala” dala esanez. Unai Rementeriak adierazo dauenez, autobusak Batzar Nagusien aginduari erantzuten deutso, hilebete bi eta gitxian 7.000 persona baino gehiagok bisitau dabela, eta bisitari horreek 8,4ko notea emon deutsiela, 10etik. Aldi berean, bozeroale popularrari “nigaz obsesionauta egotea” eta bere personaren aurrean errespetu faltea erakustea aurpegiratu deutso.
IBONE BENGOETXEAREN AGERRALDIA
Gaur goizean egin dan Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andrearen agerraldia be jaso dau. Alde batetik, Bilboko udal armarriaren eta banderaren onespenaren gaineko azalpenak emon ditu. Puntu horrek talde guztien aho bateko onespena jaso dau, EH Bilduren abstentzinoa izan ezik, udal banderaren kasuan, 1919an izandako diseinu alternatiboaren aurrekari historikoa dala eta.
Bukatzeko, Bengoetxeak, joan dan zezeilaren 28an ELA eta LAB sindikatuek deitutako lan iztearen gainean erantzun deutso Podemos Bizkaia taldeari. Foru Diputatuak azaldu dauenez, krisiak funtzionarioengan eraginak izan dituan arren, “Bizkaiko Aldundia da bere egitekoak ondoen egin dituana”, eta 2014an 3.003 personak osatutako lan taldea izatetik gaur egungo 3.083kora pasau da, hau da, %1,7 gehiago.